Katxalinek “jarrera baikorrarekin” aldarrikatuko du Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna
Katxalinek “jarrera baikorrarekin” aldarrikatuko du Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna
Urriaren 15erako ekitaldi berezi bat antolatu du eta lasterketa solidarioaren ibilbidea aldatu egin du
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Katxalin, bularreko eta ginekologiako minbiziak eragindako Gipuzkoako emakumeen elkarteak, gaur goizean aurkeztu dute aurtengo kanpaina, datorren ostiralean, urriaren 19an, izango den Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna dela eta. Kanpainaren berritasun nagusiak izango dira, batetik, “Jarrera baikorra” izeneko ekitaldia, datorren astelehenean, urriaren 15ean, Tabakaleran ospatuko dena; eta, bestetik, bularreko minbiziak eragindako emakumeen aldeko martxa solidarioa, urriaren 28an (igandea) egingo dena, eta aurten ibilbide berria eta laburragoa (4 km) izango duena Alderdi Ederretik abiatuta.
Aurkezpenean, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak azpimarratu du Katxalin elkarteak egiten duen “lan bikaina”: “informazio eta sentsibilizazioko kanpainak eginez, emozioak hobeto kudeatzen laguntzen duten terapiak eskainiz, bularreko minbizia diagnostikatu berri zaien emakumeei edo senitartekoei laguntza emanez”. 720 bazkide dituen eta 2016an Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen Katxalin elkarteak bi helburu nagusirekin egiten du lan hori: "batetik, gaixotasunaren ikuspegi baikorragoa eskaintzea, eta, bestetik, eragindako emakumeen bizi kalitatea hobetzea", gogorarazi du diputatuak, zeinak aldamenean izan dituen Maite Valle, Katxalineko ordezkaria, eta Dara Bonino, argazkilaria eta Jarrera Baikorra proiektuaren arduraduna.
Bularreko minbizia da emakumeen tumore gaizto sarriena Euskal Autonomia Erkidegoan, baita heriotza gehien eragiten duena ere. Alabaina, azkeneko datuek erakusten dutenez, biziraupena gero eta handiagoa da, % 86tik gorakoa. “Gaixotasunak emakumeengan duen eragina gutxitzen ari da -nabarmendu du Peñak-, izan ere, Osakidetzaren programari prozesuaren fase guztietan gehitzen ari zaizkion laguntza-baliabide berriak eta aurrerapen garrantzitsuak bidea ematen ari dira minbizia goiz detektatzeko eta tratamendu pertsonalizatuagoak, eraginkorragoak eta ez hain erasokorrak jasotzeko”.
Bestalde, Maite Vallek esan du Katxalinek “behar duten guztian” laguntzen diela bularreko edo ginekologiako minbizia duten emakumeei, beren osasunaren eta hura zaintzeko behar den guztiaren berri izan dezaten eta modu aktiboan parte har dezaten. Horrez gain, erantsi du, Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna dela eta egindako diru-biltzean jasotako diruari esker, laguntza eman ahal izan zaiela Bioguneri eta Biodonostiari, Geicam Bularreko Minbiziaren Ikerketa Taldeak egindako bularreko minbiziari buruzko ikerketa proiektuak burutzeko”.
Katxalin elkartearen aurtengo kanpaina bi jardueren inguruan egituratzen da. Alde batetik, “Jarrera baikorra” izeneko ekimena, Tabakaleran arratsaldeko 18:00etatik aurrera egingo dena, eta ardatz nagusi izango duena Ander Urrutikoetxea doktoreak, Onkologikoko zuzendari nagusi eta zientifikoak, emango duen “Nuevos caminos en la investigación en cáncer de mama” hitzaldia. Ondoren, “Zer da Katxalin?” aurkezpena egingo da, eta horren ostean piano, txelo eta ahots kontzertu bat eskainiko da, Peter Björnek Katxalin elkartearentzat konposatutako piezekin. Jarraian, ikus-entzunezko bat proiektatuko da, eta, amaitzeko, Dara Boninoren argazki erakusketa zabalduko da.
Aurtengo kanpainaren beste puntu gorena “Katxalin 2018 lasterketa solidarioa izango da. Bularreko minbiziari aurre egiteko marea arrosa izugarria”, 4 km-koa, eta datorren urriaren 28an, igandea, Alderdi Ederretik abiatuko dena. Lasterketan parte hartzeko izen-ematea katxalinsolidarioa.com helbidean, edo Donostiako Robers dendan, edo Arrasate, Eibar, Garbera, Ordizia, Tolosa, Urbil eta Zarauzko Eroskin egin daiteke. Lasterketa amaitutakoan, leku horretan bertan, bularreko minbiziari aurre egiteko kirol festa bat egingo da, ludoteka, haurrentzako antzerkia, Zunba erakustaldia eta abar izango dituena.
Horrekin batera, Katxalinek informazio mahaiak eta diru-biltzeak antolatu ditu Gipuzkoako hainbat herritan: urriaren 13an Zumarragan; urriaren 15ean Errenterian; urriaren 16an Azpeitian eta Villabonan; urriaren 17an Lasarten eta Ordizian; urriaren 18an Orion; urriaren 19an Donostian - Donostia Ospitalean; urriaren 21ean Andoainen, Elgoibarren, Ibarran eta Tolosan; eta urriaren 28an Bergaran.
Bukatzeko, Peñak nabarmendu du Katxalinek eskaintzen duela “esperientzia hori bera pasa duten” emakumeen “laguntza eta ulermena”, eta “gaixoak nahiz bere familiak beharko duten laguntza guztia emango dutela”. Gipuzkoako Foru Aldundiak “urte asko” daramatza Katxalin elkartearekin “elkarlanean”, haren proiektua “babestuz”, eta “hala jarraituko dugu egiten”. Urriaren 28an egingo den lasterketa solidarioaren harira, herritarrak “parte hartzera” gonbidatu ditu, “izan ere, minbizia ez da esprint bat, iraupen-lasterketa bat baizik”.
1933