Aldundiak udako ekintzetarako 360 plaza eskaintzen ditu 14-17 urte bitarteko gazteentzat
Aldundiak udako ekintzetarako 360 plaza eskaintzen ditu 14-17 urte bitarteko gazteentzat
Egonaldi programa honen helburu nagusia da Gipuzkoako gazteei beren aisialdi-astialdiak modu aberasgarrian igarotzen laguntzea.
Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuko, Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusiak, 360 plaza eskaintzen dizkie, 2018an, 14-17 urte bitarteko gipuzkoar gazteei. Gai jakin batzuen inguruko, aisia eta abenturako jarduerez osatutako egonaldi programa honen helburu nagusia da Gipuzkoako gazteei beren aisialdi-astialdiak modu aberasgarrian igarotzen laguntzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 urte baino gehiago daramatza programa hau eskaintzen, eta Haurren, Nerabeen eta Gazteen Sustapenerako Zerbitzuaren gizarte eta heziketa jardueren udako eskaintzari dagokio, 7-13 urte bitarteko neska-mutilentzako Udalekuak programarekin batera.
Aurtengo jarduerak uztailean eta abuztuan egingo dira eta 7, 10 eta 12 eguneko oporraldiak izango dira. 168 plaza eskaintzen dira 8 txandatan, beste autonomia erkidego batzuekin koordinatuta; zehazki, Madril, Extremadura, Gaztela-Mantxa, eta Gaztela eta Leon, eta baita Nafarroako Komunitate Foralarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin. Aipatu ditugun lehenengo lau erkidegoekin gaztelera izango da komunikaziorako hizkuntza. Beste 192 plazak euskaraz izango dira, horietako bi Arabarekin batera egingo ditugularik.
Ekintza asko eta era askotakoak izango dira. Abenturako jarduerez gain, kulturalak eta ludikoak ere egiten dira oporraldietan, esate baterako: mendi-ibilaldiak, eskalada, uretako jarduerak (piragua, bela, urpeko igeriketa, raftinga,...), tailerrak, kultura-ibilaldiak.
Beren sormena eta alderdi artistikoa askatu nahi duten gazteei dagokienez, parte hartu ahal izango dute, alde betetik, musikari lotutako Gasteizko “Gazte Rock” udalekuan, beste autonomia-erkidego batzuetako gazteekin batera (Araba, Madril, Extremadura eta Galizia), edo bestetik, Hondarribian arte eszenikoen inguruan eta zehazki antzerkian oinarrituta antolatu diren udalekuetan, gazte nafar eta arabarrekin batera.
Dena den, txanda guztietan mota ezberdinetako ekintzez osaturiko programazioa izango dute, hau da, ekintza hezitzaileak, aisialdikoak, kirolak, kultur bidaiak eta taldeko ekintzak; eta guztiak harremanak nahiz aberastasun pertsonala lantzeko asmoz burutuko dira.
ESKAINTZA:
14-15 urte bitartekoentzat (2003-2004)
Hizkuntza Lekua Data
Euskara Son Bou-Menorca uztailak 1-7
Euskara Piles-Valentzia uztailak 1-10
Gaztelera Tragacete-Cuenca uztailak 1-10
16-17 urte bitartekoentzat (2001-2002)
Hizkuntza Lekua Data
Gaztelera Gazte Rock-Araba uztailak 1-12
Euskara Son Bou-Menorca uztailak 9-15
Euskara Benicassim uztailak 21-30
14-17 urte bitartekoentzat (2001-2004)
Hizkuntza Lekua Data
Gaztelera Las Dehesas - Madrid uztailak 11-20
Gaztelera Navarredonda - Ávila uztailak 11-20
Euskara Doneztebe – Nafarroa uztailak 11-20
Gaztelera Jerte (Cáceres) uztailak 21-30
Euskara Hondarribia- Arte eszenikoak - antzerkia uztailak 23-abuz. 1
Euskara Zarautz-Surf uztailak 23-29
Abuztuak 1-7
Euskara Hondarribia Ur ekintzak Abuztuak 1-7
Aurreko urteetan bezala, aurten ere egonaldiei buruzko informazioa zuzenean web-orrian jaso ahal izango da. Hainbat kasutan ekintzak naturan garatzen direnez, zaila izango dute Interneteko konexioa lortzen eta, beraz, informazio hori egonaldia bukatutakoan emango da.
Jarduera berezi guztiak begirale espezializatuek gainbegiratuta eta gidatuta egiten dira, behar dituzten segurtasun neurriekin beti.
Kuotei dagokionez, horietan sartuta dago mantenu osoko egonaldia, ekintzak gauzatzeko dinamizazio-zerbitzua, istripuetarako asegurua eta erantzukizun zibilekoa eta joan-etorriko garraioa.
Aurtengo kanpainan, ordainketa kuota progresiboak aplikatuko dira. Parte hartzaile bakoitzak ordaindu beharreko kuota 2016. urteko Errenta Aitorpenaren arabera kalkulatuko da. 2016ko diru sarreren araberako tarteak finkatuko dira eta kuotak, tarte horietara egokituko dira. 2018 urteko kuotak honako hauek izango dira:
Arrunta F. Ugariak F.ugari bereziak
7 egun 165€ 116€ 83€
10-12 egun 228€ 160€ 114€
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gizarte-larrialdiko laguntzak jasotzen dituzten familietako gazteei, kide guztiak langabezian dituzten familietako adingabeei, familia gurasobakarretakoei, hobariak emango dizkie.
Izena bakarka edo gehienez ere hiru laguneko taldeka eman daiteke martxoaren 14tik 26ra. Internet bidez: www.gipuzkoangazte.eus/gazte-oporraldiak edo Udako Programen bulegoan. Parte-hartzaile bakoitzeko eskaera-orri bakarra onartuko da, programan parte hartu nahi duten guztiek aukera berdinak dituztela ziurtatzeko. Eskaera-orri bat baino gehiago aurkituz gero, eskaera deuseztatu egingo da. Martxoaren 27an eta 28an begiratu ahal izango dira zozketarako onartutakoen zerrendak, bai izena emateko lekuetan, bai eta Interneten ere; eta erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira.
Zozketa jendaurrean eta notario aurrean egingo da, apirilaren 10an. Arratsalde horretatik bertatik jakin araziko dira emaitzak kanpainan parte hartzen duten bulegoetan eta Interneten. Zozketan plaza lortu dutenek apirilaren 12tik 23a artean dute izena behin betiko emateko epea. Izena eman dutenei etxera bidaliko zaie oporraldiaren kuota ordaintzeko agiria eta, horrekin batera, izen-ematea ongi burutzeko aurkeztu behar duten dokumentuen zerrenda ere. Behin betiko izena emateko epea amaitzen denean norbait izena eman gabe badago, bere plazari uko egin diola iritziko da.
Amaitzeko, aurreko urteetan parte-hartzaileei egindako galdeketaren arabera, honako hau izan zen gogobetetze-maila: 0tik 10erako eskalan (txarrenetik onenera) batez besteko balorazioa 8,9 puntukoa da; beraz, oso ona eta azpimarratzekoa da, kanpainaz kanpaina balorazio horri eutsi diogula.
1531