Kontratazio etikoa sustatzeko praktika onak finkatu ditu Foru Aldundiak
Kontratazio etikoa sustatzeko praktika onak finkatu ditu Foru Aldundiak
Enpresa esleipendunentzat irizpide sozialak eta ingurugiroari lotutakoak jasotzen dituen eskuliburua onartu du
Kontratazio Eskuliburua osatu du Foru Aldundiak, irizpideak elkartzeko eta segurtasun juridiko handiagoa izateko xedez, eta, batez ere, eraginkortasuna, eragimena, gardentasuna eta zuzentasuna hobetzeko obra, ondasun eta zerbitzuei buruzko kontratazioan. Hainbat departamentutako teknikariek osatzen duten lantalde batek foru erakundearen kontratazio gaiak aztertzen jardun du 2016az geroztik, eta lan horren emaitza erakundeak onartu berri duen dokumentua.
“Gure lurraldeko gizarte, ekonomia eta merkataritza jardueran eragin handia izateaz gain, kontratazio arloa arreta-gune nagusienetako bat da zalantzarik gabe gizartearentzat, gero eta zorrotzagoa baita arlo horretan. Eskuliburu honekin, gobernantza etikoarekiko konpromisoan eta eredugarritasunean sakontzen dugu”, azaldu du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.
Kontratazioetan parte hartzen duten foru arduradun eta langileei zuzenduta dago dokumentua, eta hiru zati dauzka. Aurrenekoan, praktika egokiak jasotzen dira klausula sozialak, eta ingurugiroari edo bestelako politika publikoei lotutako irizpideak txertatzeko, eta baita horien kontrolerako eta jarraipenerako ere. Enpresentzat hainbat baldintza eta baloraziorako irizpide aurreikusten dira. Horien artean, desgaitasuna duten pertsonen inklusioa, bazterkeria arriskuan dauden pertsonen laneratzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, kualifikazio altuko eta ardurako lanpostuetan emakumeen presentzia, lana eta familia bizitza kontziliatzeko politikak, formakuntza errazten den ala ez, iraupen luzeko langabeziari aurre egitea, energia berriztagarrien erabilera, birziklapena, edota negutegi efektua duten gas isurketen murrizketa.
Bigarren zatian kontratazio publikorako zuzentarauak ezartzen dira lan esparruari lotuta. Modu espezifikoan garatzen dira enpresa esleipendunek kontratatutako langileen lan baldintzak bermatzera bideratutako klausulak eta, horretarako, kontrol bereziak aurreikusten dira kontratua gauzatzen den eperako. Era berean, subrogazioa, segurtasuna, eta lan arriskuen prebentzioa bezalako arloak arautzen dira.
Azkenik, kontratazioaren eguneroko kudeaketan praktika egokiak zehazten ditu Esuliburuan, gai hauek aipatuz dituzte, besteak beste: eskaintza baxu edo ausartegiei eman beharreko tratamendua; esleitzeko irizpide egokiak aukeratzea eta modu zuzenean balioestea; enpresen kaudimena zehaztea kontratazio batean onartuak izateko; eskatu beharreko aseguruak; eta irtenbideak bilatzea enpresa txiki eta ertainenak nahiz ekonomia sozialeko enpresak kontratazioan parte har dezaten.
Horrez gain, kontratazioaren kudeaketa 2018ko martxoaren 9an indarrean sartuko den Sektore Publikoko Kontratuen Lege berrira egokitzen du Eskuliburuak, zeinaren bidez Estatuko ordenamendu juridikoari gehitzen zaizkion Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako Zuzentarauak. Lege berri hori zein araudian aurreikusten diren aldaketak kontuan hartuz idatzi da dokumentua, eta aldian behin eguneratuko da. Europar Batasuneko zuzentarau berriekin bat egiten du, orobat, eta kontuan hartzen du ‘Europa 2020’ estrategia, hazkunde adimenkor, jasangarri eta integratzailea lortzera zuzendutakoa. Bi horien xedea da “helburu sozialak aintzat hartzen dituen kontratazio publikoa” sustatzea, “enpleguaren babesa, gizarte inklusioa eta integrazioa bultzatzeko, lan baldintzak bermatzeko, ingurumena babesteko eta eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko, besteak beste”.
Ildo berean, kontratazio publikoari aplikatu beharreko Jokabide Kodea onartu zuen Foru Aldundiak joan den urteko irailean, kontratazio prozesuetako inpartzialtasuna, zuzentasuna eta gardentasunaren kultura zaintzen dituena, lehiakortasun handiagoa sustatuz. Kode hori nahitaez bete behar dute kontratazioetan parte hartzen duten foru erakundeko kargu publikoek eta langileek, baita Aldundiak sustatutako lizitazioetara aurkezten diren enpresek eta esleipendun suertatzen direnek, kontratazio prozesuetan interes publikoa bermatuz eta disfuntzioak, eraginkortasunik eza edo iruzurrak saihestuz.
Lasak azpimarratu duenez, “Gipuzkoa beti izan da balio sendoak dituen lurraldea, zintzoa eta solidarioa, eta guztion ardura da etorkizuna oinarri horiekin eraikitzen jarraitzea: erakundeetako ordezkari politiko eta langileena, elkarteena, enpresena… Horretarako ez da nahikoa legea betetzera mugatzea; harago joan eta konpromiso sakonagoak hartu behar ditugu gure gain”. Gaineratu du Eskuliburua “oso erabilgarria” izango dela foru langileentzat, eta lurraldeko 89 udalei ere helaraziko zaiela, “uste baitugu zalantzak argitzeko eta gomendioak edukitzeko oso lagungarri izango zaiela. Eredugarritasunaren aldeko apustuan bat gatoz denok”.1808