Breadcrumb

Asset Publisher

Back Urte hasieran bukatuko dira Elosu eta Bergara arteko errepidea birgaitzeko lanak

Urte hasieran bukatuko dira Elosu eta Bergara arteko errepidea birgaitzeko lanak

Bigarren mailako errepide-sarea mantetzeko eta hobetzeko Foru Aldundiak egiten duen lana nabarmendu du Maria Ubarretxenak: “Funtsezko apustua da Gipuzkoa hobetzen jarraitzeko eta herriguneetatik urrun dauden auzoetan ere bizi-kalitateari eusteko”

2023/09/06
Elosu - Bergara

Elosu auzoa eta Bergarako herrigunea lortzen dituen GI-3750 errepidearen zorua konpontzeko lanei ekin die Gipuzkoako Foru Aldundiak. Guztira 6.285 metroko errepide-tarteko firmea birgaituko da. Hala, lanen hasieraren berri eman eta obra osoaren garapenari buruzko xehetasunak emateko, Elosu auzoan izan da Bide Azpiegituretako diputatu, Maria Ubarretxena; Bergarako alkate, Gorka Artola eta Elosuko auzoalkate, Iñigo Zubeldiarekin batera. Lanek 845.000 euroko aurrekontua dute eta 5 hilabeteko exekuzio epea, eguraldiaren baldintzak eta bestelakoak gora-behera, eta 2020-2021ean konpondu zen Elosu eta Azkoitiko tarte berrituari batuko zaio hobekuntza hau.

Ubarretxenak aurreratu duenez, errepidea datorren urtearen hasieran prest izatea da zuzentzen duen departamenduaren aurreikuspena, eta “segurtasunean eta erosotasunean hobekuntza nabarmenak” igarriko dituzte bide hau erabili ohi duten elosuar eta bergararrek. Horri dagokioenez, foru diputatuak nabarmendu nahi izan du bigarren mailako errepide sarearen mantenimenduan Gipuzkoako Aldundiak egiten duen ahalegin handia, “funtsezko apustua” baita lurraldearen kohesiorako. “Herriguneetatik urrun dauden auzoetan bizi-kalitateari eustea, Gipuzkoa hobetzen jarraitzeko ezinbestekoa” da eta konpromiso horri eusten jarraitzea da asmoa, foru eskumeneko errepideei dagokienez, “auzo eta baserri-auzoak ere oso presente” izan nahi baititu foru diputatuak. Zehazki, Elosuko errepidearen kasuan, ezinbesteko komunikazio- eta zerbitzu-bidea da auzotar eta inguruko baserrien bizitzarako, eta erabilera aldetik, oso erabilia da aisialdirako ere, asteburuetan bereziki.

          Lanei dagokienez, nagusiki firmearen gaineko hobekutzak dira gauzatuko direnak. Zoruaren birgaitze orokor horrez gain, bidea hainbat puntutan egoera okerrean aurkitzen da eta, kasu horietan, errodadura geruza konponduko da gainazala fresatuz eta errodadura geruza berrituz, 4.000 m2-ko azaleran. Asentamenduek eragindako hainbat deformaziotan aldez-aurreko profilatze-lanak ere egingo dira beste 3.600 m2-tan. Halaber, birgaituko den errepide tartearen gainazal guztian mikroaglomeratuko bi geruza aplikatuko dira. Hau guztia, drainatzea hobetzeko berregingo diren zenbait arekak, zortzi kutxatilaren berritzeak eta euste elementu berrien eraikuntzak osatuko dute, bide tarte osoaren segurtasun eta erosotasun maila handituz.

Era berean, Gorka Artola Bergarako alkateak ere proiektu honen garrantzia nabarmendu du: “Bergarako Udalarentzat garrantzitsua da herrigunearen eta auzoguneen arteko azpiegiturak hobetzen jarraitzea. Zentzu horretan, duela urte batzuetatik hona egin izan dugun eskaera bat da, eta pozten gaitu proiektua aurrera dihoala ikusteak. Bestalde, eguneroko erabiltzaileek lehentasuna duten arren, errepide horretan ere txirrindularitza eta motor froga ezberdinak egin ahalko dira urtean zehar konponketei esker, eta hori ere kontuan hartzekoa eta azpimarragarria da.

  

1926