Itsaso Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeari uko egin izanaren inguruan epaia emango du Auzitegi Gorenak
Itsaso Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeari uko egin izanaren inguruan epaia emango du Auzitegi Gorenak
Itsaso Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeari uko egin izanaren inguruan epaia emango du Auzitegi Gorenak
Pozik agertu da Imanol Lasa foru bozeramailea, auzitegiak onartu egin baitu Foru Aldundiak aurkeztutako kasazio errekurtsoa
Auzitegi Gorenak onartu egin du Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra Gipuzkoako Foru Aldundiak prestatu duen kasazio errekurtsoa. Epai haren bidez ezetsi egin zen, Itsaso Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeko ukapenaren aurka, foru erakundeak bere garaian aurkeztu zuen administrazioarekiko auzi errekurtsoa. Gaiaren epaitzea 4. Atalari dagokio, eta Aldundiak atal horren aurrean aurkez dezake errekurtsoa. Halaber, 30 eguneko epea izango du errekurtsoa garatzeko eta edukia eta argudio nagusiak aurkezteko.
Auzitegiak zehazten du badagoela jurisprudentzia eratzeko «kasazio interes objektiboa». Hain zuzen ere, puntu honetan: jakin behar da «Toki Erakundeen Erregistroak izaera instrumentala duen soilik, konstantzia hutseko edo tokiko erakundeen alorrean eskuduntza duten administrazio autonomikoek hartutako erabaki edo ebazpenak jasotzeko funtzioak dituena bakarrik -Aldundiak adierazten duen bezala-, edo haren funtzioak eskatutako inskripzioen legezkotasun kontrolera zabaltzen diren, inskripzio horiek ukatzeko aukera izanik inskripziorako behar diren aurrebaldintzetako bat falta baldin bada».
«Irakurketa positiboa egiten dugu auto honen inguruan, esan nahi baitu bere garaian aurkeztu genuen errekurtsoa ondo oinarrituta zegoela, eta Auzitegi Gorenak egokitzat jotzen duela gai honi buruzko iritzia ematea. Prozesu izapide garrantzitsu bat gainditu da», adierazi du Imanol Lasa foru bozeramaileak, eta egiaztatu du Itsasoren eraketa, 27/2016 Foru Dekretuaz gauzatutakoa, “ezin hobeto” egin zela “lege, administrazio eta partaidetzaren” aldetik. “Zorrotz errespetatu zen legea, berme administratibo eta ekonomiko guztiak beteta, eta partaidetza prozesu bat egin zen, protagonistak Ezkio eta Itsasoko auzotarrak izan zituena, haien ekarpen guztiak kontuan hartuz», argudiatu du.
Lasak esan du Aldundiak «ziurtasun eta irmotasun osoz» jarraituko duela defendatzen Diputatuen Kontseiluaren erabakia. «Benetan penagarria da Madriletik judizializatzea horrelako gai bat, sen ona eta errespetu instituzionala alde batera utzita, bere garaian salatu genuen bezala. Gure jarduketa eta Aldundiaren eskumenak defendatzen jarraituko dugu, udal mailako mugaketak arautzen dituena barne; izan ere, orain inoiz baino beharrezkoagoa baita defentsa hori, Espainian alderdi politiko ugari daudelako berzentralizazioaren alde egiten dutenak, eta hainbeste lan egin eta gero lortu genuen autogobernua suntsitzeko nahia azaltzen dutenak”, deitoratu du.
Foru bozeramaileak adierazitakoaren arabera, Aldundiarentzat «Itsaso Gipuzkoako 89. udalerria izaten jarraitzen du» eta, beraz, foru erakundearen «babes legala eta administratiboa» izaten jarraituko du. “Halaber, babes berezia eskainiko diegu alkateari eta auzotarrei udal eta udalerri gisa finkatzeko egiten ari diren urrats eta izapide guztietan laguntzeko, eta biztanleen zerbitzuak eta bizitza kalitatea bermatzeko”.
1340