Pasaiako Badiak uholde garrantzitsuak izan ditzake itsasoaren mailaren gorakadaren ondorioz
Pasaiako Badiak uholde garrantzitsuak izan ditzake itsasoaren mailaren gorakadaren ondorioz
XXI. mendean aurrera egin ahala, klima aldaketaren ondorioek eragina izango dute itsasoaren batez besteko mailaren igoeran, eta uholdeak eragin ditzakete Pasaiako erdigunean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Asmaturi eskatutako txostenaren arabera. Neurri zuzentzaileak oinarrituko dira Pasaiako badia berroneratzeko esparruan gauzatuko diren hainbat jardueratan.
José Ignacio Asensio, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua: «Klima aldaketa errealitate bat da, eta haren ondorio batzuk geratzeko iritsi dira, baina, zorionez, oraindik badugu denbora eta gai gara aurrea hartzeko eta klima politika egokienak diseinatzeko. Egun hauetan Egipton garatzen ari den klimaren goi bilerak berriz ere gogorarazten digu arazo global baten aurrean gaudela, eta arazo horren konponbidea tokikotik hasten dela, eta Pasaiako kasu zehatzean, Foru Aldundiak nahiz Udalak baditugu Pasaiako familien ongizatea eta bizi kalitatea zaintzeko behar diren borondate irmoa, ezagutza eta tresnak».
Izaskun Gomez Pasaiako alkatea: «Pasaitarrekin konpromisoa hartu genuen gure hauteskunde programan, eta bete egin dugu. Pasaia badia baten inguruan eratua dago eta horrelako udalerri batean ezinbestekoa da itsas mailaren balizko igoerak zer arrisku dakartzan ezagutzea. Pasaiako alkate naizen aldetik, aukera hori ezagutu behar dut. Txostenak arriskuei buruzko argibideak ematen dizkigu eta ondorioak saihesteko nola jokatu behar den azaltzen digu».
Pasaiako Udalaren eskutik aurkeztu da klima aldaketak Pasaian eragindako kalteberatasunari buruzko ebaluazio txostena. Asmatu enpresak egin du, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Foru Departamentuak eskatuta. Departamentu horretako diputatu Rafaela Romerok Pasaiako alkate Izaskun Gómezekin eta Ingurumeneko foru diputatu José Ignacio Asensiorekin batera hartu du parte ekitaldian.
Txostena aurkeztu da Egipton klimari buruzko goi bilera egiten den bitartean, eta bertan aztertu da klima aldaketaren ondorioz itsas maila igotzeak nola eragingo dien Pasaiako badiako udalerriei; inguru horretan izan daitezkeen arrisku proiekzioak eta balizko eraginak biltzen ditu. Ondorioek adierazten dute mende honen bigarren erdian uholdeak jasateko arrisku handia dagoela Pasai Antxo, Herrera eta San Pedron eta Donibaneko zati batean. Halaber, aurreikuspenik txarrenen arabera, portua ere urpean geratuko litzateke. Gipuzkoako Itsasoaren eta Kostaldearen Behatokiaren Focus txostenak adierazten duenez, Bizkaiko Golkoko itsasoaren batez besteko maila 1,7 eta 3,4 cm artean igotzen ari da hamarkada bakoitzeko 90eko hamarkadatik.
Pasaiari dagokionez, datuak bat datoz; izan ere, Asmaturen txostenak aurreikusten du 2100 maila igoko direla 50 cm eta 2 m artean. Ondorio horietara iristeko, azterlanak hainbat faktore analizatu ditu: uraren tenperatura, olatuen aldaketa edo gizakiak ibai eta itsas ertzeetan duen eragina. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, «ezagutza eta zehaztasun zientifikoa ezinbestekoak dira klima aldaketaren ondorioei aurre hartu eta klima ekintzarik egokiena diseinatzeko, hala ondorioak arintzeari nola egokitzeko politikei dagokienez. Eta, jakina, Pasaiaren kasuan bezala, beharrezkoa da erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa, udalerriaren eta herritarren etorkizuna zaintzeko estrategia klimatikoak ezartzeko orduan».
Etorkizunean itsas mailak gora egiten badu eraginak jasango lituzketen udalerriak babesteko neurriak izango dira ingurunea babestekoak, eta horrek lurraren estetika aldatuko du, baita portuko jarduna ere. Proposamenetako bat da horma perimetral bat eraikitzea, funtzio bikoitzarekin: ura Pasai Antxon ez sartzea eta Molinao errekastoa bideratzea. Portuaren barneko eremua eta aldameneko herriak babesteko 10 km-ko horma bat eraiki beharko litzateke, perimetroko babes dikeekin. Neurri zuzentzaileen artean ere aurreikusten da badiara sartzeko eta irteteko itsasartean esklusa bat eraikitzeko aukera, portuaren barneko ur maila erregulatzeko.
Aukera hori bideragarria da eremuaren ezaugarri bereziengatik, ez baitute aukera ematen maniobra bakoitzean ontzi bat baino gehiago sartzeko edo irteteko.
Izaskun Gómez Pasaiako alkateak adierazi duenez, «Arau Subsidiarioak berrikusten ari gara aurreikusitako arriskuari aurre hartzeko aukera emango diguten neurriak ezartzeko. Txostenak administrazioei adierazten digu modu koordinatuan jardun behar dugula, eta horretan ahaleginduko naiz, hala gai honetan nola pasaitarren bizikidetza egokia lortzeko beharrezkoa den gainerako gaietan. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiot Gipuzkoako Foru Aldundiari txostena egiteko emandako laguntzagatik»
Rafaela Romeroren hitzetan, «Pasaiako barrutietako esklusak, babes dikeak edo uholdeak aipatzeak kogobernantzaz aritzera garamatza. Esan bezala, gure zeregina izan da bultzatzaile gisa jardutea balizko agertoki batzuk aztertzerakoan. Balizko konponbideak gauzatzeko Foru Aldundiak ez ezik, Udalak eta Portu Agintaritzak ere jardun behar dute. Azken urteotan egiten ari garenaren ildotik, administrazioen arteko elkarrizketarako eta lankidetzarako politikatik soilik izango gara gai konponbideak gauzatzeko».
4862