Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten 4 milioi euro bideratuko ditu lankidetzarako laguntzetara

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten 4 milioi euro bideratuko ditu lankidetzarako laguntzetara

Aurtengo igoera %3tik gorakoa izan da. Diru-laguntzak pobrezia murrizteko, emakumearenganako edozein bereizkeria gainditzeko edo klima-aldaketaren aurka borrokatzeko proiektuetarako dira.

2023/01/31
Ayudas Cooperación

María José Telleria, Kulturako eta Nazioarteko Lankidetzako diputatua: «Aurten deialdiak 3 bereizgarri ditu: gida plan berria, COVID-19aren pandemiak utzi dizkigun ikaskuntzak eta bizi dugun testuinguruaren konplexutasuna, aurten Ukrainako gerran islatu dena.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetzako departamentuak gaur goizean aurkeztu du 2023ko lankidetzarako dirulaguntzen deialdia, Diputatuen Kontseiluak onartu ondoren. Oinarri arautzaileek bost laguntza lerro aurreikusten dituzte, 3.992.217 euroko zenbatekoarekin.

María José Tellería Kulturako diputatuak eta Fernando San Martín Lankidetzako zuzendariak gaur goizean aurkeztu dituzte aurtengo dirulaguntzak. Bertan izan dira Alboan Fundazioko Erika Ruiz, Haurralde Fundazioko Patricia Ponce eta Medicos Mundiko Gema Hierro ere, 2022ko Garapenerako laguntzen deialdian finantzatutako proiektuak aurkezteko.

María José Tellería Kulturako eta Lankidetzako diputatuak azpimarratu duenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiaren Garapenerako Lankidetzaren Gida Plana 2021-2030 onartuta indartzen dugu elkartasunarekin dugun konpromisoa eta gizateria osoari eragiten dioten geroz eta erronka handiagoekin dugun ardura, hala nola, pobrezia eta desberdintasunak desagerraraztearekin, politiken koherentzian azpimarratuta, Gipuzkoako gizartearen talentuaren eta gaitasunen konplizitatearekin.

Drulaguntzak bideratzen dira pobrezia murriztera; emakumeenganako edozein diskriminazio gainditzera; klima aldaketaren aurka borrokatzera; hezkuntzaren, osasunaren eta giza eskubideen fokua handitzera; gobernantzaren garrantzia onartzera; laguntza humanitariora eta larrialdikora; interkulturalitatera eta ekonomia sozial eta solidariorako proiektuetara. Horrez gain, Afrika lehenesten da, kontinente horretan garatzen diren lankidetza proiektuetarako kapitulu esklusibo batekin.

Laguntzak bost jardun arlotan multzokatzen dira:

• Hegoaldeko herrialde eta herri pobretuetan garapen proiektuak (Afrikan izan ezik): 1,8 milioi euro.

• Gizarte eraldaketarako hezkuntza proiektuak: 600.000 euro.

• Tokiko edo nazioarteko gizarte-eraldaketarako ekimen edo ekintza puntualak: 360.000 euro.

• Larrialdiko eta ekintza humanitarioko laguntzen proiektuak: 400.000 euro.

• Afrikako garapen proiektuak: 798.000 euro.

Dirulaguntza horien bidez laguntzen deialdiaren zenbatekoa handitzen jarraitzen dugu, pandemiaren ondoriozko krisia dela eta beherakada txiki bat jasan baitzuen.

Proiektuak

Bestalde, Alboaneko Erika Ruizek “Emakume alargunen eta ezkongabeen jabekuntza beren eskubideak defendatzeko” proiektua aurkeztu zuen. Proiektu hori Indian egiten da, eta hauxe adierazi du: “lankidetza-proposamen hau Nagappatinameko (Tamil Nadu, India) emakume alargunen mugimenduaren jabekuntza-prozesu baten jarraipena da. Proiektuaren oinarria kontrakultura-proposamen bat da, kolektibo berezi eta bereziki ahul batek, herrialde honetako emakume alargunek, pairatzen duten genero-bereizkeriaren aurkako borrokan laguntzeko. Mugimendu gisa autonomia lortzeko bidean aurrera egiteko, Kalangaraiko kideek (tokian tokiko bazkidea) lan-ardatz nagusi hauek lehenesten dituzte: genero- eta kasta-bereizkeriaren aurkako sentsibilizazioa eta borroka, eta emakumeen eskubideen defentsa, bizibideak nekazaritza-alternatiba ekologikoetatik hobetzea, eta parte-hartze politikoa eta eragina hobetzea, tokiko mailatik estatu mailara arte”.

Era berean, Haurralde Fundazioko Patricia Poncek azpimarratu du emakumeen ahalduntze jasangarrirako Agenda 2030 sustatzearen inguruko proiektua, Burkina Fason gauzatu dena.

Medicus Mundiko Gema Hierroren hitzetan, sexualitatea, generoa eta giza eskubideak aztertzen dituen proiektua, unibertsitateko komunitate kritikoa indartzea duena helburu, eraldaketa sozialerako hezkuntzako proiektua da, eta «indartu eta finkatuko du Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera azken urteetan garatzen duen lankidetza prozesu bat, eta unibertsitateko iritsi kritikoa sortu nahi du, sexu eta ugalketa eskubideak berdin baliatzeko aukerarekin eta indarkeriarik gabeko bizitza baterako eskubidearekin konprometitua. Horretarako, proiektuak hainbat ekintza aurreikusten ditu Hegoaldeko erakundeekin egituratuta, hala nola «Sexualitatea, generoa eta garapena» ikastaroaren XXIII. edizioa edo Peruko erakunde feminista batekin lankidetza praktikak burutzea».

Legegintzaldi honen lau urteetan parte-hartzea bi alderditan handitu da. Alde batetik, geroz eta gehiago dira aurkeztutako nahiz onartutako proiektuak, bost urtetan zifrak bikoiztu baitira.  Nabarmen hazi da, halaber, proiektuak aurkeztu dituzten erakundeen kopurua. Parte hartzen duten erakundeen kopuruak gora egiteak esan nahi du espezializazio maila handia duten erakundeek soilik ez dutela gaitasuna Gipuzkoako lankidetzaren garapenari beren jakintzak emateko.  Erakunde txikienek ere asko lagundu dute elkartasuna sustatzen eta gauzatzen Gipuzkoan eta herrialde pobretuetako beste komunitate batzuetan.

  

3013