Breadcrumb

Asset Publisher

Back Komunitate balioak ospatu eta indartzea izango da Gipuzkoako lehen erreferentzia idatziaren milagarren urteurrenaren ospakizunen xedea

Komunitate balioak ospatu eta indartzea izango da Gipuzkoako lehen erreferentzia idatziaren milagarren urteurrenaren ospakizunen xedea

• 1025ekoa da Gipuzkoa (‘Ipuscua’) hitza jasotzen duen lehen dokumentu idatzia: urte hartan Gartzia Azenariz izeneko jaunak Olazabaleko Salbatore monasterioa (egungo Altzon) eman zion San Juan de la Peñako zenobioari. • ‘Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025’ lemapean, milagarren urteurreneko egitarau zabala ari dira prestatzen lurraldeko herri erakundeak; haren berri eman dute gaur Eider Mendoza diputatu nagusiak, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidenteak eta Xabier Olano Altzoko alkateak.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Hasi berri dugun urte honetan mila urte betetzen ditu orain arte ezagutzen dugun Gipuzkoa hitzaren lehen idatzizko aipuak. 1025 urteari erreferentzia egiten dion dokumentu batean, gaurdaino aurkitu den zaharrenean, agertzen baita ‘Ipuscua’ hitza, San Juan de la Peñako (Huesca) liburu gotiko edo kartularioan jasotako idatzi batean, alegia. Hori dela eta, ‘Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025’ lemapean, egitarau zabala ari dira prestatzen lurraldeko herri erakundeak. Lurraldearen historiari eta ondareari buruzko ezagutza sustatzetik harago, gipuzkoarron komunitate balioak ospatzeko eta indartzeko ere balioko du milagarren urteurrenak.

Hala jakinarazi dute gaur Foru Aldundian egindako aurkezpen bateratuan Eider Mendoza diputatu nagusiak; Xabier Ezeizabarrenak, Batzar Nagusietako presidenteak; eta Xabier Olano, Altzoko alkateak. Bat etorri direnez, Gipuzkoaren aipamen zaharrena jasotzen duen dokumentuak, “lehen mailako efemeride historikoa” izateaz gain, “esanahi kolektibo garrantzitsua” du, erakusten baitu jada orain dela hamar mende gipuzkoarrok osatzen genuela “komunitate bat, bere desafio, antolakuntza eta bizi nahiarekin”.

Urtemugaren oinarrian dagoen Erdi Aroko esku izkribuak jasotzen duenez, 1025. Ipuscuako jaun Gartzia Azenarizek eta haren emazte Gayla de Iputzak, Olazabaleko Salbatore monasterioa (egungo Altzon) eman zion dohaintzan San Juan de la Peñako zenobioari, bere babespean zeuden beste hainbat lurrekin batera. Hori dela eta, orain dela 1000 urteko Ipuscua eta gaur egungo Gipuzkoa hitzak uztartuz, Ipuskoa. Izanetik izenera 1025-2025 leloa ipini dio milurtekoari Foru Aldundiak, 2025erako taxutzen ari diren egitaraurako. Goiburu horrekin, elkarren osagarritasuna eta koordinazioa bultzatuz, hainbat ekintza antolatzen dihardute foru erakundeak, Batzar Nagusiek eta Altzoko Udalak.

“Euskal kulturan esan ohi dugu izena duen orok baduela izana. Efemeride historiko honek adierazten du duela hamar mende dagoeneko, izan, baginela. Horregatik, milagarren urteurrenak aukera ederra eskaintzen digu gipuzkoarroi gure buruaz gogoeta egiteko. Ez bakarrik gure lurraldearen garaian garaiko eboluzio historikoari, erakundetzeari edota mugarri historikoei buruz hitz egiteko, baizik eta, baita ere, historiaren joan-etorrian, gipuzkoarrok gure gizarte bizitza eta bizimodua, ekonomia eta ongizatea, antolatu ahal izateko eraikitzen joan garen komunitate balioei erreparatzeko. Iragana kontuan izanda baina, batez ere, aurrera begira jarrita”, adierazi du diputatu nagusiak.

Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariaren arabera, “milurteko hau aukera izan daiteke iraupena erakusten diguten eta gerora bultzatzen gaituzten balioak ikusteko gure iraganean eta nola eguneratu pentsatzeko. Gure historiako alderdi argitsuak baina baita ilunak ere, zer zaindu eta zer utzi erabakitzeko. Iraganak aurrera egiten erakusten baitigu”, eta “Ipuscua” izenaren harira ”euskara eta herria binomioa” azpimarratu du: “Gipuzkoa bakarra da baina ez bakarrik izatekoa ez itxita aritzekoa. Euskaraz bizitzeak beste inorekin ez bezala elkartu du Gipuzkoa euskal lurraldeekin eta euskarak eman dio Gipuzkoari Euskal Herrikoa dela jabetzea, beste lurraldeekin batean.”

Xabier Olanok bere “poza” adierazi dut “ospakizun garrantzitsu” honen aurrean “elkarlanean” gauzatuko direlako milurtekoaren inguruko ekintzak eta Altzoko herriak landuko dituen ekimenetan jarraituko dituen lau ardatzak xehetu ditu ondoren, lauak ere aipatutako agiri historikoaren edukietan jasotzen direnak, alkatearen esanetan: “lehenik, emakumea, dohaintza egiten duena Gayla andrea delako, gipuzkoarra eta euskalduna; bigarrenik, dokumentuan bertan agertzen diren izenen artean, lau badaude Altzokoak –hiru baserri eta mendi bat– eta horien aitortza egingo digu; hirugarrenik, dokumentuan gehien aipatzen den hitzetako sagarrondoak izanik, sagarrondoetan eta sagardogintzan azpimarra jarriko dugu; eta, azkenik, donazio hori Iruñeako Erresumaren aurrean egiten denez, horrek ere pista bat ematen digu zer izan gaitezkeen aurrera egiteko bidea erakusten digu horrek”.

Helburu horiek kontuan hartuta, hainbat saio eta jardunaldi egin eta sustatuko dituzte gipuzkoar erakundeek datozen hamabi hilabeteotan. Hilaren 18an San Telmo Museoan inauguratuko den Ipuscua, 1000 urte erakusketa izango da. Donostiako San Telmo museoan, urtarriletik maiatza bitartean, azken mila urteetan Gipuzkoak izan duen bilakaeran barrena bidaiatu ahalko dute bisitariek. Aldundiko Kultura departamentuak efemeride honen inguruan antolatuko duen askotariko ekintzetan lehena eta nagusiena izango da mostra hori, zalantzarik gabe.

Aldundiak, aldi berean, lehentasuna emango die “balio komunitario propioen inguruan gogoeta egin eta horietan sakontzeko” ekintza eta topaketei. Lehena urtarrilean bertan, hilaren 22an antolatuko du foru erakundeak, Komunitatea elkartegintzatik eraikiz izenburupean egingo den jardunaldiaren bitartez. Urtean zeharrerako beste zenbait topaketa antolatzen ari da foru erakundea, hain zuzen ere, mintzagai izango dituztenak gipuzkoar komunitatearen balio bereizgarriak, lurraldeko elkartasun sistema, lehiakortasuna edota aniztasunetik landu beharreko elkarbizitza, besteak beste.

Mila-urteko efemeridearen ekitaldi instituzional nagusia uztailak 5an izango da, euskal kulturaren erritu eta moldez jantziko den topaketa batean.

Altzo, Ipuscuari estuki lotuta

Horrekin batera, Altzoko herria lanean ari da aipatu den arrazoiak tarteko Ipuscua hitzaren lehen aipamenari loturik ageri baita dokumentazio historikoan. Xabier Olano alkateak jakinarazi duenez, Altzo 1025 azterketa historiko-dibulgatiboa argitaratu eta Altzo Azpiko elizan indusketa arkeologikoa abiaraziko du Altzoko Udalak, Aranzadirekin elkarlanean.

Kultur ekitaldiak ere antolatuko dituzte, gipuzkoar artista eta kulturgileak oinarri izango dituztenak.

Hain zuzen ere, efemeridearen garrantzia kontuan izanda, Altzon bertan ezohiko Batzarra egingo dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek, erakunde ikuspegitik Ipuscua hitzaren lehen aipamena ospatzeko. Halaber, San Juan de la Peñan jasotako idazkiaren faksimilea argitaratzeko lanean ari dira, Xabier Ezeizabarrenak jakinarazi duenez.

  

756