Breadcrumb

Asset Publisher

Back KMk ordezko zerbitzuen plataforma bat izango du erabiltzaileen arreta bermatzeko obrek irauten duten bitartean

KMk ordezko zerbitzuen plataforma bat izango du erabiltzaileen arreta bermatzeko obrek irauten duten bitartean

Plataformak erabateko zerbitzuak bermatuko ditu liburutegian, hemerotekan eta infotekan.

2018/10/29

Plataformak erabateko zerbitzuak bermatuko ditu liburutegian, hemerotekan eta infotekan, eta espazioak jarriko ditu Donostiako erdigunean eta Parte Zaharrean (Komikigune eta Santa Teresa) eta Oñatiko artxiboan.

Denis Itxaso: «KMko erabiltzaileei obrek irauten duten bitartean arreta iraunkor bat bermatzea da proiektuaren helburu nagusia. Zerbitzu plataformak bermatzen du kultura zerbitzua ez dela etengo».

Denis Itxaso Kultura diputatuak gaur aurkeztu du Koldo Mitxelena Kulturunearen ordezko zerbitzuen plataforma, instalazioak eraldatzeko eta hobetzeko egingo diren obren ondorioz 2019ko udan izango den itxialdian eskainiko dena. Proiektuaren diseinuari jarraikiz, ordezko zerbitzuen plataforma abiaraziko da, erabiltzaileen arreta iraunkorra bermatzeko KM obrak direla-eta itxita egongo den aldian. «KM berritzeko obrak ez dira instalazioak eguneratzeko bakarrik; hasieratik, erabiltzaileei lehentasuna eman nahi diegu, eta prozesua planifikatu nahi dugu zentroaren kultura zerbitzuak ez eteteko», esan du Itxasok.

Obrek irauten duten bitartean, mailegu zerbitzua, hemeroteka, ikasketa gelak eta ikerketa gelak zabalik izango dira. Gehien erabiltzen diren zerbitzuak Donostiako erdigunean eta Parte Zaharrean kokatuko dira, erabiltzaileengandik ahalik eta gertuen egon daitezen. Zehazki, mailegu zerbitzua eta hemeroteka Komikiguneren egoitzan eskainiko dira, Reyes Católicos kalean; bertan, mailegu funtsen % 50 kokatuko da gutxi gorabehera (eskatuenak). Gainerako funtsak Belartzan eta Oñatiko artxiboan egongo dira, eta bermatuko da eskaerak irakurleen eskura egongo direla 24 ordura gehienez. Hemeroteka ere Komikigunean izango da, eta Artzain Onaren parrokiak lagatako lokaletan indartuko da; horrela, erabiltzaileek 45 plaza izango dituzte prentsa irakurtzeko.

Santa Teresan, berriz, ikasketa areto bat ezarriko da, 60/70 pertsonarentzako gaitasunarekin; horrekin batera, infotekarako areto bat eta ikertzaileentzako beste areto bat ezarriko dira. Orobat, Kontzeju Aretoa beste zenbait jardueretara bideratuko da, hartara KMko Aretoak betetzen dituen funtzioak bertan kokatzeko. Azkenik, leku horretara joango da K-Bulegoa orobat.

Oñatiko artxiboak funtsa historiko eta ondarezkoak eta sarrera mugatuko zerbitzuak hartuko ditu, erabilera akademiko eta profesionaletarako batez ere. Zehazki, ikasketa eta ikerketa aretoak jarriko dira, funts digitalizatuetarako sarrerarekin eta abarrekin.

Zerbitzu proiektuak erabiltzaileen arreta iraunkorra du xede, eta herritarrek zuzenean erabiltzen dituzten zerbitzuen estaldura zabala eskaintzen du. Itxasok esan duenez, «KMk jarraituko du Donostiako eta Gipuzkoako bizitzan obrek irauten duten bitartean, eta berrituta itzuliko da, egungo zerbitzuak hobetzeko eta zerbitzu berriak eskaintzeko».

Arkitektura proiektuari dagokionez, aurrera doa epe eta aurreikuspenak betez, eta espero da martxorako amaituta egongo dela. Orduan jarriko da obren lizitazioa abian. Lanak Astigarraga y Lasarte SLP/ Bab Arquitectos SLP aldi baterako enpresa batasunak egingo ditu, Aldundiak deitutako ideia lehiaketa irabazi ondoren. Lanak 2019an dira hastekoak, eta bi urte iraungo dute gutxi gorabehera.

DGN.actualidad.detalle.adjunto:

  

1704