Breadcrumb

Asset Publisher

Back Urnietako energia-komunitatea 213 etxe eta saltoki txikitara iritsiko da

Urnietako energia-komunitatea 213 etxe eta saltoki txikitara iritsiko da

Urnietako tokiko energia-komunitateak energia berriztagarria kontsumitzeko aukera emango die 213 etxeri, eta faktura elektrikoan % 25eko aurrezpena espero da.

2023/01/23
TEK Urnieta

Herriko bizilagun guztientzako lehen informazio bilera urtarrilaren 25ean eginen da, 18:00etan, Lekaio kultur etxeko areto nagusian.

Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak (30.000 euroko inbertsioa) eta Urnietako Udalak sustatzen dute, Sarobe Arte Eszenikoen Zentroko eta udal-pilotalekuko estalkiak doan lagatzen baitituzte instalazio fotovoltaikoa egiteko.

Jorge Segurado: «Eguzki-energia energia garbia eta agortezina da, energia elektriko bihur daitekeena, eta hori da, hain zuzen ere, energia-komunitatearen proiektu berritzailearen oinarria. Batzordeko kideek argindarraren faktura murriztea lortuko dute, baina, batez ere, iraunkortasunari eta ingurumena zaintzeari lagunduko diote, energia % 100 berriztagarria erraz kontsumituz, ez baitute etxean obrarik edo instalaziorik egin beharko. Behar den instalazio fotovoltaikoa egiteko, Udalak bi udal eraikin lagako ditu».

José Ignacio Asensio: «Bereziki, bizitzen ari garen garai honetan, gure etxe eta saltokiei eragiten dien egoera energetiko konplexuarekin, bultzatzen ari garen eredu energetikoak lagundu egingo die familiei elektrizitatearen prezioen gorabeherak arintzen. TEKen bidez, energiaren demokratizaziorako aurrerapausoak ematen dira, baita erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoko kulturaren alde ere, kultura efiziente, bidezko eta jasangarriago baterantz; horrek ekarriko du inguru honetan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzea».

Gaur eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok, Urnietako alkate Jorge Seguradok eta Edinor-eko kontseilari delegatu Juan Diegok Urnietako tokiko energia-komunitatearen proiektua aurkeztu dute, TEK Urnieta izenekoa.

Erkidego hori energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzeko izango da, eta herriko bi udal-eraikinetan egingo da: Sarobe Arte Eszenikoen Zentroan eta udal-pilotalekuan. Udalak lagako ditu eraikin horiek, Urnietako familiek energia elektrikoa sortzeko eta kontsumitzeko eredu jasangarri hori eskura dezaten.

Udal-eraikinetan 141 kW-ko eta 315 plakako instalazioa egitea aurreikusten da. Instalazio horrek 945 m2-ko azalera erabilgarria izango du, eta energia berdea emango die, autokontsumoko

erregimenean, instalaziotik 2 kilometroko erradioan dauden Urnietako 213 etxeri. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 30.000 euroko inbertsioa egin du ekimen hau abian jartzeko. Energia garbia ekoizteko eta kontsumitzeko aukera emango die 213 familiari eta saltoki txikiri, zero kilometroko eta autokontsumo-formatuan, eta % 25eko aurrezpena espero da. 

José Ignacio Asensio foru diputatuak azpimarratu du energia eskubide soziala dela eta eredu berri bat behar dela etxeak ahalduntzeko, energia sistemaren erdigunean jarriz, energia garbia eta fakturan dirua aurrezteko beharrezkoak diren tresnak eskura ditzaten. Asensiok gogorarazi duenez, «gaur egun bizi dugun garai honetan, gure etxe eta saltokiei eragiten dieten energia-kontingentziako neurriak eragin dituen egoera energetiko konplexuarekin, bultzatzen ari garen energia-ereduak lagundu egingo die familiei elektrizitatearen prezioen gorabeherak arintzen. TEKen bidez, energiaren demokratizaziorako aurrerapausoak ematen dira, baita erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoko kulturaren alde ere, kultura efiziente, bidezko eta jasangarriago baterantz; horrek ekarriko du inguru honetan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzea».

Udalak doan lagako ditu Sarobe Arte Eszenikoen Zentroaren eta instalazio fotovoltaikorako udal-pilotalekuaren estalkiak. Guztira, 315 plaka egongo dira, eta horien bidez, gutxi gorabehera, 141 kW-ko potentzia izango dute, % 100 berriztagarria eta deskarbonizatua. Epe luzera, eta Nazio Batuen 2030erako garapen jasangarrirako helburuak aintzat hartuta, instalazio horiek 4.500 MWh zero kilometroko energia deskarbonizatu sortuko dute, eta atmosferara 945 tona CO2 baino gehiago isurtzea aurreztuko dute; horren baliokidea udalerrian 3.525 zuhaitz landatzea izango litzateke, 25 urtean karbono-hustutegi gisa jardunez. 

Proiektu horrekin, herritarrek, José Ignacio Asensioren hitzetan, «rol aktiboa hartzen dute trantsizio energetikoaren prozesuan, komunitatea sortuz eta kultura energetiko berri bat sortuz, non pertsonek erabakitzeko, aurrezteko eta ezagutzeko ahalmen askoz handiagoa eskuratzen duten eredu tradizionaletan baino. Urrats garrantzitsua da herritarrek energia garbia eta bidezko baldintza ekonomikoetan izateko duten eskubide sozialaz baliatzeko, eta aurrerapauso bat energiaren demokratizazioak kolektibo guztiak har ditzan, inor atzean utzi gabe bide horretan».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentua zenbait ekimen bultzatzen eta babesten ari da Gipuzkoako udalerrietan, mendekotasun energetikoa murrizteko, berriztagarrien erabilera sustatzeko eta autokontsumoa indartzeko. 2023ko lehen seihilekoari begira, «espero dugu Gipuzkoako 36 udalerritan egotea eta 5.000 etxe eta saltoki txikitara iristea. Modeloa oso ondo funtzionatzen ari da: udalek eraikin publikoen estalkiak lagatzen dituzte plaka fotovoltaikoak instalatzeko, Ingurumen Departamentuak eta Europak inbertsioa diruz laguntzen dute, eta herritarrek baldintza oso eskuragarrietan hartzen dute parte», adierazi du Asensio diputatuak.

  

2834