Inoizko aurrekonturik altuena aurkeztu du Aldundiak, Gipuzkoaren gaurko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko
Inoizko aurrekonturik altuena aurkeztu du Aldundiak, Gipuzkoaren gaurko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko
Inoizko aurrekonturik altuena aurkeztu du Aldundiak, Gipuzkoaren gaurko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko
2023 aurrekontu proiektuak 1.129 milioi euroko zuzkidura propioa aurreikusten du Foru Aldundiarentzat, 2022 urtean baino 87,6 milioi gehiago.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du 2023rako aurrekontu orokorren proiektua, 1.129,4 milioi euroko aurrekontu propioa aurreikusten duena, 2022 urtean baino 87,6 milioi euro gehiago (+%8,41). Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Aldundiaren inoizko aurrekonturik altuena izango da, “lurraldearen gaurko eta etorkizuneko erronkei erantzutea xede duena”. Foru arduradunak azaldu du aurrekontua hiru ardatz nagusiren inguruan antolatzen dela: soziala, inbertsorea eta jasangarria. “Arlo sozialean, inoizko aurrekonturik sozialena dugu, egungo egoeraren aurrean zaurgarrienak direnak babesteko eta Gipuzkoa kohesionatua eraikitzen jarraitzeko; esparru ekonomikoan, gure ehun ekonomikoa babestu eta etorkizuneko ekonomikoaren zutabean kontsolidatu nahi ditugu aurrekontu inbertsore baten bitartez; eta, hirugarrenik, jasangarritasunarekin dugun konpromisoa berritzen dugu, klima aldaketaren kontrako borrokarekin eta jasangarriagoa den eredu sozial eta ekonomiko bateranzko trantsizioarekin”, adierazi du. “Urte onak izan ditugunean etxeko lanak egin ditugu, eta Gipuzkoa orain prest dago datorrenari aurre egiteko”, azpimarratu du.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean. Berarekin izan dira Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua, Jose Ignacio Asensio, eta Ogasun eta Finantzetakoa, Jokin Perona, denak ere datorren urteko aurrekontuaren berri emateko. Proposamenak gaur jaso du Aldundiko Gobernu Kontseiluaren oniritzia, eta eguerdian Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteari helarazi diote. Horrela, aurrekontu-proiektua lurraldeko ganberan eztabaidatuko da, lehenik batzordean, bigarrenik zuzenketen bidez eta, azkenik, osoko bilkuran. Prozesua bi hilabete ingurukoa izango da, eta, aurreikuspenen arabera, 2023ko foru-kontuek behin betiko oniritzia jaso dezakete urtea amaitu baino lehen.
Olanok, bere hitzaldian, gogoratu du nazioarteko agertokian ziurgabetasunak direla nagusia: prezioen gorakada, energia krisia, geldialdiaren mehatxua… “Baina, ziurgabetasunen aurrean, konfiantza eta lasaitasun mezua helarazi nahi dugu. Gipuzkoako Foru Aldundian etxeko lanak egin ditugu eta prest gaude: pandemia aurreko urteetan gogor egin dugu lan zorra murriztu eta erakundea osasuntsu mantentzeko, eta orain gai gara gure baliabide guztiekin erantzuteko”, aldeztu du, adibide bezala jarriz inflazioari aurre egiteko arlo fiskalean azken hilabeteetan hartu diren erabakiak. “Aurrekontu honen bitartez, 2023an behar denari aurre egiten jarraituko dugu, arazo ekonomikoek gehien kaltetu dituztenak babesten; ekonomia sustapena bultzatu eta gure etorkizuneko ekonomiaren oinarriak egonkortzen; eta gizarte jasangarriago baterako trantsizioari jarraipena ematen”, esan du.
Soziala, inbertsorea eta jasangarria
Aurrekontuaren proposamena hiru lehentasun arloren inguruan antolatzen da: soziala, ekonomikoa eta jasangarritasunarena. Arlo sozialean, Olanok nabarmendu du inoiz baino baliabide gehiago bideratzen direla esparru honetara. “495 milioi euro bideratzen ditugu departamentura, eta beste 12 milioi Adinberri eta Elkar-EKIN bezalako proiektuetara. Guztira, lehen aldiz gainditzen dugu gizarte politikara bideratutako urteko 500 milioi euroren langa”, nabarmendu du Olanok. Zehazki, departamentuaren aurrekontua 37,3 milioi eurotan (+%8,14) hazten da aurtengo urtearekiko eta, 2016tik hona, arlo honen aurrekontua 150 milioi euro ingurutan hazi da, “Aldundi honek duen bokazio sozialaren adierazle argia”.
Gainera, kudeaketako aurrekontu propioaren bi eurotik ia bat gizarte politikara zuzentzen da, eta arlo honetan egiten den biztanleko gastua era ikusgarrian igo da: 2023 urtean, gipuzkoar bakoitzeko 701 euro inbertituko dira, 59 euroko hazkundea aurtengo urtearekiko. “2015 urtetik hona, gizarte politikan biztanleko egiten den gastua 243 eurotan igo dugu”, nabarmendu du diputatu nagusiak. “Ahalegin honen guztiaren helburua da gizarte kohesionatua eraikitzen jarraitzea, inor atzean uzten ez duena”, gaineratu du. Horrela, inflazioaren eraginari aurre egiteko 2023 urtean indarrean sartuko diren neurri fiskalak ere barne hartzen ditu aurrekontuak, PFEZaren %2ko deflaktazioa eta errenta baxu eta ertainak dituzten pertsonentzako 200 euroko kenkaria. “Desberdinkeria maila baxuak dituen gizartea dugu helburu, Europa mailan onenen artean egoten jarraitu nahi dugu, eta horretarako doa bideratuta baita ere gure aurrekontua. Honelakoa da nahi dugun etorkizuneko Gipuzkoa”, nabarmendu du.
Arlo ekonomikoan, Olanok gogoratu du agertoki ekonomikoa aztoratuta dabilela eta, honen aurrean, Aldundiaren paperak izan behar duela “gure ehun ekonomikoaren laguntzaile izan eta ziurtasunak eraiki”. Arlo honetako zifren artean, indartsu hazten da 127,8 milioi eurora arte Ekonomia Sustapeneko departamentuaren zuzkidura, 8,9 milioi euroko igoerarekin (+%7,46). Esparru honetan, diputatu nagusiak nabarmendu du Gipuzkoa fase erabakigarrian sartzen dela proiektu estrategikoak kontsolidatu eta hedatzeko, lurraldearen etorkizuneko ekonomiaren zutabe izango direnak. “Honela, 2023an proiektu estrategiko hauetan egitea aurreikusten dugun inbertsioa 40,3 milioi eurokoa da”, nabarmendu du.
Nabarmendu beharreko beste alorretako bat bide azpiegiturena da, gehien hazten den departamentua baita. Bertan, nabarmendu beharreko proiektuak dira A-15eko tunelen berritzea; Allerruko sarbide berria, MUBIL edo Naturklima bezalako proiektu estrategikoentzako funtsezkoa dena; eta martxan dauden inbertsioei jarraipena ematea (Azkoitia-Urretxu, Marrutxipi…). Gainera, diputatu nagusiak 2023 aurrekontu proiektuaren alor inbertsorea ere nabarmendu nahi izan du: guztira, 246,8 milioi euro bideratzen dira inbertsioetara (aurrekontuko 6 eta 7 kapituluen batura), 2022 urtean baino 26,8 milioi euro gehiago (%13,61eko hazkundea) eta, Olanok azpimarratu duenez, aurrekontuaren bataz besteko igoeraren gainetik kokatzen dena. “2023 urtean, aurrekontu hauekin, Gipuzkoak jauzi kualitatiboa eman nahi du bere etorkizuneko ekonomia eraikitzeko norabidean”, aldeztu du.
Jasangarritasunaren arloan, José Ignacio Asensio diputatuak zera adierazi du: “Gizarte politika eta inbertsio estrategikoez gain, etorkizuneko eta iraunkortasuneko politikak bermatu ditugu. Trantsizio ekologikoko politikak nabarmendu behar ditugu, hau da, energia aurreztearekin lotutako guztia, eta energia berriztagarrien sustapena energia komunitateen eta kooperatiben bitartez, eta baita ekonomia zirkularra ere. Eta mugikortasunean garraio publikoan dauden deskontuak bermatzen ditugu, pertsona eta familia ahulenak babesteko. Bestalde, kultura, gazteria eta kiroleko politika inklusiboak lehentasuna izaten jarraitzen dute guretzat”.
Sarreren atalean, Aldundiak 2023 urtean zehar 6.189,4 milioi euroko sarrerak aurreikusten ditu. Aipatutako 1.129,4 milioi euroak aurrekontu propio bezala geratuko dira, modu honetara zatituta: kudeaketako aurrekontuak 1.091,1 milioi euro izango ditu, eta finantza-kargak 38,3 milioi euro. Gainerako 5.059,9 milioi euroak erakundeekin dauden konpromisoetara bideratzen dira, eta honela daude banatuta: Eusko Jaurlaritzari 3.984,4 milioi euro emango zaizkio; udalek, bere aldetik, 609,4 milioi euro jasoko dituzte, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez; eta azkenik, Estatura beste 466,1 milioi euro joango dira, Kupoaren bitartez.
Departamentuka
Aurrekontua departamentuka xehatuz gero, Peronak azaldu du Diputatu Nagusiaren Alorrak 2023 urtean 26,6 milioi euro izango dituela, 800.000 euroko hazkundearekin (+%3,1), pertsonaleko gastuak eta euskararen arloko dirulaguntzen igoera medio. Gobernantza departamentuak, bere aldetik, 69 miloi euroko aurrekontua izango du, 2022 urtean baino 4,2 milioi euro gehiago (+%6,42). Igoera hau hauteskundeak antolatzeko gastuekin dago lotuta. Hirugarren departamentuak, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetakoak, 40,3 milioi euroko zuzkidura izango du, 6,2 milioi euroko hazkundearekin (+%18) batez ere energia jasangarritasunaren programaren hazkundeagatik.
Departamentua |
2022 |
2023 |
Aldea |
% |
Diputatu Nagusiaren Alorra |
25.784.425 |
26.579.500 |
795.075 |
3,08% |
Gobernantza |
64.815.673 |
68.977.030 |
4.161.357 |
6,42% |
Ingurumena eta Obra Hidraulikoak |
34.181.889 |
40.336.159 |
6.154.270 |
18,00% |
Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurunea |
118.934.102 |
127.801.395 |
8.867.293 |
7,46% |
Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa |
77.251.270 |
91.119.897 |
13.868.627 |
17,95% |
Ogasuna eta Finantzak |
55.102.401 |
57.670.842 |
2.568.441 |
4,66% |
Bide Azpiegiturak |
89.235.264 |
108.900.011 |
19.664.747 |
22,04% |
Gizarte Politika |
457.952.144 |
495.200.784 |
37.248.640 |
8,13% |
Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola |
63.907.411 |
66.862.562 |
2.955.151 |
4,62% |
Batzar Nagusiak |
7.085.760 |
7.333.658 |
247.898 |
3,50% |
Hainbat departamenturen gastuak |
352.014 |
339.006 |
-13.008 |
-3,70% |
Kudeaketako aurrekontu propioa guztira (finantza karga kenduta) |
994.602.353 |
1.091.120.844 |
96.518.491 |
9,70% |
Bere aldetik, hazi egiten da baita ere Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko departamentua, 127,8 milioi izango baititu, hau da, 8,9 milioi euroko hazkundea (+%7,5). Alor hau batez ere proiektu estrategikoen esparruan hazten da, eta 1,6 milioi euro bideratzen ditu Basotik martxan jartzera. Mugikortasunean eta Lurralde Antolaketan, zuzkidura guztira 91,1 milioi eurokoa izango da, 13,9 milioi euroko igoera (+%17,9), batez ere herri arteko autobusen zerbitzuen gastuen igoerarekin erlazionatuta. Ogasun eta Finantzetako departamentua, bitartean, 2,6 milioi eurotan (+%4,7) hazten da, 57,7 milioi eurotan geratu arte. Jarraipeneko aurrekontua da eta departamentuaren pertsonala eta baliabide teknologikoak indartzearen alde egiten du.
Bide Azpiegituren departamentuak, bere aldetik, aurrekontu guztiko igoerarik esanguratsuena du, 19,7 milioi eurotan igotzen baita (%22) 108,9 miloi eurora iritsi arte. Hauekin, martxan duen inbertsio plana bultzatzen jarraituko du, eta A-15eko tuneletako bi hodiren erreformak egin eta Allerruko sarbidearen berritzea gauzatuko ditu, azken hau funtsezkoa hainbat proiektu estrategikoentzako. Gizarte Politiikaren departamentuaren kasuan, bere zuzkidura 495,2 milioi eurokoa izango da, 2022 urtean baino 37,2 milioi euro gehiago (+%8,13), adinekoen eta desgaitasunen bat dutenen arreta eta zenbait prestazioren indartzea izanik gehien hazi diren partidak. Azkenik, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirolen kasuan, bere aurrekontua 3 milioi eurotan igotzen da (+%4,6), 66,9 milioi eurora iritsi arte. Igoera hau azaltzen dute Koldo Mitxelenean egingo diren inbertsioek eta kirola sustatzeko programaren hazkundeak.
4747