Breadcrumb

Asset Publisher

Back Kultura Departamentuak eta Zumarragako Udalak Antioko Musikaldiaren 37. edizioaren aurkezpena egin dute

Kultura Departamentuak eta Zumarragako Udalak Antioko Musikaldiaren 37. edizioaren aurkezpena egin dute

Emanaldiak doakoak izango dira, eta iraileko larunbat guztietan izango dira, 19:30etan. Doako autobusa egongo da Zumarragatik.

2020/08/28
  • Harkaitz Millan, Kulturako diputatua “Albiste bikaina da Gipuzkoan erreferentzia den musika-ziklo hau gauzatu ahal izatea”.

 

Zumarragako Antioko Musikaldia urtero ospatzen da, irailean, Zumarragako izen bereko ermitan. Aurtengoa XXXVII. edizioa da eta irailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an izango da. 37. edizio honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zumarragako Udalaren, Musika Hamabostaldiaren eta Antiguako Amaren Lagundiaren laguntza jaso du.  Zikloa 1984an hasi zen, eta Debakoarekin batera Gipuzkoako lehenengoetako bat izan zen.

Abiapuntua «musika kultua» delakoaren deszentralizazioa izan zen, eta horretarako, Antioko ermita leku ezin hobea izan zitekeela pentsatu zen, bai akustikagatik eta historiagatik, bai interes turistiko eta kulturalagatik. Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Harkaitz Millan Kulturako diputatuak azpimarratu dutenez, «Aurten ere, kalitatea eta barietatea bermatuta daude berriz ere. Eta programaren kalitateari inguruaren edertasuna eta ermitaren aparteko akustika gehitu behar zaizkio, kontzertu horiek esperientzia paregabea bihurtzen baitituzte».

Mikel Serrano, Zumarragako alkatea “37 urte daramagu musika-ziklo hau antolatzen, eta harro gaude Zumarragako kultura-ondarea, Antioko ermita, balioa azpimarratzeaz gain, oso akustika berezia baitu”.

Zikloaren aurreko edizioetan parte hartu dutenen artean, Ara Malikian, Kukai dantza taldea edo Kalakan dira aipagarrienak. Aurtengo programa prestatzerakoan, Covid-19aren pandemiak eragindako egoerak zikloaren antolaketa baldintzatu du, baina ahalegina egin da hurbiltzen diren artista, teknikari eta publiko guztientzako espazio seguru eta atsegina lortzeko.

Programazioa:

  • Irailaren 5a: BI MIN KANTUAN: Iparragirre eta Lete. JOXEAN GOIKOETXEA eta EUSKAMERATA.
  • Irailaren 12a: METAMORFOSIA: GARIKOITZ MENDIZABAL (txistua) eta GERMAN ORMAZABAL (pianoa).
  • Irailaren 19a: VOCALIA ABESBATZA – ESEMBLE CONDUCTUS.
  • Irailaren 26a: KAMERATA EUSKDIVARIUS – Beethovenen 250. urteurrena.
  • Urriaren 3a: GANDEIA – Igartubeitia baserrian. (18:00)

Covid-19ak sortutako egoera kontuan hartuta, edukiera mugatua izango da; beraz, kontzertuetara joan ahal izateko, dagokion gonbidapena jaso beharko da. Interesdunek kultur etxean eskatu beharko dute gonbidapena kontzertu bakoitzaren aurreko astean (09:00-14:00), edo mezu elektroniko bat idatzi beharko dute kultura@zumarraga.eus helbide elektronikora, astelehenetik asteazkenera.

Eskuragarri dauden gonbidapen kopurua baino eskaera gehiago badaude, gonbidapenak zozketa bidez esleituko dira. Pertsona bakoitzak gehienez bi gonbidapen jaso ahal izango ditu, eta gonbidapen horietako bat izenduna izango da. 18:30etatik aurrera sartu ahal izango da kontzertuetara. Autobus zerbitzua eskainiko da eta nahitaezkoa izango da gonbidapena aurkeztea.

Igotzeko: 18:30etan posta bulegoan.

Jaisteko: kontzertua amaitu ondoren.

Ezinbestekoa izango da eskuak gela hidroalkoholikoz garbitzea eta maskara erabiltzea, bai elizan, bai geltokian eta autobusaren barruan.

 

 

 

 

  

1621