Breadcrumb

Asset Publisher

Back Kursaalen egin da Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak antolatutako jardunbide egokien jardunaldia

Kursaalen egin da Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak antolatutako jardunbide egokien jardunaldia

· Jardunaldiak balioan jarri ditu pertsonek egoitzetan egiten duten ibilbidearen etapak irudikatzen dituzten lau praktika on.

Gipuzkoako Foru Aldundia

«Zainketetatik laguntzetara eta komunitateko inklusiora: pertsonengan oinarritutako arreta» izenburupean, Donostiako Kursaalen egin da Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak antolatutako jardunaldia. Ekitaldi honek balioan jarri ditu Gipuzkoako egoitzetan egiten diren praktika onak, azpimarratuta modu berritzailean islatzen dutenak erabiltzaileek egoitzara iristen direnetik beren bizitzaren azken momentura arte egiten duten ibilbidea. Ekitaldian 300 pertsonak parte hartu dute, gehienak sektoreko profesionalak, baina baita erabiltzaileek senitartekoak ere.

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak jardunaldian izan duen hitzartzean azpimarratu duenez, garrantzitsua da hausnarketa egitea eta ezagutzak partekatzea, sendotzeko zainketak, babesa eta inklusio komunitarioa, egoitzak eraldatzeko liburu berdearen ildo berean. «Gure helburua da pertsonak jartzea gure politikaren erdigunean, autonomia eta duintasuna sustatzen dituen arreta bermatuta», adierazi duenez. Gainera, azpimarratu du Gipuzkoak hainbat erronka dituela, besteak beste, biztanleriaren zahartzea, berdintasuna, aniztasuna eta gizarte ongizatea hobetzea, 20>30 Agenda nabarmenduta zainketen eredua humanoagoa, eraginkorragoa eta egungo beharretara egokituagoa den sistema bihurtzeko ibilbide orri gisa.

Peñak gogoratu du Gipuzkoa Zaintza Lurraldea eredu estrategikoaren oinarri direla eskubide sozialak, pertsonalizazioa, prebentzioa eta komunitatean parte hartzea, eta hori aplikatzeko helburu eta jarduketa jakinak bete behar direla, zerbitzuetako berrikuntza eta gobernantza sendotzea bezalako ekimenekin. «Gaurko jardunaldian aukera dugu burutzen ari diren praktika onak aitortu eta partekatzeko, horietatik ikasi eta inklusioa, berdintasuna eta pertsonen eta komunitateen parte-hartze aktiboa oinarri dituen zainketa eredu baterantz aurrera egiten jarraitzeko» adierazi du, eta amaitzeko, eskerrak eman dizkie ekitaldian parte hartu duten pertsona eta entitate guztiei.

Praktika berritzaileak

Ekitaldirako, aurrez lurraldeko egoitzetako ekimenak mapeatu dira, hamar praktika berritzaile hautatu eta aditu talde batek ebalua ditzan. Horietatik lau lehenetsi dira, pertsona batek egoitza batean sartzen denean eta bertan bizi denean egiten duen ibilbidearen etapak irudikatzen dituztenak, egoitzan sartu aurreko prestaketatik abiatuta bizitzaren amaierako zainketetara bitarte.

Ibilbidearen hasieran etxez aldatzeko prozesua prestatzen da, egoitzarako trantsizioa eginda plangintza zainduarekin eta errespetutsuarekin. Ikuspegi horren helburua da etxe-aldaketaren eragin emozionala minimizatzea, pertsonari lagunduta ingurune berrirako egokitzapenean eta bermatuz lehen momentutik sentituko duela harrera egokia izan dela eta ulertzen dutela. Ekimen hau Matia Fundazioak kudeatzen duen Oiartzungo Petra Lekuona egoitzan burutzen da.

Ondoren, egoitzan sartu aurretik familiekin lan egiten da, funtsezko urratsa baita pertsona bera eta hura maite duten pertsonak errazago egokitzeko. Prozesu horren helburua da konfiantza eta segurtasuna sortzea aldaketa nabarmeneko une batean, eta ziurtatzea inplikatutako pertsona guztiek ulertzen dutela eta parte hartzen dutela doikuntza prozesuan. Praktika hori Donostiako Zorroaga egoitzan egiten da.

Egoitzako egonaldiko aldian, bereziki garrantzitsua da bizitzaren historia plangintza pertsonalizatuaren praktika ardatz gisa txertatzea. Ikuspegi horrek pertsonaren esperientziak, gustuak eta lehentasunak kontuan hartuta antolatzen du arreta, ziurtatuz zaintza bere nortasunarekin koherentea dela eta bere bizi-ibilbidea errespetatzen duela. Ekimen hori Aita Mennik eta Kabiak kudeatzen duten Oñatiko San Martin egoitzan ezarri zen, eta zaintza gizatiarragoa eta hurbilagoa eskaintzeko aukera ematen du.

Azkenik, ibilbidearen amaieran esku-hartze pertsonalizatua egiten da unerik zailenetan: bizitzaren amaieran. Bizitzako azken uneetan arreta pertsonalizatua eskaintzeko, zainketen plangintza arduratsua egiten da eta pertsonari zein haren familiari laguntza emozionala ematen zaie, agur duina eta errespetuzkoa izan dadin. Praktika hori Kabiak kudeatzen duen Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan burutzen da.

Txostenak eta hausnarketak

Aditu gailenek ere parte hartu dute jardunaldian. Teresa Martínez CuidAS estrategia eta sarearen koordinatzaileak "Evaluación y mejora continua para una atención de calidad y más personalizada" ponentzia eman du, eta azpimarratu ditu pertsona erdigunean jartzen duen arretaren erronkak eta aukerak. Bestalde, SIIS Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuko Joseba Zalakainek gizarte-politiketarako orientabideei, esperientziei eta jardunbide egokiei buruzko azterketa zehatza eskaini du, eta ikuspegi baliotsuak eman ditu arlo horretako esku-hartzeak hobetzeko.

Jardunaldi honen bidez, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak berresten du berrikuntzarekin eta pertsonak eta horien beharrak erdigunean jartzen dituen arreta ereduaren sustapenarekin duen konpromisoa, hori lortzen laguntzen duten praktika onak aitortuta.

  

1879