Turismoaren arloko erronka nagusia da Gipuzkoa helmugaren oreka
Turismoaren arloko erronka nagusia da Gipuzkoa helmugaren oreka
Turismo Departamentuak EUSTATek emandako datuak aztertu ditu, eta ondorioztatu du areagotu behar direla Herrialdearen barnealdearen eta kostaldearen arteko aldea murrizteko politikak
Turismo Departamentuak EUSTATek emandako datuak aztertu ditu, eta ondorioztatu du areagotu behar direla Herrialdearen barnealdearen eta kostaldearen arteko aldea murrizteko politikak Denis Itxasok nabarmendu du atzerriko turisten bisitak, ostatu-gauak eta batez besteko egonaldiak gehitu direla.
Foru Aldundiko Kultura eta Turismo Departamentuak EUSTATek aste honetan emandako datuak aztertu ditu. Datu horiek oso positiboak dira Gipuzkoarentzat, milioi bat bisitari baino gehiago eta ia 2 milioi ostatu-gau 2015. urtean. Dena dela, ondorioztatu du "kopuru garbietan gehikuntza nabaria izan den arren, eskualdez eskualdeko datuei erreparatzen badiegu, Gipuzkoako kostaldearen eta barnealdearen arteko alde handia ez da murriztu; are gehiago, handitu egin da". Horrela frogatzen dute Gipuzkoako hiriburuaren eta kostaldearen gainerakoaren datuek –bidaiarien sarrera % 10,7 eta % 11,9 hazi da, hurrenez hurren– eta konurbazio metropolitarrean eta Herrialdearen barnealdean lortutako datuek –% 3 eta % 2,1 murriztu dira, hurrenez hurren–.
Itxasok FITURen, Espainian egiten den Nazioarteko Turismo Azokarik garrantzizkoenean, eman du jakitera analisi hori –Turismoko zuzendari Maite Cruzadorekin bertaratu da Azoka horretara–. "Kopuru garbietan datu onak dira, jakina, eta terrorismoaren amaieraren ondoren nagusitzen den joera ona berresten dute. Agerian geratu da Gipuzkoan turisten gehikuntza ez zela joera igarokorra eta egoeraren araberakoa; aitzitik, geratzeko iritsi den errealitatea dela eta errealitate hori kudeatzen jakin behar dugula. Oso kopuru handiak eta onak genituen abiapuntu, baina 2015. urtean Gipuzkoa helmuga gisa finkatu da, kalitateko helmuga erakargarri gisa finkatu da, eta datuek hala frogatzen dute; sortzen dituen iguripenak betetzen ditu" eman du aditzera.
Haatik, Kultura eta Turismoko diputatuak gehitu du "orain gogor lan egiteko unea da, sektoreak albiste onak ematen jarrai dezan eta beste turismo-helmuga batzuetan izan diren arazoak saihets daitezen; ez dugu arrakastan ito nahi, ezta Gipuzkoa masifikatzea ere. Kulturaren arloko aberastasun-iturri gisa hartu behar dugu turismoa, eta ez mugarik gabe zukutu behar den mana gisa".
Kultura eta Turismoko diputatuak aurrean dituen egitekoen artean dago Donostiako nazioarteko hiriburutzaren erakarpena eta ospea baliatzea turista-fluxuak Herrialde osotik banatzeko; "turista Donostiara iritsi, eta, gero, Gipuzkoako hainbat udalerri edo erakargarri turistiko bisitatzen baditu, egonaldia luzatzen du eta esperientzia osoagoa izaten du. Saiatu behar dugu turismoaren onurak Herrialde osoaren onerako izatea".
EUSTATen azken datuen arabera, 2015ean Gipuzkoan milioitik gora bidaiari izan dira; zehazki, 1.002.158 bidaiari etorri da Gipuzkoara, aurreko urtean baino % 8,8 gehiago. Gehikuntza hori atzerriko turisten kopuru handiagoan oinarritu da, eta bisitari horiei esker gora egin du batez besteko egonaldiak.
1557