Breadcrumb

Asset Publisher

Back Itxasok aurreratu du Gipuzkoako museo politikak bultzada berria behar duela

Itxasok aurreratu du Gipuzkoako museo politikak bultzada berria behar duela

Museoen Europako Foroaren topaketak etorkizunaz hausnartzeko balioko du

2016/03/31
  • Topic-en izango da aurten Europako Museorik Onenaren Sari banaketarako bilkuraren egoitza

Denis Itxaso kultura diputatuak, Joxean Muñoz kultura sailburuordeak, Olatz Peon Tolosako alkateak eta Topic-eko zuzendari Idoia Oteguik Museoen Europako Foroaren Topaketa aurkeztu dute. Topaketa urtero antolatzen da Europako Kontseiluarekin lankidetzan, eta aurten Tolosako Topic museoa aukeratu dute urteko Europako Museorik Onenaren Saria (EMYA 2016. European Museum of the Year Award) banatzeko.

Topaketa apirilaren 7tik 9ra izango da. EMF European Museum Forumek antolatzen duen sariketan Europako mota guztietako museoek har dezakete parte, baldin eta museo berria badira edo eraldaketa nabarmena izan badute. Sariketan museoen kalitatea balioesten da, besteak beste, arkitektura, diseinua, bisitariekiko harremana, eta ikuspegi sozial eta pedagogikoa kontuan hartuta. (http://www.europeanmuseumforum.info/).

Sariketa honen helburua bikaintasuna aitortzea da, bai eta prozesu berritzaileak sustatzea ere. Zuzenean bisitariak erakarri eta haien beharrei erantzuteko gaitasunik handiena duen museoa saritzen da, imajinazio handiko aurkezpena eta ikuspuntu hezitzaile eta sozial sortzailea izatea ere aintzat hartuta.

Euskal museo batzuek jaso izan dute orain baino lehen saria: TOPIC museoak Siletto saria eskuratu zuen 2012an, San Telmo museoak ohorezko aipamena 2013an eta Guggenheimek, berriz, Urteko Museo Onenaren Saria 2000 urtean.

Topaketan izango dira nazioarteko ICON (International Museum Council) erakundeko presidentea, Europako Kontseiluko kideak eta Europa osoko 97 museoetako ordezkariak eta bertan aukera izango da museoen inguruko azken joerak ezagutzeko eta horien etorkizuneko erronkez hausnartzeko.

Aurkezpenean Denis Itxasok azpimarratu duenez, izen handiko topaketa hau Tolosan egitea aukera handia da Gipuzkoarentzat. “Gure lurraldean dugun museo aniztasuna –gaiari, titulartasunari, dimentsioari zein kudeatzeko moduari begira– gure museoetako askotariko baliabide aberatsaren adierazgarri da”, esan du. “Hala ere –gehitu du– beste bultzada bat eman behar zaio museoen politikari Gordailua ondarearen zabalkuntzarako eta sustapenerako benetako zentro bilakatuta, eta Aldundiak ez du zoritxarrez orain arte halakorik lortu. Legegintzaldi honek Gordailuaren sustapen eta ustiapen kulturalarena izan behar du, Gipuzkoako museo sareko erakusketei ekarpena egiteko helburuz”.

Gaur egun Gipuzkoak 68 zentro ditu, inoiz administrazioek udalekin eta beste erakunde batzuekin museoen eraikuntza finantzatzeko egindako apustuari esker; balioa erantsi zieten herriei eta eskualdeei, eta sendotzen joan den sare bat osatzen dute orain, Gipuzkoako iraganaren “ikuspegi oso eta poliedriko bat” ematen laguntzen duena.

Hain zuzen, ikuspegi hori kontuan hartuta osatu du Aldundiak Museoak Antolatzeko Plana. Itxasok adierazi duenez, plan horrekin kudeaketa hobetu eta ondarea gizarteratu nahi da, besteak beste. Departamentuak uste du ondarea babesteko estrategikoa dela Gordailua baliabide zentroaren jardunari berrekitea. “Ideia da Gordailua sareari zerbitzua emango dion ardatza izatea, eta sare horren bidez herritarrengana iristea; eta, gainera, haren pieza guztiek –publikoek zein pribatuek–, zabalkuntza proiektuen parte hartzea”. Gaur gaurkoz Gordailuak Aldundiarenak eta San Telmo Museoarenak diren 70.000 piezatik gora ditu, Aldundiak kudeatzen dituen 600.000 pieza arkeologiko eta paleontologiko, eta baita Aldundiak kudeatzen dituen bilduma pribatu asko ere. 

Itxasoren ustez, Museoak Antolatzeko Planaren beste helburu bat da San Telmok museoen museo gisa duen funtzioa indartzea eta ikusgarri egitea, Gipuzkoako museo guztien elkargune izan dadin. Haren orotariko ikuspegiak beste museoetan du oinarri eta horiek osatzen dute,  bestelako diskurtsoekin bere ikuspegi orokor hori garatuz eta aberastuz. Prozesu bizi horren horren harira egin izan da museoen arteko hartu-emana ikusgarri egiteko hainbat jarduera.

 “Gipuzkoako museoak egoera onean daude, baina, hala ere, Tolosan izango den topaketak bide eman diezaguke hainbat gairen inguruan hausnartzeko: etorkizunerako erronkak, gaur egungo gizartean museoek duten betekizuna, herritarren parte hartzea, jasangarritasuna, teknologia berrien eta adierazpide klasikoagoen arteko dilema, sare sozialak, ezagutza sortzeko leku gisa duten funtzioa, ikerketa, kultura ondarearen eta museoen arteko hartu-emana, turismoa eta abar”.

Itxasoren iritziz, “museoek kulturari aukera emateko gune izan behar dute, kultura eta arte diziplina desberdinetako hizkuntzen elkargune, gero eta publiko zabalago baten zerbitzura egoteko”.

  

1436