Koldo Peciña da ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko zuzendari berria
Koldo Peciña da ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko zuzendari berria
2018tik hona proiektua modu egokian abiarazi duen Carlos Abaden lekukoa hartuko du arduradun berriak.
ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak proiektua abiarazteko fasea amaitutzat eman du gaur, 2018tik hona egitasmoa finkatu eta sendotu ostean. Lehen ziklo honen amaierarekin bat, erreferentziazko zentroaren zuzendaritzan erreleboa emango da; orain arte Carlos Abadek –zeinak proiektu pertsonal berri bat ekingo duen– landutako bideari Koldo Peciñak emango dio jarraipena, hautatze prozesu publiko baten ondoren. “Abadek egindako ekarpena eta lan eskerga eskertu nahi ditugu eta zorterik onena opa diogu aurrerantzean ere. Peciñari, berriz, ongietorria ematen diogu ZIURrek hasiko duen etapa berri honetara”, adierazi du Ainhoa Aizpuruk, Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak.
Peciñak (Donostia, 1978) zibersegurtasunaren sektoreari lotuta garatu du orain arte bere ibilbide profesionala. Zuzenbidean lizentziatua eta Teknologia Berrien Zuzenbidean Master baten jabea, euskara, gaztelania, inglesa, frantsesa eta italiera mintzatzeko gai da. 17 urte baino gehiago darama sektoreko enpresa garrantzitsuetan lanean, tartean S21SEC eta ITS Security. Azkenaldian PwC enpresan ziharduen lanean. Hamar urte hauetan zibersegurtasunari lotutako ekipoak eta disciplina anitzeko proiektuak gidatzea tokatu zaio, beste hainbat sektorerekin elkarlanean, Estatu nahiz nazioarte mailan.
Hori guztia ikusita, Aizpuruk azpimarratu du Peciña “hautagai aproposena” dela fase berri honetan ZIURren ardura bere gain hartzeko. “Pertsona ezaguna da sektorean, bere gaitasuna frogatu izan duena, eta gainera proiektuarekin inplikatzeko gogo biziz dagoena”, osatu du. Erreferentziazko Zentroari dagokionez, berriz, Aizpuruk gogorarazi du lurraldearen “etorkizunaren aldeko apustuaren lekuko” dela: “Gipuzkoak potentzial izugarria du alor honetan: enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitateak, ezagutza… ZIURren egitekoa da eragile horiek guztiek osatzen duten sistema egituratzea, lurraldea bilakatu dadin nazioarteko erreferentzia alor honetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez, irmoki sinesten du xede horretan.
2451