Breadcrumb

Asset Publisher

Back Joxe Mari Kortaren memoriari eutsi eta haren balio etikoak transmitituko ditu beka programa berri bate

Joxe Mari Kortaren memoriari eutsi eta haren balio etikoak transmitituko ditu beka programa berri bate

· Foru Aldundiak eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak elkarlanean abiarazi dute egitasmo hau; Lanbide Heziketako bi ikasle gazteri babesa emango diote urtero, Industria Teknologietako ikasketetan sakondu dezaten · Kortaren hilketaren 25. urteurrenaren atarian, haren balioen gaurkotasunean jarri dute azpimarra: “zintzotasuna, enpresarekiko dedikazioa, lurraldearekiko konpromisoa, berrikuntzaren, etengabeko hobekuntzaren eta belaunaldi berrien sustapenaren aldeko apustua, prestakuntza teknikoaren bidez”

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak beka programa berri bat abiarazi dute elkarlanean, zumaiar enpresa gizonaren memoria mantendu eta haren balio etikoen transmisioan eragiteko. Hala, Lanbide Heziketako bi ikasle gazteri babesa emango diote urtero beka batzuen bidez, Industria Teknologietako ikasketetan sakondu dezaten, gisa horretan jarraipena izan dezaten Kortak bere bizitza eta lan ibilbidean defendatu zituen ideiek, hala nola “zintzotasuna, enpresarekiko dedikazioa, lurraldearekiko konpromisoa, berrikuntzaren, etengabeko hobekuntzaren eta belaunaldi berrien sustapenaren aldeko apustua, prestakuntza teknikoaren bidez”, hala nola.

Balio horietan azpimarra jarri dute gaur, beka programaren aurkezteko emandako prentsaurrekoan, Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta Andoitz Korta nahiz Jesus Mari Mujikak, Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioko idazkariak eta bozeramaileak, hurrenez hurren. Lanbide Heziketari garrantzia handia ematen zion zumaiar enpresariak eta, horregatik, eremu honetan eragin nahi izan dute bi erakundeok lankidetzan abiarazi dituzten bekak sortzeko garaian, belaunaldi berriei aukerak eskaini eta, gisa horretan, Kortaren balio etikoek gure gizartean jarraipena izan dezaten.

Hain zuzen ere, datorren urtean 25 urte beteko dira ETAk Joxe Mari Korta hil zuenetik. Eider Mendoza haren “memoria” bizirik mantentzearen beharraz mintzatu da. “Bere lan eta bizitza ibilbidean defendatu zituen ideiek eta balioek gaurkotasun handia dute eta, herri bezala, lurralde arduratsu bezala, oinarri sendoa eskaintzen digute etorkizunera begira ere. Herriarekiko maitasuna, enpresarekin konpromisoa, ekintzailetasuna, pertsona guztien duintasuna, gazteei aukerak ematea, elkartasuna… haren eredua erreferentzia da alor askotan eta hala transmititu nahi dugu, lankidetzan abiarazten ditugun beka hauen bitartez”, gogoeta egin du.

Diputatu nagusiak nabarmendu du, baita ere, Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak ahalegin horretan egin duen eta egiten duen ekarpena, “memoriaren, elkarbizitza baketsuaren, balio humanisten eta demokratikoen” gizarteratzean. Gaineratu duenez, Gipuzkoaren egungo ongizate maila ezin da ulertu Joxe Mari Korta bezalako pertsonek “erabateko konpromisoz eta eskuzabaltasunez egindako ekarpenik gabe” eta haren lanari jarraipena ematea da “memoriaren alde” egin daitekeen gauza nagusietako bat. Hain zuzen ere, bere esanetan, helburu horretan “mugarri” izan nahi du beka programa honek eta horretarako elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Bekaren aurkezpenean, Korta sendiaren izenean, esker ona adierazi du fundazioko idazkariak, “2000. urteaz geroztikako urte luze hauetan, biktima soil izatetik, bakearen eta ongizatearen alde ahalegintzen den euskal gizarteko partaide izateko bidea irekitzen lagundu” duten erakunde, elkarte, fundaziokide eta herritar denei. “Hori laguntza handia izan da eta aitortzen dugu. Horregatik, eskerrak denoi”, laburbildu du Andoitz Kortak.

“Joxemarik teknikoki eta etikoki jantzitako gazteak nahi zituen lantokietan, bizikidetzan, lankidetzan eta berrikuntzan asmatuko zutenak, humanismo solidario eta konprometituan heziak. Baina gaztea, ondo egindako lanaz harro dadin, heziketan egin behar da lan. Joxemarik bazekien hori eta Lanbide Heziketa zuen beti bere begi bistan. Bere kezka nagusi”, gogoratu du Jesus Mari Mujikak. Hori dela eta, gaineratu duenez, Aldundiako nahiz Lanbide Heziketako hainbat ordezkariren ekarpenak jaso ondoren, fundazioak erabaki du beka hauetara bideratzea bere funtsak. Oraingoz hitzarmenak urte beteko epea du, froga gisa, baina hurrengo urtetan ere bekari eusteko asmoa aurreratu du Mujikak, “parte hartzen duten bi erakundeen borondatea halaxe delako”.

Eskaerak egiteko epea zabalik

Joxe Mari Korta Beken bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 12.000 euro bideratuko ditu Lanbide Heziketako bi ikasleren hezkuntza ibilbidea babestera, horiek Industria Teknologietako ikasketetan aurrera egiten jarraitu dezaten. 2025-2026 ikasturtera begira emango dira lehen bekak, baina eskaerak egiteko epea dagoeneko zabalik da eta indarrean egongo da datozen bi hilabeteetan.

Beketako bat Industria arloko teknologietan Lanbide Heziketako erdi-mailako gradua duen pertsona bati emango zaio, ikasketak industria-teknologiei lotutako goi-mailako gradu batean jarraitu ahal izateko. Bestea, berriz, Industria arloko teknologietan Lanbide Heziketako goi-mailako gradua duen pertsona bati, industria teknologietako ikasketekin jarraitzeko aukera izan dezan Lanbide Heziketako goi-mailako gradu berri baten bidez edo unibertsitate-gradu bat egin ahal izan dezan. Baldintza nagusiak dira 35 urte baino gutxiago edukitzea eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxeren batean ikasten egotea.

Eskabideak baloratzeko, aholku batzorde bat osatuko da. Bertan parte hartuko dute Korta familiako ordezkari batek, lurraldeko industria enpresa bateko ordezkari bat, eta Aldundiko nahiz Lanbide Heziketa sareko bina ordezkari. Bekak emateko garaian baloratuko dira espediente akademikoa, generoa –bereziki generoa azpiordezkatuta duten adar teknikoak aukeratzen badira–, ikasketak jarraitzea eta Gipuzkoako enpresaren beharrizanetara egokitzea aurreikusten den espezialitate teknologikoa, bekak zailtasun ekonomiko, familiar edo sozialak gainditzeko izan dezakeen eragin positiboa, boluntario lanak edo lan komunitarioak, eta pertsonaren ikuspegi berezia, hezkuntzak bere bizitzan duen zereginari buruzkoa eta enpresarentzat eta gizartearentzat oro har duen eraginari buruzkoa.

Eskaerak astelehenetik aurrera eta bi hilabetez egin ahalko dira laguntzak, bekak eta diru-laguntzak eskatzeko Foru Aldundiak daukan webgunean: https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/dirulaguntzak

Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioa 2001. Urtean sortu zen eta, ordutik, Korta nabarmendu zuten balioen gizarte-zabalkundea du xede, hala nola elkartasuna eta lankidetza, berrikuntza eta kirolarekiko maitasuna giza prestakuntzaren eta garapenaren funtsezko zati gisa. Haun zuzen ere, Kortak defendatu zituen balioak indartzeko lan egiten du fundazioak, hala nola zintzotasuna, ahalegin pertsonala, elkarrizketa eraikitzailea, humanismo solidario eta konprometitua eta herriarekiko maitasuna.

  

4545