Nazioarteratzea, talentua eta gastronomia digitala bultzatzeko 1,8 milioi euro aktibatu ditu Aldundiak
Nazioarteratzea, talentua eta gastronomia digitala bultzatzeko 1,8 milioi euro aktibatu ditu Aldundiak
Nazioarteratzea, talentua eta gastronomia digitala bultzatzeko 1,8 milioi euro aktibatu ditu Aldundiak
Ekonomia babestu eta bultzatzen jarraitzearen garrantzian jarri du azpimarra Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak
Eider Mendoza Foruko Aldundiko bozeramaila
Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru dirulaguntza deialdi onartu ditu gaur, guztira 1,8 milioi euroko zuzkidura dutenak eta enpresen nazioarteratzea, talentua eta gastronomia digitala bultzatzea helburu dutenak. Hirurak laguntza programa hauen 2023 urteko deialdiak dira, eta xehetasunak datozen egunetan argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Lerro nagusia internazionalizazio programa da, milioi bat euroko zuzkidura duena; ondoren, Fellows talentua erakartzeko programa 480.000 euro izango ditu; eta azkenik, Sukalberri programara 360.000 euro bideratu dira. “Ekonomia sendoa izatea gure ongizate mailaren oinarrian dago eta, horretarako, gure ehun ekonomikoa babestu, indartu eta modernizatzeko ekimenak ari gara jartzen martxan, gure konpainiak etorkizunean ere lehiakorrak izaten jarraitu dezaten”, esan du Eider Mendoza foru bozeramaileak.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan iragarri ditu neurri hauek. Internazionalizazio programako dirulaguntzekin hasita, Mendozak gogoratu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburuen artean dagoela enplegua sortzen duten eta berrikuntza eta internazionalizazioan oinarritzen diren enpresa efikaz eta efizienteak sustatzea. “Garrantzitsua da Gipuzkoaren esportazio oinarria handitzea; horretarako, enpresa gipuzkoarrei nazioartekotzen laguntzeko behar duten sostengua eta babesa eman behar zaie, nazioartekotzea baita garapenerako eta hazkunderako lerro nagusia”, gaineratu du.
Honela, bozeramaileak esan du laguntza lerro honekin, Aldundiak Gipuzkoako enpresei laguntzea bilatzen duela, nazioarteko presentzia indartu dezaten eta atzerriko negozioa zabaldu dezaten. “Honela, produktu berriak nazioarteko merkatura eramatea bilatzen da, atzerrian enpresa filialak sortu, handitu edo erosteko ekintzak sustatuz”, adierazi du. Gainera, irabazi-asmorik gabeko erakunde adierazgarriek, balio-kate bereko enpresen dinamizatzaile gisa (kluster) talde-izaera duten merkataritza-ekintzak sustatzeko eta horrela enpresa txikien nazioartekotzea erraztea ere bilatzen da.
“Gure enpresek, tradizioz, batez ere merkatu estatala izan dute xede, eta merkatu hori, orain, suspertzen ari da pixkanaka, denbora luzez geldirik egon ondoren”, esan du Mendozak. Hori guztia dela-eta, nazioartekoagoa eta konplexuagoa den testuinguru horretan, geroz eta ugariagoak dira internazionalizazio prozesuei ekiten dieten enpresa txikiak. “Enpresa horientzat, askotan, zaila izaten da merkatuak ezagutzea eta geroz eta konplexuagoak diren eragiketa internazionaletan parte hartzea, eta horretan lagundu nahi dugu”, adierazi du. Pasa den urtean, laguntza lerro honen bidez, Gipuzkoako 37 enpresa eta agenteri lagundu zitzaien kanpo-merkatura irekitzen, eta foru erakundeak 788.992 euro bideratuko zituen, hiru laguntza lerrotan banatuta: 21 enpresak produktu berriak nazioartean merkaturatzeko laguntza (658.992 euro); kanpo ezarpenerako proiektu bat (100.000 euro); eta kluster bati zuzendutako beste bat (30.000 euro), 15 enpresa barne hartzen dituena. “Ongizatearen bermerik onena ekonomia indartsua da, eta ekonomia indartsu bat, nahitaez, nazioartekotutako ekonomia da, gaur egungoa bezalako mundu interkonektatu batean”, osatu du.
Fellows
Ondoren, Mendozak iragarri du baita ere gaur onetsi dela talentudunak erakartzeko eta eusteko Fellows Gipuzkoa programako dirulaguntzen 2023ko deialdia. 480.000 euroko gastua baimendu da deialdi hau gauzatzeko. “Fellows Gipuzkoa Programak talentua erakartzen eta eusten laguntzen du, eraiki nahi den etorkizuneko erronkei erantzuteko. Horregatik, jarduera horri jarraipena eman nahi zaio beste deialdi baten bidez”, zehaztu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Fellows Gipuzkoa programa du abian 2016az geroztik, Gipuzkoa Talent estrategiaren esparruan. Talentua erakarri, sortu eta eustean jartzen du arreta, talentu ikertzailera bideratuta. Honela, nazioarteko garrantzia duten ikerketa-taldeetan prestakuntza jaso duten eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Gipuzkoako zentroetan sartzen edo handik itzultzen diren ikertzaileak sartzea finantzatzen du. Fellowsen azken helburua pertsona horiek Gipuzkoan jarraitzea da, eta, horregatik, hiru urtez jarraitzeko aukera eskaintzen zaie. Gainera, bide honi heltzen dioten pertsonek programaren amaieratik aurrera jarraipena izan dezaten errazteko, akordio bat lortu da Ikerbasque Fundazioarekin, Fellows Gipuzkoa ikertzaile gisa bigarren urtearen ondoren ebaluatzeko. Horrela, ebaluazioa positiboa bada, ikertzailea Ikerbasque Fundazioaren programa honetan sar daiteke, Fellows Gipuzkoa gisa hirugarren urtea amaitu ondoren.
Pasa den urtean, programa honen bidez, Gipuzkoako I+G+B ekosisteman goi-mailako 5 ikertzaile berri sartu ziren. Material Physics Center, BERC Polymat, CIC BiomaGUNE, BCBL eta Biodonostia zentroetan egiten dute lan pertsona hauek. Aldundiaren talentua erakartzeko programa hauek martxan jarri zirenetik, 54 talentu zientifiko sartu dira Gipuzkoan. Une honetan 12 ikertzaile daude Fellowsek finantzatuta, eta gehienak, 8, emakumeak dira.
Sukalberri
Bestalde, Gipuzkoan gastronomiaren sektorea bultzatzeko Sukalberri programako dirulaguntzen 2023ko deialdia onartu du Kontseiluak. Laguntza programa honen bitartez, Gipuzkoako gastronomiaren sektoreko eragileen eta enpresen eraldaketa digitala bultzatu nahi dira. Programak 360.000 euroko zuzkidura du, sektorearen balio kate osoa hartuko du kontuan, eta teknologia berrien erabilera eta berrikuntza integrala sustatu nahi ditu.
Programa honen bidez lortu nahi da Gipuzkoa gastronomiaren arloko erreferente mundiala izan jarraitzea, baita XXI. mendeko gizarte berri honetan ere. “Izan ere, kalitatezko ezaugarriak dituelako, elikadura osasungarri eta jasangarria bultzatzen duelako, eta teknologia berriak erabiltzea sustatzen duelako, negozio eredu eta soluzio berriak diseinatzerakoan”, esan du Mendozak. Horretarako, gastronomiaren sektorearen eraldaketa digitala sustatzen da, helburutzat hartuta: aldaketak eragitea osagaien eta etxeko gauzen industrian, jatetxeen eta zerbitzu osagarrien sektoreetan jada badauden negozio ereduen bilakaera sustatzea, eta teknologiak eta berrikuntzak eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuz jasangarriagoak diren eredu berriak identifikatzea. “Elikadura-sistema jasangarria, segurua, osasungarria eta tokikoagoa sortzen lagundu nahi da, jasangarritasun sozial, ekonomiko eta ingurumenekoaren bidez, autohornikuntza-gaitasuna handituz eta elikagaien enpresa-ehunaren garapena eta lehiakortasuna bultzatuz”, azpimarratu du.
Pasa den urtean, deialdi honen babesari esker, 15 enpresa eta eragilek garatuko zituzten beren proiektuak: sektorearen balio-kate osoa hartzen zuten, eta komunean zuten teknologia berrien erabilera eta berrikuntza integrala, haien eragina aurreratuz eta negozio nahiz kudeaketa eredu berriei atea irekiz. Diruz lagundu ziren proiektuen artean daude, adibidez: produktuaren eguneroko soberakina azkar eta zuzenean merkaturatzeko plataforma bat garatzea, elikagaiak alferrik galtzea saihestuz; prozesuak eta eragiketak digitalizatzea; edota produktuak denbora errealean identifikatzeko eta zenbatzeko tresna digital bat, adimen artifizialaren bidez, biltegien inbentarioa automatizatzeko.
3538