Kultura, aldakuntzaren higiarazle
Kultura, aldakuntzaren higiarazle
Mintzaldia Donostia-San Sebastián 2016 Kultur Hiriburutzaren inaugurazio ekitaldian
Denbora luzez aritu izan gara hitz egiten Europako Kultur Hiriburutzaz eta Donostia2016 proiektuaz. Iritsi da garaia luzaroan prestatzen eta hezur-mamitzen aritu izan garen ahalegin zabal hau argitara ateratzeko. Iritsi da garia erakusteko zein den Europako Kultur Hiriburutzaren esanahia, eta zein funtzio izango duen, urte osoan zehar luzatuko den kultur programazio zabal eta askotarikoaren bitartez, bereziki Donostian garatu dena, baina Gipuzkoan eta Euskadi osoan ere oihartzuna izango duena.
Guztiok gara kulturaren partaide: kulturak biltzen du gure oroimen banakako eta kolektiboa, hori da gure pentsatzeko, sentitzeko eta jarduteko forma guztien gordelekua. Kultura dira gure ideiak, gure balioak eta gure bizitzak hartzen dituen adierazpide guztiak. Kultura dira iraganaren eraikuntzak bezala, gaur-gaurko ekintzak eta etorkizuneko ametsak. Kulturaren bitartez ezagutzen dugu gure burua, beraren bitartez goaz aurrera garatzen. Kultur Hiriburutzak aukera eder bat zabaltzen du gure aurrean: aukera bat gure etorkizunaz hausnartzeko, aukera bat kulturen arteko elkarrizketa sortzeko, eta aukera bat gure herriaren, gure lurraldearen eta, batez ere, gure hiriaren ostertzak zabaltzeko.
Aukera bat gure etorkizunaz hausnar egiteko. Aldakuntza sakonak bizi ditu gure herriak. Indarkeriaren urte ilunak atzean utzi nahi ditu gure herriak, bakea eta elkarbizitza finkatu nahi ditu. Bere aitorpen politikoaren alde borrokatzen du; globalizazioaren testuingurura egokitu nahi du, bere nortasun zeinuak eta hizkuntza gordeta. Bere jarduera moduak eguneratu nahi ditu gure herriak, gaur arte lortu ditugun aurrerapena eta gizarte kohesioa sendotu nahirik. Eginkizun horietan, kulturaren lanabesak lehen lerroan egon behar du: hausnar egin behar dugu gaur egun gure aurrean ditugun eginkizun nagusien gainean, jakin behar dugu nola jokatu gizarte ireki, global, anizkoitz, ziurgabetasunez eta egoera konplexuz betetako honetan. Izan ere, kulturak emango dizkigu behar ditugun tresnak gure buruaren interpretazio eguneratu bat egiteko, begirada berritu bat sortzeko etorkizun hobe baten bila.
Kultur Hiriburutza aukera eder bat da gure ikusmirak zabaltzeko, gure alderdirik onena erakusteko, gure harremanak hedatzeko, Europako esparruetan gure sustapen lana egiteko
Aukera bat kulturen arteko elkarrizketa sortzeko. Aniztasunak eta pluraltasunak itxuratzen dute ez bakarrik gure etorkizuna, baizik, dagoeneko, gure oraina ere: ugariak ditugu gure herrian hizkuntzak, kulturak, erlijioak, bizitzaren ikusmoldeak, zalantzarik gabe gure eguneroko bizitzan, zer esanik ez artearen eta kulturaren agerpenetan. Herri gisa dugun etorkizuna loturik egongo da aniztasun hori ulertu eta gureganatzeko gaitasunari: gure kultura garatzeko baldintzak sortzen jakin behar dugu testuinguru global batean, besteekiko elkarrizketa etengabe baten egokitzapenetan. Behartuta gaude elkarrizketaren bitartez leku partekatuak bilatzera, oinarri sendoak ezarri nahi baditugu, etorkizuna eraikitzeko nahitaezko tresna baita elkarrizketa.
Kultur Hiriburutza aukera eder bat da gure ikusmirak zabaltzeko, gure alderdirik onena erakusteko, gure harremanak hedatzeko, Europako esparruetan gure sustapen lana egiteko, lankidetza hariak ehuntzeko ez bakarrik kulturan, baizik ere ekonomian, politikan eta gai sozialetan. Aukera bat izan behar du gure gizartea aberasteko eta arlo askotan hazkunde sendo bat irabazteko.
Kultur Hiriburutzarekin sekulako aukera dugu Donostiako eta Gipuzkoako kultur ondarea eta jarduna nazioartera hedatzeko; baina sekulako aukera dugu, baita ere, beste kultura batzuetatik ikasteko, beste kultura, herrialde edo sorkuntza-esparru batzuekin harremanetan jartzeko eta elkar aberasteko.
Horixe izan daiteke, hain zuzen ere, Europari egin diezaiokegun ekarpenik onena: elkar aberastea, eraikitzen ari garen Europa gero eta aniztun eta irekiagoaren barruan. Horregatik nahi dugu bete-betean Europan kultura izatea gure oraina eta gure etorkizuna artikulatzen dituen erdigunea. Beraz, gogor lan egingo dugu Kultur Hiriburutzak arrakasta izan dezan; eta hala egingo dugu ez bakarrik herri erakundeetatik saiatuta, baizik, batez ere, milaka herritarren lidergoa aintzat hartuta, herritarrak baitira gure hiriaren eta lurraldearen oraingo eta etorkizuneko eraldaketaren muina.
Kultur Hiriburutzak kulturaren balioa indartzen du. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere ardatz estrategiko nagusien artean ipini du kultura. Izan ere, gure garapenaren higiarazle nagusi bat da kultura, Gipuzkoaren elkarbizitza sistemaren atal ezinbesteko bat. Uste oso horretan, gure kemen guztiaz ari gara laguntzen Tabakalera edo San Telmo bezalako kultur azpiegitura eta zerbitzuak Donostian, eta kemen maila berarekin beste zenbait kultur azpiegitura edo zerbitzu Gipuzkoa osoan barrena. Kultur eragileak ari gara laguntzen, sorkuntzan ari direnak bezainbatean hedapen lanetan ari direnak; gure esku diren indar guztiez aldeztuko ditugu kultur edukien sorkuntza, ekoizpena eta hedapena, bereziki euskarazko kultur edukiak direnean; hiriaren zerbitzura, lurraldearen zerbitzura, herriaren zerbitzura.
Koldo Mitxenaren esanetan:
«Bereizten gaituzten auziei deus ere kendu gabe, ez ditzagun behintzat, setaz eta elkarri ezin amore emanez, gehi eta zabal. Bizi garelako gabiltza borrokan. Eta oihu nabarmenen azpitik, ez ote dugu sumatzen elkarrengana garamatzan barren-barrengo dei isil bat?» Koldo Mitxelena. “Pro domo”.
3221