Iparraldeko errealitate instituzional berriak dakarren potentziala sendotzeko, Foroa sortuko du Euskal Eurohiriak
Iparraldeko errealitate instituzional berriak dakarren potentziala sendotzeko, Foroa sortuko du Euskal Eurohiriak
Iparraldeko errealitate instituzional berriak dakarren potentziala sendotzeko, Foroa sortuko du Euskal Eurohiriak
“Denbora berri bati hasiera ematen diogu, erantzun beharreko galderekin, baina baita aukera berriekin ere”, ziurtatu du Imanol Lasak
Euskal Eurohiria garatzeko Mugaz Gaindiko Agentziak Batzar Orokorra egin du gaur Foru Aldundian, Markel Olano diputatu nagusia buru izan duela. Bertan parte hartu dute ere Mugaz Gaindiko Agentziako bi buru nagusiak, Imanol Lasa –Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua- eta Claude Olive -Aglomeración Côte Basque Adour (ACBA) erakundeko presidentea-, Bidasoa-Txingudi Partzuergoko, Sud-Pays Basque (ASPB) aglomerazioko, Donostiako Udaleko, eta Oarsoaldea Garapen Agentziako hainbat ordezkarirekin batera.
Bi ardatz nagusi eduki ditu gaurko Batzarrak. Alde batetik, proiektuen mailan, Euskal Eurohiriaren 2015-2020 Plan Estrategiko Operazionala aurkeztu eta ontzat jo da. Sistemetan integratutako 27 ekimen aurreikusten ditu guztira, eta horietatik zazpiri lehentasun berezia ematen zaie. Guzti horiek, lau jarduera transbertsal dauzkate oinarri, planteatzen diren jarduerak osatzen dituztenak, operatibitate eta berehalakotasun ikuspegi batetik. Hori horrela, 31 proiektu garatuko dira guztira.
Lehentasuna jaso duten zazpi ekimenak hauexek dira: Kulturaren Mahaia, jarduerak koordinatu eta agendak partekatzeko; helburu ekonomikoko politika zehaztea, eleaniztasunaren inguruan; garraio txartel bakarra; turismoaren sustapena; mugaz gaindiko berrikuntza ekosistema; Ocean Experience – surfa eta beste itsas praktikak-; eta ingurugiro batzorde teknikoa. Oinarrizko jardura transbertsal gisa, berriz, hauek zehaztu dira: Eurohiriaren App eta web orria, seinaleztapena, koordinazio mahaiak, eta Talaia bidea eta horri lotutako jarduerak.
Imanol Lasak azaldutakoaren arabera, proiektu guzti horiek, Eurohiria “europar metropoli” bihurtzeko ikuspegi estrategia bultzatzen dute, lurralde erronka partekatuei erantzuna emanez. “Zehaztasun maila handi batera iritsi gara, herritarren bizi kalitateari eta garapenari ekarpen positiboa egingo dioten proiektuekin, mugaren bi aldeetan”, adierazi du. Halaber, azpimarratu duenez, proiektu horiek beharrezko ezaugarriak dauzkate Europak eskualdeen garapenerako dauzkan programa desberdinetara aurkezteko, “POCTEFA programara bereziki”, finantziazioa lortuz.
Iparralden 2017an sortuko den egitura administratibo berria izan da mahai gainean egon den beste gai inportanteena. Lurraldean indarrean dauden Agglomération-ak, 10 guztira, ordezkatuko ditu, tartean Eurohiriaren kide diren biak, ACBA eta ASPB. Agglomération Pays Basque izeneko entitatea sortuko da, 300.000 biztanle edukiko dituena, eta bere gain eskumen garrantzitsuak hartuko dituena. Mugaz gaindiko lankidetzari zuzenean eragingo dio errealitate instituzional berriak, aldaketak ekarriko baititu Eurohiriaren mugaren beste aldeko kideen antolaketan, finantzaketan, eta eskuduntza banaketan.
Hori horrela, gaurko Batzarran, Aldundiak proposatu du Foro bat martxan jartzea, mugaz gaindiko lankidetzan ekarriko dituen ondorioak aztertzeko, eta Euskal Eurohiriaren lehiakortasunean aurrerapausoak emateko estrategia berria finkatzeko. Batzarrak ontzat jo du proposamena. Erakunde administratiboetako ordezkariez gain, eztabaidagunean parte hartuko dute Gipuzkoako hainbat eragilek, hala nola merkataritza ganberek, hezkuntza eragileek, eta elkarte eta enpresa sareko ordezkariek.
Lasak nabarmendu duenez, Foro honen ardura izango da Iparraldeko Mankomunitatearen sorrerara egokitzeko, hausnarketa eta egokitze prozesu partekatua burutzea, eta elkarlanerako aukera berriak aztertzea. “Ez dugu mugatu nahi Eurohiriaren eta mugaz gaindiko lankidetzaren kudeaketara. Denbora berri bati ematen diogu hasiera orain, erantzun beharreko galderekin, baina baita Gipuzkoako eragileentzako aukera berriekin ere. Horretarako, gobernantza eredu berri baten aldeko apustua egin behar dugu honetan ere, Europar testuinguruan errealitate honen potentzialtasunari etekina ateratzeko, tresna berriak sortuz. Europan paper garrantzitsua jokatu nahi dugu”.
1622