Iparraldea, abiapuntu ilusionagarria
Iparraldea, abiapuntu ilusionagarria
Mendetako eskakizun historiko bati erantzuten dio sorrera honek
Joan den urtarrilaren lehenetik aurrera, entitate politiko berean ordezkatuta daude Iparraldeko hiru lurraldeetako 158 udalerriak; erakunde propio bat izango dute, eskumen garrantzitsuak izango dituena, besteak beste arlo ekonomikoan eta hizkuntza politikan. Ipar Euskal Herria, beraz, kontzeptu historiko-kultural hutsa izatetik estatus berri batekin aitortua izatera pasatuko da. Zalantzarik gabe, garrantzi handiko aldaketa dugu, Euskal Hirigune Elkargoaren presidente Jean René Etchegaray hautatzeko ekitaldian nabari ziren ilusioak eta itxaropenak erakutsi bezala. Iparraldea izango da, hain zuzen ere, Akitania Berria eskualdeko bigarren aglomeraziorik garrantzitsuena, 300.000 biztanlerekin eta 200 milioi euroko aurrekontuarekin.
Albiste bikaina izan da Euskal Elkargoaren sorrera. Lehen-lehenik, kontsentsu politiko nabarmenean oinarritu delako; izan ere, azpimarratzekoa da hautetsien % 73,4ren aldeko bozkaz izendatu dutela presidente Etchegaray eta, aurretik, Elkargoaren aldeko hautua ere udalerrien gehiengo oso zabal batek -% 70- egin zuela. Mendetako eskakizun historiko bati erantzuten dio sorrera honek. Etchegarayk berak sorrerako hitzaldian gogorarazi bezala, Garat anaiek Iraultza Frantsesaren garaian planteatua zuten euskal departamendu bat sortzea, Euskal Herriaren “eskubide historikoak” (sic) aitortzeko.
Elkargoa eratzeko prozesuan balio erantsi handia izan du partaidetzak; izan ere, administrazioen ordezkariez gainera, gizartearen, kulturaren, ekonomiaren eta hezkuntzaren alorretako eragileek eta hainbat pertsona kualifikatuk bultzatu dute prozesua, kapital soziala eta sentsibilitate politiko anitz bilduz. Alde horretatik, goraipatzekoa da Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak bere sorreratik beretik, 1995az geroztik, bete duen eginkizuna. Bidean sortutako era guztietako trabak gainditu behar izan dira tarte honetan: errekurtso judizialak, mesfidantzak, eztabaida sutsuak... eta Estatu frantsesaren betiereko itxitasuna; esaterako 2012an agertu zuena, Lurralde Kolektibitate espezifikoa sortzea gaitzetsi eta Iparraldearen berezitasunari uko egin zionean.
Estatuaren erabaki haren aurrean etsi ordez, lanean jarraitu zuten eta, Parisek abian jarritako erreforma administratiboa baliatuz, Hirigune Elkargoa sortzeko urratsak egin dituzte. Bistan da Elkargoak ez dituela nahi eta helburu guztiak asetzen, baina mugarri argi bat da lurraldetasunaren eta errekonozimendu politikoaren ikuspegitik begiratuta. Gipuzkoaren ikuspegitik, pragmatismoz beterik urratutako ibilbide honek aukera berriak irekiko dizkigu Iparraldearen eta gure lurraldearen artean azken urteotan egin dugun elkarlanean sakontzeko. Izan ere, gertutasunez eta eskumenez mugaz gaindiko lankidetzarako izan dugun esparru naturala Ipar Euskal Herri osora zabaltzeko abagunea izango dugu.
Iparraldeak erabakiak hartzeko eta kudeatzeko baliabide propioak eta solaskidetza bateratua izateak aukera berriak emango dizkigu Pirinioen bi aldeetan ditugun erronka eta beharrei elkarrekin erantzuteko; besteak beste, politika sozialak ziurtatzeko, biztanleriaren zahartzea kudeatzeko, enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko, eredu turistikoa birpentsatzeko, ikerketa sustatzeko, euskararen erabilera gazteen artean areagotzeko edota administrazioa modernizatzeko eta desburokratizatzeko. Etorkizunari itxaropenez begira jartzen gaituzte Iparraldeko ordezkari berriek gobernantza onarekin, gure kultura eta hizkuntzarekin edo baketzearekin adierazi dituzten konpromisoek.
Badira, baita ere, gure buruari ezinbestez egin beharreko hainbat galdera. Esate baterako, mugaz gaindiko elkarlanean gaur egun ari diren bi organoetan –Euskal Eurohirian eta Pirinio Atlantikoko Kontseilu Orokorrean- zer eraldaketa ekarriko dituen Elkargo berriak. Eurohiriaren kasuan, esaterako, gaurko sei kideetatik bi -bat sortzailea (ACBA) eta betea arrunta (ASPB)- desagertu egiten dira, eta aztertu beharko da nola kokatu Gipuzkoak gaur dituen kideak (Donostiako Udala, Oarsoaldea eta Bidasoa-Txingudi Kontsortzioa). Eta Kontseilu Orokorrari dagokionez, eskumenen banaketa berriaren arabera aztertu beharko dira sinatu berria dugun III. hitzarmenean itundutako gai batzuk.
Beraz, trantsizio une batean gaude eta Elkargoko arduradunei adierazi diegu gure aldetik prest gaudela barne gogoetarako foro bat sortzeko. Lankidetzarako bide berriak aztertzeko eta bitarteko berriak sortzeko aukera emango liguke halako foroak, Europako esparruan dugun errealitate berri honetara ahal den ondoen egokitzeko, ahots propioarekin jokatuz eta baliabide gehiagotarako aukerak aprobetxatuz. Garrantzitsua zera da: elkarrekin lan egiten segitzeko borondatea dugula, eskuartean ditugun proiektu zehatzei -30etik gora dira- jarraipena emateko eta, azken batean, herritarren bizi kalitatea hobetzeko.
Bitarte honetan, adi-adi eta itxaropenez beterik jarraituko dugu Iparraldearen ibilaldi berria. Erakundeari edukia eta egitasmo politikoa emateko ardura izango dute ordezkariek, Akitania eta Parisen aurrean Elkargoak dagokion pisua izan dezan eta, era progresiboan, eskumen berriak bereganatzearren. Era berean, Etchegarayk konplizitateak ehuntzen segitu beharko du, kostaldearen eta barrualdearen artean, herrien eta hirien artean, joera politiko desberdinen artean; orain arte bikain asko aritu den bezalaxe. Eta, nola ez, Euskadi eta Nafarroarekiko elkarlanean sakontzeko orain arte izan ez bezalako aukera edukita, berezkoak ditugun loturak estutzeko, herrialde akordioetarako oinarriak jartzeko eta herri gisa aurrera egin ahal izateko.
2216