Breadcrumb

Asset Publisher

Back José Ignacio Iruretagoiena ETAren biktimari omenaldia

José Ignacio Iruretagoiena ETAren biktimari omenaldia

PPko zinegotziari gaur Zarauzko Udalak egindako aitortza goraipatu du Imanol Lasa foru bozeramaileak

José Ignacio Iruretagoiena ETAren biktimari egindako omenaldia

Zarauzko Udalak José Ignacio Iruretagoienari egindako omenaldian parte hartu du Gipuzkoako Foru Aldundia. Gaur bete dira 20 urte ETAk PPkp zinegotzia hil zuela. Ekitaldian zehar, plaka bat jarri dute udaletxean haren oroimenean, eta adierazpen instituzionala irakurri du alkateak, Zarauzko udalbatzarrean ordezkapena duten alderdi politiko guztien babesa eduki duena. Imanol Lasa bozeramaileak eta Maribel Vaquero Elkarbizitza eta Giza Eskubideetako zuzendariak ordezkatu dute foru erakundea. Biek ala biek goraipatu egin dute gaur egindako aitortza memoriaren eta elkarbizitzaren ikuspegitik duen balioa, eta babesa adierazi diete PPko zinegotzi izandakoaren senitartekoei.

“Iruretagoiena gure herriaren memoriaren parte da, eta izango da. Ez da batzuen edo besteen memoriaren parte, denona baizik. Bere erahilketa ez zuen inoiz gertatu behar, bidegabeea izan zen, eta ez zuen, ez du eta ez du izango inolako justifikaziorik”, adierazi du Lasak. Azpimarratu egin du Zarauzko alderdi politikoek adierazpena adosteko egindako lana, eta baita horren edukia ere. “Izan ere, argi eta garbi, sendotasunez, eta itzulingururik gabe arbUiatzen du atentatu hura eta beste guztiak, eta egindako minaren aitortza zintzoan sakontzen du. Oinarrizkoa da hori Gipuzkoan elkarbizitza sendotzeko”.

“Memoria demokratikoa, kritikoa, inklusiboa eta ez justifikatzailea defendatzen dugu, non biktima orok merezi duten egia, justizia eta erreparazioa. Printzipio horiek izan dira Foru Aldundiaren gidalerro nagusiak arlo honetan, baita Bizikidetza Lantzen, lurraldeko udalekin partekatzen dugun programarenak ere”, erantsi du. Aipatutako egitasmoari esker, 290.000 euroko aurrekontuarekin, 2017. Urtean zehar 24 udaletara eta 470.000 biztanlerengana iritsi zen Aldundia, elkarbizitzari lotutako dinamikak aktibatuz, eta babesa eskainiz kolore politiko ezberdinen artean elkarrizketa eta akordioa sustatzeko; bizikidetza pluraleko foro eta esperientziak bultzatzeko; giza eskubideen esparruan heziketa xede duten ekimenak sustatzeko; udaletxetatik biktimei eskaintzen zaion laguntza indartzeko; edota memoria politikak garatzeko udal esparruan.

Foru bozeramailearen esanetan, lan hori ahalbidetzen ari da “adostasun politikoak finkatzea, gure herrian izan den motibazio politikoko indarkeriak urte luzeetan eragindako sufrimendu bidegabearen zauriak ixteko, iraganaren irakurketa kritikoa eginez. Izan ere, etorkizuna eraikitzeko, behar-beharrezkoa da egunero giza eskubideen errespetua oinarri duen kultura demokratikoa sustatzea. Asko dugu egiteko oraindik, zubi asko berreraikitzeko, baina gaurkoa bezalako ekitaldiak aurrerapauso handiak dira norabide onean. Aldundiak lehentasunezko arloa izaten jarraituko du hau, umiltasunez, baina lidergorako bokazioarekin”.

  

1819