KMK-n ikusgai Seeing Auschwitz erakusketa
KMK-n ikusgai Seeing Auschwitz erakusketa
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak ekoiztutako erakusketak –Musealia konpainia donostiarrak sortua, Auschwitz-Birkenauko Estatuko Museoarekin, Nazio Batuekin eta UNESCOrekin lankidetzan– gonbidatzen gaitu kontzentrazio esparruetako, bortxazko lanen inguruko eta naziek eragindako deuseztatzeen inguruko izugarrikeriei buruz hausnartzera.
Erakusketak bost espazioko ibilbide bat du, eta bertan lekuen argazkiak, erretratuak eta lekukotasunak ikusten dira. Horiek guztiek gure azterketa egiteko eta "gure begirada" berreratzeko informazioa ematen digute, presoen harrapaketetatik hasi eta esparruetara eramaten zituzten trenetaraino.
Donostia, 2021-01-26 - Koldo Mitxelena Kulturuneak "Seeing Auschwitz" erakusketa hartuko du gaurtik uztailaren 3ra arte. Erakusketaren hasiera eguna, urtarrilaren 27a, sobietar soldaduek Auschwitz-Birkenauko nazien kontzentrazio- eta desagertze-eremua askatu zuten eguna da, 1945ean; Nazio Batuen Batzar Nagusiak ofizialki aldarrikatu zuen egun horretan Holokaustoaren Biktimak oroitzeko Nazioarteko Eguna.
Erakusketaren abiatua da Auschwitzeko eremuaren imajinario kolektiboan eraiki dugun "irudia" berrikusteko asmoa. Irudi hori, nagusiki, argazki oso ezagunen multzo batetik eraiki da, eta erakusketa honetan beste batzuk ere agertzen dira, ez dira hain ezagunak.
Argazki horiek ez dira asmo gabeak, eta argazkilariaren begiradak guk geure irudia eraiki dezagun laguntzen digu. Argazkien begirada fotografiko horiek berrikustea eta aztertzea da "Auschwitz berriz begiratzeko" balio duena, argazkiak nola, noiz eta zergatik egin ziren berrikusteko, hain zuzen ere.
Horrez gain, bizirik atera direnen lekukotzak, presoen eta borreroen marrazkiak eta erretratuak jasotzen dituen bideo bat ere badu, baita Gipuzkoako lurraldearekiko lotura bat ere, zelaira deportatutako batek daraman Realaren insignia baten bitartez.
Harkaitz Millan, Kultura diputatua “erakusketa honek Europako historia hurbilean dagoen izua gogorarazten digu, eta totalitarismoaren aurrean erne egon behar dugula erakusten digu. Desmemoria ere arma bilakatu daiteke. Bost hilabete hauetan, Seeing Auschwitzekiko indarkeriaren hainbat alderdi ardatz artikulatzaile gisa aztertzea proposatzen diegu herritarrei”.
Erakusketaren amaieran, pantailetan jarritako irudiak daude. Irudi horiek indarkeria garaikidearen formetara igortzen dute, erakusketa honen bidez irekitzen den programa hedatuaren erakusgarri gisa. Programa hori 2021eko otsailetik uztailera bitartean izango da.
Luis Ferreiro, Musealiako eta Seeing Auschwitz erakusketako zuzendaria “"Memoria, banakakoa zein kolektiboa, irudien bidez eraiki ohi da neurri handi batean. Seeing Auschwitz erakusketa toki horren historia irudikari kolektiboan txertatzeko iturriak kritikoki aztertzeko gonbita da”. “Donostiarrak garen aldetik, berebiziko garrantzia du KMKn proiektu hau erakusteak. Erakusketa oro bisitariarekin hitz egitea da, eta etxean, gure herrikideekin, egitea munduko beste edozein lekutan egitea baino bereziagoa da”.
MBR Exposiciones enpresa arduratu da erakusketaren produkzioa koordinatzeaz eta muntaia garatzeaz.
Kultura progama edatua
Erakusketarekin batera, kultur programa hedatu bat aurkeztuko da, zeinek, Holokaustoa erdigunean, historia garaikidean bizi izan diren masen aurkako beste indarkeria mota batzuk ere jorratuko baititu. Programaren izenburua da: Auschwitz eta harago; Patxi Presak koordinatu du eta Edurne Portelak zuzendutako mahai-inguru eta konferentzia ziklo bat izango du. Zinema ziklo horretan Elias Querejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Begoña del Teso kazetariak parte hartu dute. Koldo Mitxelena Kulturneko Liburutegiaren hainbat proposamen ere jaso dira: zikloan proposatu diren gaiekin zerikusia duten gida eta funts erakusketak.
Otsailaren 18an hasiko da, eta erakusketarekin batera joango da ekainaren 29raino. Hogei bat gonbidatuk hartu dute parte, bost hilabetean indarkeriaren logikari eta iraganaren egungo ikuspegitik aztertzeari buruzko ikuspegi desberdinak proposatuko dituztenak.
Programa osoa ezagutzera emango da otsailaren lehen hamabostaldian.
Musealia
Musealia Donostiako konpainia bat da, mundu osoko museo eta dibulgazio zentroetarako kalitate handiko erakusketak sortzen dituena. 20 urtetik gorako esperientzia izanik, bere erakusketen ezaugarri nagusiak emozioak eta narrazio eta dibulgazio izaera nabarmena dira. Bost milioi pertsona inguruk bisitatu dute sorkuntzaren bat orain arte lan egin duen 40 museo eta erakunde baino gehiagoetan.
Auschwitz - Birkenau Estatu Museoa
Poloniak 1947az geroztik lanean dabil nazien kontzentrazio eta deuseztatze nazien antzinako esparruko hondarrak babesteko. Horretarako, Auschwitz-Birkenauko Estatuko Museoa sortu zuen (Oświęcim-en) eta erakusketak antolatzen ditu. Museo-Memorialean egindako lanari esker, Auschwitzen erail zituzten 1.100.000 pertsonek eta genozidiotik bizirik atera zirenek ahotsa dute gaur egun historian. 2019an, bisitari marka guztiak apurtu ziren, 2,3 milioi gerturatu baitziren bertara. ABSMk aktiboki parte hartu du proiektuaren garapenean, ez bakarrik artxiboko irudien zati baten erabilera lagatzeko, baita laginaren aholkulari historiko gisa ere.
NBE / UNESCOren partaidetza
Nazio Batuen erakundea 193 estatu kidek osatzen dute, eta konpromisoa hartzen dute nazioarteko bakeari eta segurtasunari eusteko, nazioen artean adiskidetasun harremanak sustatzeko eta gizarte aurrerapena, bizi mailaren hobekuntza eta giza eskubideak sustatzeko. Holokaustoaren Dibulgazio Programaren bidez, 2018an, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearekin batera, Seeing Auschwitz sortzea eskatu zion Musealiako taldeari. Pariseko eta New Yorkeko egoitzetan inauguratu zuten erakusketa, eta funtsezko tresnatzat hartu zuten beren dibulgazio misioan, etorkizunean genozidio ekintzak prebenitzen laguntzeko, munduari Holokaustotik ikasitako irakaspenak gogorarazteko, 2030eko Hezkuntzarako Agendan jasotzen denez.
2610