Breadcrumb

Asset Publisher

Back Kamioiek bi astez debekatuta izango dute N-I-ean zirkulatzea, Andoain eta Beasain artean

Kamioiek bi astez debekatuta izango dute N-I-ean zirkulatzea, Andoain eta Beasain artean

Villabona parean, abuztuaren 8tik 23ra bitartean, birgaitze lan sakonak egingo dira bidean.

2020/08/05

Gipuzkoako Foru Aldundia datorren larunbatean (abuztuaren 8an) hasiko da N-I errepidearen 1,5 kilometroko zatia berreraikitzeko lan sakonak egiten, Villabona parean. Obren konplexutasuna eta iraupena direla eta, kamioiek debekatuta izango dute N-I errepidetik zirkulatzea Andoain eta Beasain artean, bi norantzetan, abuztuaren 8tik 23ra bitartean. Debekuaren ordutegia 08:00etatik 20:00etara izango da, eta 3,5 tonatik gorako kamioi guztiei eragingo die, salbu eta helmuga ibilbide horretako udalerri batean badute.

Bide Azpiegituretako foru diputatuak, garraio astunerako debekuaren arrazoi gisa nabarmendu du obra horren ezohiko iraupena. «Errepide horrek izan ohi duen trafikoa handia dela jakinda, lanak asteburuetan egiten saiatzen gara, trafiko gutxien dagoen uneetan. Baina, oraingoan, egin beharreko lanen tamainak bi astez jarraian lan egitera behartzen gaitu. Lanek dirauten bitartean, trafikoa bypass bidez erregulatuko da, eta ibilgailu astunek zailtasunak izan ohi dituzte errei aldaketa hori egiteko; hori dela eta, trafikoaren arintasunaren eta segurtasunaren mesedetan, beharrezkotzat jotzen dugu eremu horretan duten presentzia murriztea».

Gaur eskainitako prentsaurrekoan Oiarbide foru diputatuak azpimarratu du obrek irauten duten bitartean kamioiak zirkulatzea debekatzeak ez dituela erabat saihestuko auto ilarak edo, gutxienez, zirkulazio motela inguru horretan; horregatik, ezarritako mugak garraio astunari soilik eragingo badio ere, ibilgailu guztiei gomendatu die ibilbide alternatiboak erabiltzea, haien jatorriaren eta helmugaren arabera.

Ezarritako masaren muga gainditzen duen merkantzia astunak ordezko ibilbide hauek hartu beharko dituzte:

  • Nafarroatik Gipuzkoara doazen ibilbide luzeko ibilgailuen kasuan, gomendatzen da A-15 autobidea (Nafarroa-Gipuzkoa) Irurtzundik Andoainera.

 

  • Gipuzkoatik Nafarroara doazen ibilbide luzeko ibilgailuei dagokienez, Andoain-Beasain noranzkoko debekua dela eta, N-I errepideko erabiltzaileek A-15 autobiatik jarraitu beharko dute Andoaindik Irurtzunera.

 

  • Goierriko eskualdetik datozen erabiltzaileei gomendatzen zaie Olaberriako N-I-417 lotunetik sartzea A-636 autobiara (Beasain-Bergara) eta AP-1 eta AP-8 autobideak erabiltzea beraien helmugetara iristeko.

Helburu nagusia: segurtasuna

Aintzane Oiarbidek azaldu duenez, N-I errepidean, Villabona parean, Gasteiz-Irun noranzkoan egin beharreko obrak sakonera handikoak dira, lehendik dagoen bide zoruaren ordez eraikuntza berriko beste bat jarriko baita. «Errepidea agortuta dago tarte horretan; beraz, erabat berritu beharko da, eta aurreikusitako trafikora egokitu zerbitzu aldian. Ezaugarri funtzionalak ere hobetuko dira, segurtasunari eta erosotasunari dagokienez, eta zoru osoa babestuko da, iraunkortasunari, iragazgaiztasunari eta uniformetasunari dagokienez», azpimarratu du Oiarbidek. «Errepideko geruza guztiak berritzeko, ia 70 zentimetro jaitsi beharko da. Hori da lan horien iraupenaren arrazoi nagusia, geruza batzuetan zementuak lau egunez gogortu behar baitu», zehaztu du. Obren aurrekontua 684.840,08 eurokoa da.

          Foru diputatuak azpimarratu du oso garestia dela edukiera handiko errepideak, N-I errepidea kasu, segurtasun baldintzetan mantentzea. «Prebentzio programaren bidez, ia 8 milioi euro inbertitu ditugu azken lau urtetan, eta N-I errepidean 30 kilometro berritu ditugu. Horrez gain, ohiko kontserbazioan egiten diren zulo betetze kanpainak daude, 2 milioi euro ingurukoak», azaldu du Oiarbidek. «Mantentzea beharrezkoa eta garestia da. 2018an ezarritako “erabilera ordaindu” oinarri duen AT sistema ezinbestekoa da mantentze lanetan baliabide nahikoa izateko. Ez bakarrik Gizarte Politikek Aldundiaren aurrekontuetan duten beharrezko pisuagatik, baizik eta errepidea erabiltzen duten guztiek –ez gipuzkoarrek soilik– beren ekarpena egiten dezaten, baita ere, mantenu lanetarako. Kasu honetan, merkantzia garraioari bakarrik eragiten dio, europar zuzentarauari jarraituz», aipatu du. Oiarbidek aurreratu du N-I errepidea hobetzeko obrek beste tarte batzuetan jarraituko dutela, horietako batean, Andoainen, Bidegi foru sozietatearekin batera egingo dena, bidesarien AT sistema erabiltzen baita bertan.

Foru diputatuak gaineratu du datak ere ez direla ausaz aukeratu. «Estatistikoki, bi aste horietan izaten da trafiko txikiena urte osoan». «Errepide zati horretan, eguneko batez besteko intentsitatea 46.720 ibilgailukoa da, eta ibilgailu astunen ehunekoa %15,33koa; hau da, 7.162 kamioi egunean. Abuztuko erdiko bi asteetan trafikoa % 20 inguru murrizten da zirkulazioa», adierazi du Oiarbidek.

  

2931