Breadcrumb

Asset Publisher

Back Kulturako Departamentuak eta Kutxa Fundazioak abian jarri dute Gordailua- Kutxa Fundazioa beka berria

Kulturako Departamentuak eta Kutxa Fundazioak abian jarri dute Gordailua- Kutxa Fundazioa beka berria

Nazioarteko beka, bikaintasunean prestatzeko arte ederrei eta beste kultura-ondasun batzuei buruzko kontserbazio eta zaharberritze jasangarrian.

2022/03/31

Gordailua-Kutxa Fundazioa beka berria aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Departamentuak eta Kutxa Fundazioak. Aurkezpenean izan dira Harkaitz Millan, Kulturako diputatua; Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendari nagusia; Ane Abalde, Kutxa Fundazioko Arte eta Ondare zuzendaria; eta Carlos Olaetxea, Gordailuako zuzendaria.

Ander Aizpurua Kutxa Fundazioako zuzendariak azpimarratu du: “Kutxa Fundazioak, bere Plan Estrategiko berriarekin bat etor daitezen bere ekintza berriak, Gordailua- Kutxa Fundazioa beka jarri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkartuta, eta hori, artearen, gaitasunen garapenaren eta ondarearen kontserbazio eta dibulgazioaren bidez, kultura artistikoa eta ezagutza sustatze aldera laguntza espezifikoagoa eskaintzeko; baita gizarte-berrikuntza bultzatzeko ere, izaera eraldatzailea eta erakuste-efektua duten proiektuen bidez, eta Gipuzkoako gizartearen erronka estrategikoei erantzungo diete proiektu horiek 2030 Agendari beren ekarpena egiteko”.

Gordailua-Kutxa Fundazioa bekaren helburua kontserbazio eta zaharberritzearen arloan prestakuntzan eta ikerketa sustatzen laguntzea da, eta, bereziki, arte ederrei eta beste kultura-ondasun batzuei buruzko kontserbazio- eta zaharberritze-jardunbideetan parametro jasangarriak ezartzen laguntzea. Honi dagokionez, Harkaitz Millan Kultura diputatuak nabarmendu duenez, “ondare historikoa ulertzeko modu berriak bilatzea, irekiagoak eta pluralagoak, Gordailuaren helburuaren parte da”.

Urteroko beka honen hartzaileak kontserbatzaileak edo kontserbazioan diharduten profesionalak izango dira. Bekan 30.000 euro, Kutxa Fundazioak emanak, eta 12.000 franko, Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroak emanak, sartzen dira.

Beka 2022ko irailean hasiko da, 3 hilabeteko egonaldiarekin Gordailua-Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan (Irun), zentroa eta bertako lan-ildoa ezagutzeko; jarraian 6 hilabeteko egonaldia egingo da Suitzako Museo Nazionalak Affoltern am Albis-en duen Bildumen Zentroan; eta amaitzeko 10 hilabeteko egonaldia Gordailuan, non ordu arte lortutako ezaupideak aplikatuko diren proiektu jakin batean, eta proiektu horrek Gordailuaren arazo edo premiak hartuko ditu kontuan arte ederrei eta beste kultura-objektu batzuei buruzko kontserbazio eta zaharberritzearen inguruan jasangarritasunaren ikuspegitik.

Beka honetan garatu beharreko proiektuak ezarritako hiru ildo estrategikoren barruan gauzatu ahal izango dira: garraio, biltegiratze eta erakusketarako kultura-ondasunen egokitzapenari aplikaturiko jasangarritasuna; material eta ekintza jasangarriagoak ikertzea obrak kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku-hartzeetan; eta berrikuntza, obra artistikoen kontserbazioaren kudeaketa jasangarrian.

Bekaren onuradunak, Gordailuaren eta Affoltern am Albis-eko zentroetan, bere lanaren tutoretza egingo duten arduradunak izango ditu bekak irauten duen hilabeteetan; eta bekaren epea amaitu ondoren, proiektua memoria batean jaso beharko du bekadunak, memoria hori Kutxa Fundazioa-Gordailuari emango dio, eta horrek kopia bat bidaliko du Suitzako Museo Nazionalaren Bildumen Zentrora (Affoltern am Albis).

Zentro homologoak bisitatzea oso interesgarria da Gordailuarentzat, esperientzia berriak ezagutzeko, profesionalen arteko lankidetza eta truke emankorrak sortzeko aukera ematen baitu. 2021ean, hiru biltegi frantses bisitatu dira: Liévingo Louvre Kontserbazio Zentro berria, 2019an inauguratu zena pinakoteka handiaren beharrei erantzuteko, Sena ibaiaren uholdeek haren biltegiak arriskuan baitzeuden. Nancyren Erreserbak eta Nancyren aglomerazioa, 2013an eraikia, hiriaren eta komunitatearen funtsak biltzen dituena. Eta Saint Deniseko Arte Apaingarrien Museoko gordailuak. Eraikina beste 11 museorekin partekatzen du, eta mota eta formatu guztietako 350.000 lan baino gehiago biltzen ditu. Horien ehun-bilduma Frantziako estatuko garrantzitsuena da.

Beka hau eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren, Kutxa Fundazioaren eta Suitzako Museo Nazionalak Affoltern am Albis-en duen Bildumen Zentroaren artean sinatutako hitzarmena beste urrats bat da Gordailua nazioartekotzeko, eta harremanak finkatzen ditu, orain arte Gordailuako taldeak Europako Kontserbazio-zentroetara bisitak soilik egin izan baditu ere.

 

 

  

2273