Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgeta eta Kanpazar arteko GI-2639 errepidea hobetuko du
Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgeta eta Kanpazar arteko GI-2639 errepidea hobetuko du
Hamar bihurgunetan sei metro zabalerako plataforma lortzeko jardunak egingo ditu ezpondak handituaz edota betelanak eginez eta errepide bazterrean dauden euste elementuak atzeratuz. Bizkaiko Aldundiarekin lanean ari dira Kanpazar gaineko bidegurutzeari ikusgaitasun handiagoa eta, beraz, segurtasun handiagoa emateko.
Gipuzkoako Foru Aldundia Elgeta eta Kanpazar arteko GI-2639 errepidea zabaldu eta egokituko du gaur egun bi ibilgailu gurutzatzerakoan sortzen diren arazoei konponbidea emateko. Hobekuntza, batez ere, errepidearen plataforma puntu gatazkatsuenetan zabaltzean datza, hala nola bihurguneetan, ikuspena eta segurtasuna hobetzeko.
Iragarpena Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak egin du Elgetako udaletxean eman duen prentsaurrekoan. “Elgeta eta Kanpazar arteko errepide honek 6,5 kilometro ditu eta bidearen zabalera zenbait puntutan estua denez arazoak sortzen dira bi ibilgailu gurutzatzerakoan, bietako bat ibilgailu astuna denean, batez ere”, adierazi du Oiarbidek, eta gogoratu du eguneko bataz besteko trafikoa 800 ibilgailutik gorakoa dela.
Arazo hori kontuan hartuta GI-2639 errepidearen puntu kritikoak identifikatu dira, batez ere sei metro baino gutxiagoko zabalera daukaten bihurguneak. “Azterketa horrek erakutsi digu batez ere hamar direla hobetu beharreko kurbak eta bi hobekuntza mota aurreikusten ditugu. Alde batetik sei bihurgunetan sei metroko plataforma lortzeko jardunak egingo dira ezponda handituaz edota betelanak eginez. Beste lau kurbetan errepide bazterrean dauden euste elementuak atzeratuko dira errepideari zabalera gehiago emanez”, azaldu du Bide Azpiegitura diputatuak eta azpimarratu du lan horien ondoren Elgeta eta Kanpazar arteko errepideak nabarmen irabaziko duela segurtasunean.
Beste berri on bat ere aipatu du Bide Azpiegituretako diputatuak. Gipuzkoa eta Bizkaia egiten ari diren lankidetzaren ondorioz Kanpazar gaineko bidegurutzea konpontzeko proiektua ere aurki bukatuta egongo da ahalik eta lasterren obrak hasteko. Bide segurtasunean arrisku gune berezia da Bizkaiko lurretan dagoen bide gurutze hau. “Elgetar askok Arrasatera joateko erabiltzen duten errepidean bide gurutze horri ikusgaitasun handiagoa eta beraz, segurtasun handiagoa emateko egingo dira obrak”, adierazi du Diputatuak.
Elgeta bi errepideren bitartez dago komunikatuta: alde batetik GI-2632arekin Bergara eta Elorriora, eta beste aldetik GI-2639 errepidearekin Eibar eta Kanpazar aldera. “Ibilgailu arinei dagokienean, errepide sareak egoki komunikatzen du Elgeta errepide sare nagusiarekin, baina astunek arazoak dituzte. Elgetan Pagatza industrialdean kokatzen dira industriarik gehienak eta bertako jardun industrialak trafiko astunak sortzen ditu. Astunen Gipuzkoa alderako mugimenduak GI-2632 errepidetik bideratzen dira, Bergara aldera eta AP-1 autobidera. Bizkaia alderako mugimenduetan, adibidez, Elgetatik Elorriora arteko errepidean, 10 metro baino luzera gehiagoko ibilgailuentzat debekatuta dago eta, beraz, trafiko astun gehienak ezin dira aukera horretaz baliatu”, xehetu du Oiarbidek, eta gehitu du ibilgailu horientzat irtenbidea Eibar edo Bergarara jaistea dela lehendabizi eta, ondoren, N-636 edo AP-8 autobidea hartu Bizkaira joateko.
G"izarte baten ongizatean eragin handia du azpiegitura egokiak izatea eta, jarduera ekonomikoarentzat ezinbestekoa da errepide sare ona izatea. GI-2639ak duen geometria eta ezaugarriek asko mugatzen dituzte bertan egin daitezkeen aldaketak, baina aurreikusten ditugun lan horiek nabarmen hobetuko dute Elgeta eta Kanpazar arteko ibilgailuen joan-etorrien segurtasuna”, adierazi du Bide Azpiegituretako diputatuak.
“Une hauetan Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak hobekuntza proiektua idazten ari dira eta urrian jendaurreko informazioan jarriko dela aurreikusten dugu”, aurreratuz amaitu du bere agerraldia Aintzane Oiarbidek.
2924