Jatorri atzerritarra duten euskara ikasleak omendu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak
Jatorri atzerritarra duten euskara ikasleak omendu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak
Euskararen Nazioarteko Egunean, “gizartea kohesionatzeko eta herritarrak elkarrengana gerturatzeko” garaian euskal hizkuntzak daukan “indarra eta ahamena” nabarmendu du Markel Olano diputatu nagusiak .
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, “gizartea kohesionatzeko eta jatorri anitzeko herritarrak elkarrengana gerturatzeko” euskarak duen “indarra eta ahalmena” nabarmendu ditu gaur, jatorri atzerritarra duten euskara ikasle talde bati Foru Aldundian eskainitako harrera ofizialean. Euskararen Nazioarteko Eguna dela egindako ekitaldi honetan, ordezkatzen duen erakundearen izenean, “esker ona eta errekonozimendua” adierazi die Olanok, euskal hizkuntzara eta kulturara gerturatzeko egiten ari diren “ahalegina” jendaurrean aitortuz.
Diputatu nagusiak azaldu duenez, gaur egun gure lurraldean 130 hizkuntza hitz egiten dira, euskaraz eta gaztelaniaz gain; horietatik hamarren kasuan, gainera, 1.000 hiztun baino gehiago dituzte gurean. “Zabaltasun horrek gure gizartea aberastu egiten du, munduaren beraren aniztasuna hemen, Gipuzkoan eta bertatik bertara, islatzen du. Gaurkoan, batetik, gipuzkoar berriek gure gizarteari egiten dioten ekarpen hori aintzat hartzen dugu. Eta, bestetik, euskaraz ikastera animatu nahi ditugu, euskara ingurukoengana gerturatzeko bidea delako, gure herrian bizitzeko eta lan egiteko tresna positiboa delako”, azpimarratu du.
Atzerrian jatorria duten zortzi ikaslerekin elkartu da gaur goizean diputatu nagusia, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal berekin zuela, haien motibazio, kezka eta ikaste prozesuak gertutik ezagutu asmoz. Ondoren, harrera ofiziala eskaini die foru jauregiaren ohorezko sarreran. Bertaratu diren taldekideetatik sei ertamerikarrak eta hegoamerikarrak –Kolonbia, Mexiko, Uruguay, Honduras– dira jatorriz; beste biak, berriz, Estatu Batuetatik eta Portugaletik iritsi dira Euskal Herrira.
“Gizarte kohesioa da gure gizartearen balio nagusietako bat eta etorkizunean hala izaten jarraitzea nahi dugu. Horretarako, euskarak funtsezko egitekoa du, euskara zubi bat da Gipuzkoako auzo eta herrietako bizitzetan txertatzeko, gipuzkoarren arteko loturak indartzeko, herritarron jatorria edozein dela ere”, gogoeta egin du Olanok. Hain zuzen ere, gipuzkoar berriak euskal kulturara eta euskarara hurbiltzeko hainbat egitasmo martxan daude gure lurraldean, eta horiek denek “elkarbizitzari eta euskararen erabilerari” ematen dioten “bultzada esanguratsua” aipatu du diputatu nagusiak. Esate baterako, horietako batzuk dira, euskaltegiak, Euskaltzaleen Topagunearen Auzoko proiektua edota uler-saioak metodologia.
Auzoko proiektuaren helburu nagusia bizikidetzarako gune eta uneak sortzea da. Euskara erdigunean jarrita gure herrietako hizkuntza eta kultura aniztasuna saretzen ditu. Hori lantzeko, euskaratik gertu bizi diren herritarrak euskaratik urrun bizi direnei euskara eta euskal kulturara egiten die harrera eta alderantziz, euskaratik urrun bizi diren herritarrek beraien kultura eta hizkuntza aberastasunera egiten die ongi etorria. Gipuzkoan saretuta dago Auzoko egitasmoa eta, besteak beste, Aretxabaletan, Arrasaten, Ibarran edota Donostian dituzte taldeak. Euskaltzaleen Topaguneak koordinatzen du egitasmoa, baina tokian toki herri bakoitzeko euskara elkarteak dira proiektuaren arduradunak: Donostian, adibidez, Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkartea da Auzoko egitasmoaren gidari.
Euskarara hurbiltzeko beste modu bat uler-saioak metodologiak planteatzen duena da. Metodologia horren helburua edozein norbanakok ahalik eta eperik laburrenean euskara ulertzeko gutxieneko gaitasuna eskuratzea da eta, horretarako, 60 orduko prozesu bat da proposatzen du. Metodologia hori dagoeneko Gipuzkoako hainbat herritan aplikatzen ari dira, Trintxerpen proiektu pilotu modura garatu ondoren.
Euskararen Nazioarteko Eguna
Bestalde, Euskararen Nazioarteko Eguna dela probestuz, euskara espazio eta esparru berrietara zabaltzen jarraitzearen garrantzia aldarrikatu du diputatu nagusiak eta, modu berezian, lan munduan euskarak “aurrera pauso sendo bat” emateko unea dela aipatu du. “Berreskuratzen ari garen eta asmatuko ditugun harreman eta erabilera eremu berrietarako euskara, bidelagun, ez ezik, lanabes eraginkor izatea nahi dugu”, adierazi du.
Euskararen biziberritze prozesuan “aurrerapauso sendoagoak” ematearen alde mintzatu da diputatu nagusia, “jarraikortasunez, etengabeko berrikuntzaren bidetik eta guztion konpromisotik”. Gainera, hizkuntzaren erabilera “formalekin” batera, “eremu ez formaletako” lantzearen beharraz ohartarazi du. “Euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera, eguneroko harremanetan eremu formaletik lan mundu, aisialdi, kultur edo kirol eremuetara igarotzean, hori bera baita, hain zuzen ere, euskaraz bizitzearen esanahietako bat. Ezin dizkiogulako euskarari ukatu eremu horiek”, azpimarratu du. Aldi berean, bere konpromisoa azaldu du, eremu informaletan ere euskararen presentzia sustatu asmoz, “bitartekoak jartzeko eta eredugarritasuna erakusteko”.
“Euskararen bizi-indarra dugu jokoan, eremu formalez gainera, eremu ez formal horiek euskararentzat irabaztearen erronkan. Izan ere, alor horretan euskararen erabilerak jauzi bat egiteak errotik eta norabide zeharo positiboan aldatuko luke hiztun asko eta askorengan, oso bereziki gazteengan, euskararekiko bizipena”, gehitu du.
2501