Breadcrumb

Asset Publisher

Back Etorkizuna Eraikiz aurkeztuko du bihar Foru Aldundiak Europa Batzordearen aurrean

Etorkizuna Eraikiz aurkeztuko du bihar Foru Aldundiak Europa Batzordearen aurrean

Markel Olano diputatu nagusia Gipuzkoako Batzar Nagusietan agertu da, Etorkizuna Eraikizen ibilbidearen balantzea egiteko

Markel Olano diputatu nagusia

Markel Olano diputatu nagusia


Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat, Markel Olano diputatu nagusia buru duela, Bruselan izango da bihar, Etorkizuna Eraikiz Europako erakundeen aurrean aurkezteko. Lan topaketa bat egingo da, eta bertan hitza hartuko dute, besteak beste, Europako Batzordeko presidenteorde den Duvravka Šuica; presidenteordearen kabineteko kide den Toma Šutic eta Europako Parlamentuko komunikazio zuzendari nagusi Jaume Duch. Olanok gogorarazi du Europar Batasuna osatzen duten herrialde guztiei eragiten diela herritarrek politikarekiko eta erakunde publikoekiko duten urruntzearen inguruko kezkak, eta garrantzitsutzat jo du Gipuzkoak Etorkizuna Eraikizen eskutik planteatutako erantzunak Europako erakundeen artean interesa sortu izanak.

Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur goizean eman du bidaiaren berri, Batzar Nagusietako Erakunde, Gobernu eta Araudi Batzordean egindako agerraldian. Bertan, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren ibilbidearen balantzea egin du. Foru arduradunarekin batera, Sebas Zurutuza Foru Aldundiko Estrategia zuzendaria izan da. Olanok nabarmendu du proiektua erabat finkatuta dagoela, eta herritarren artean 6,36ko balorazioa eragiten duela. “Etorkizuna Eraikiz programaren bidez, kultura politiko berri baten aldeko apustua egiten ari gara, elkarlaneko gobernantzaren balioa azpimarratzen duena. Proiektuak ia 70.000 pertsona eta 1.500 elkarte eta enpresa erakartzea ekarri du, eta, bihar, Bruselan, aukera paregabea dugu Gipuzkoan egin dugun bidea Europako erakundeen aurrean ezagutarazteko”, azaldu du.

Bestalde, Estrategiako zuzendariak Etorkizuna Eraikiz programaren ebaluazio-prozesuaren berri eman du. 46 elkarrizketa egin dira eta 13 focus group eratu dira, 70 pertsonarekin. Zurutuzak azpimarratu du Etorkizuna Eraikizi esker elkarlaneko gobernantza bete-betean sartu dela lurraldeko diskurtsoan eta agenda politikoan. Izan ere, adierazi du lurraldean orain arte existitzen ez ziren zeharkako proiektuak bultzatzen ari direla, eta politika publikoak batera ezartzen ari direla, Think-Tankek aurrez egindako lanaren bidez.

Olanok eta Zurutuzak biharko Bruselako lan jardunaldiaren berri eman diete batzarkideei. Aurreratu dutenez, Etorkizuna Eraikizen aurkezpenak jardunaldi formatua izango du, eta María José Canel Madrilgo Complutense Unibertsitateko Komunikazio Politiko eta Sektore Publikoko katedraduna arduratuko da aurkezpenaz. Ondoren, Markel Olanok hartuko du hitza eta bere ostean Europako Batzordeko presidenteordeak. KU Leuven Universityko Geert Bouckaert irakaslearen hitzaldiak borobilduko du tarte hau. Ondoren, elkarlaneko gobernantzaren garrantziari buruzko mahai-ingurua egingo da, Marta Marín Euskadik Europar Batasunerako duen ordezkariak moderatuta. Foro honetan parte hartuko dute Toma Šuticek, Dubravka Šuica Europako Batzordeko presidenteordearen kabineteko kideak; Jaume Duchek, Europako Parlamentuko komunikazio zuzendari nagusiak; Adil Najamek, Bostongo Unibertsitateko Frederick S. Pardee School of Global Studiesekoak; María José Canelek; eta Xabier Barandiaranek, Gipuzkoako Foru Aldundikoak.

Ondoren, bigarren mahai-inguru bat egingo da, elkarlaneko gobernantza nola inplementatzen den ardatz izango duena. María José Canel izango da moderatzailea, eta honako hauek hartuko dute parte: David Mair, Europako Batzordeko Joint Research Centreko unitateburua; Daniele Dotto, DG REFORMko unitateburua; Angela Hanson, ELGAkoa; Eider Mendoza, Gipuzkoako Aldundiko Gobernantzako foru diputatua; eta Miren Larrea, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutukoa, Deustuko Unibertsitatekoa. Mendozak berak itxiko du ekitaldia eta egunean zehar ateratako ondorio nagusiak azalduko ditu.

Argitalpen zientifikoa

Batzar Nagusietako komisioak Etorkizuna Eraikiz kasuaren esperientzia jasotzen duen argitalpen zientifiko bat aurkezteko ere balio izan du, munduko unibertsitate onenetako batzuetako akademikoen partzuergo batek egin duena. Building collaborative governance in times of change. Lessons from Etorkizuna Eraikiz izenburupean, nazioarteko erreferentziako ikertzaileek ekimen honen arrakasta aztertzen lagundu dute, entzute aktiboaren eta esperimentazioaren bidez, politika publikoen baterako sorkuntzan erakunde ekonomiko sozial, ekonomiko, hezitzaile eta herritarrak inplikatzea lortu duen eredu bat ezartzerakoan.

Egileen panela Harvard, Oxford, George Washington, Leuven, Complutense, UPV/EHU eta Deustuko hamabi adituk eta Aldundiko ordezkariek osatzen dute. Zehazki, Xabier Barandiaran, Aldundiaren izenean; María José Canel (Complutense Unibertsitatea) eta Geert Bouckaert (KU Leuven) daude. Horiekin batera, argitalpena garatu duen talde zientifikoko kide dira Peter Loge (George Washington University, School of Media and Public Affairs), Ander Caballero eta Steve Ansolabehere (Harvard University, Kennedy School of Government), Javier Lezaun (Oxford University, Institute for Science Innovation and Society), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitatea) eta Fernando Tapia (UPV/EHU).

  

2604