Breadcrumb

Asset Publisher

Back Volver Kultura departamentuak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak "Terrorismoaren Historia Espainian" podcasta aurkeztuko dute

Kultura departamentuak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak "Terrorismoaren Historia Espainian" podcasta aurkeztuko dute

Euskarazko podcast sorta bat, bokazio didaktikoa duena eta memoria historikoa ardatz duena, 1960tik gaur arte Espainian izandako terrorismoa errepasatzen duena.

2025/04/07
terrorismo

Gaur goizean aurkeztu da Foru Jauregian Terrorismoaren Historia Espainian podcast sail berezia, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren ekimenez eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuarekin lankidetzan abian jarri dena. Prentsaurrekoan izan dira Goizane Álvarez Kultura diputatua, Florencio Domínguez Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko zuzendaria eta Ana Aizpiri kazetaria eta podcastaren egilea.

Sailak 10 kapitulu ditu, eta Gaizka Fernández Soldevillaren El terrorismo en España. De ETA al DÁESH liburua du oinarri. Gaizka Fernández Soldevilla historialaria da eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko artxibo eta ikerketa arloko arduraduna. Kapitulu horietan zehar, Espainian 1960tik gaur arte bizi izandako terrorismoaren fenomenoari buruzko hurbilketa orokorra eskaintzen digu, besteak beste, DRIL, ETA, BVE, GRAPO, GAL, Al Qaeda edo Dáesh taldeen jarduerari helduz.  Horietako bakoitzak eragin desberdina izan duen arren biktima kopuruari dagokionez, guztiek erabili zuten indarkeria gizartean eta arduradun politikoengan presioa egiteko eta eragiteko.

Goizane Álvarez Kultura diputatuak aurkezpenean nabarmendu duenez, "funtsezkoa da horrelako ekimenak bultzatzen jarraitzea, memoria historikoarentzat lagungarri direlako eta terrorismoaren ondorio larriei buruz hausnarketa egiteko aukera ematen dutelako.  Podcast sail honek ezagutzarako eta oroitzapenerako tresna baliotsua eskaintzen du, bereziki belaunaldi berrientzat, eta terrorismoaren biktima guztientzako egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde dugun konpromiso irmoa indartzen du.

Bestalde, Florencio Domínguez Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro zuzendariak honako hau azaldu du: "…"

Amaitzeko, Ana Aizpirik azpimarratu duenez, "podcastaren zati garrantzitsu bat terrorismoaren biktimen testigantzak dira.  Gure herrian egon diren terrorismo aldaerak aztertzen dira. Sailak dituen 10 kapituluetatik 4 kapituluk ETA euskal talde terrorista dute ardatz, guztien artean hilgarriena, iraun zuen denboragatik eta eragin zituen hildakoen kopuruagatik".

Kapitulu bakoitza osatzeko, historialarien, politologoen eta terrorismoa eta haren aldaerak aztertzen espezializatutako irakasleen laguntza izan da.  Horrez gain, biktimen eta bizirik atera diren pertsonen testigantzak ere jasotzen dira. Barne Ministerioaren datuen arabera, Espainian 1.451 pertsona hil dira atentatu terroristetan, eta 5.000 inguru zauritu.

Sailak bokazio pedagogiko argia du, eta terrorismoaren definizioari buruzko sarrera kapitulu bat du abiapuntu.   Hezkuntza asmo horri konpromiso etiko bat gehitzen zaio, biktimak erdigunean jartzen dituena, izan ere, haiek dira indarkeria terroristak atzera bueltarik ez duela erakusten duten adibide nabarmena.

Podcastak hainbat talderen jatorria eta jarduera aztertzen ditu, diktadura frankistan sortutakoetatik terrorismo jihadistaraino, zeinak gaur egun mehatxua izaten jarraitzen baitu. Arreta berezia eskaintzen zaio ETAri; talde hori da gehien iraun duen Europako talde terrorista eta hildako gehien eragin duten taldeen artean bigarrena.

Sail honek ekarpen baliotsua egiten dio memoria historikoari, biktimen errugabetasuna aldarrikatu eta terrorismoaren zentzugabekeria salatzen baitu. Gainera, hutsune bat betetzera dator fenomeno horri buruzko euskarazko soinu edukien eskaintzan, eta iturri irisgarri bat eskaintzen du talde terroristek gure herrian nola jardun zuten gogoratu edo jakin nahi dutenentzat.

Terrorismoaren História Espainian dagoeneko eskuragarri dago plataforma digitaletan entzun eta zabaltzeko.

Esteka:https://www.ivoox.com/podcast-centro-memorial-victimas-del-terrorismo_sq_f1728240_1.html

  

5448