Breadcrumb

Asset Publisher

Back Lurraldeko proiektu nagusiak bideratuta, etorkizuneko desafioei aurre egiteko estrategia abian jarri du Foru Aldundiak

Lurraldeko proiektu nagusiak bideratuta, etorkizuneko desafioei aurre egiteko estrategia abian jarri du Foru Aldundiak

Gizarte zibileko 300 ordezkariren aurrean, lurraldean bizitako “blokeo egoera” amaitutzat jo du Markel Olano diputatu nagusiak eta legealdiko bigarren zatiari ekin dio Gipuzkoa “lehiakor eta solidario” bat eraikitzen jarraitzeko erronkari helduz

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, legealdi erdiko balantzea egin du gaur, Donostiako Tabakaleran elkartu diren gizarteko, ekonomiako eta politikako 300 ordezkariren parte-hartzearekin egindako kontu-emate ekitaldian. Horien guztien aurrean jakinarazi duenez, legealdiko bederatzi helburu estrategiko nagusiak “bideratu” dira dagoeneko lehen bi urte hauetan, eta hemendik aurrera foru erakundeak bere aktibitatean lehenetsiko du “gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik etorkizunera begira” lurraldeak dituen desafioei aurre egitea.

“731 eguneko lanaren ondoren, hitza bete dugula baieztatu dezakegu, bete ditugula hartutako konpromisoak, hauteskundeetan babes zabala jaso ondoren. Gure lurraldea blokeo egoeratik ateratzeko ezinbestekotzat jotzen genituen proiektuak dagoeneko gauzatzen ari dira edo bideratuak daude. Etorkizunera begira jartzeko unea da, etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko unea. Eta horretarako estrategia bat abian jarri dugu, gure gizartean aski errotuta dauden bi balio nagusiren gainean: lehiakortasuna eta elkartasuna”, adierazi du diputatu nagusiak.

EAJ eta PSE-EEren gobernu koalizioa ekarri zuten 2015ko foru eta udal hauteskundeen bigarren urtemuga betetzen den honetan, Foru Aldundiak ekitaldia antolatu du Donostiako Tabakaleran, legealdiko lehen bi urteetako lanaren emaitzak herritarrei ezagutzera eman asmoz. Gipuzkoako diputatu nagusiak gidatu duen bilkuran, Aldundiaren lorpen nagusien berri emateaz gain, lurraldeak azken 24 hilabete hauetan bizitako bilakaera sozial eta ekonomikoa izan dute aztergai. Horretarako, hitza hartu dute Kultura, Turismoa eta Gazteriako foru diputatuak, Denis Itxasok, eta gizarte zibileko lau ordezkarik: Iñigo Diaz de Cerio ekintzaileak; Raquel San Sebastianek, Gureakeko ordezkari gisa; Alex Bengoak, IK-4 Teknikerreko zuzendari nagusiak, eta Henar Alcaldek, Orkestra Lehiakortasuneko Euskal Institutuko kideak.

Olanok azpimarratu duenez, foru gobernua osatzen duten alderdiek erabaki zuten gobernu “indartsu eta sendo bat” osatzea, “gaitasun profesional handikoa”, eta “lehen minututik” 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoan jarritako norabidean gogor lanean jardun dutela azaldu du. Bide-orri horretan ezarritako bederatzi proiektu estrategikoak “modu egoki batean” aktibatu eta gauzatze bidean daudela gogorarazi du –Ekonomia Suspertzeko Plana, Gizarte Zerbitzuen Mapa, hondakinen arazoari irtenbidea bilatzea, Donostialdeko Topoa, Pasaialdearen biziberritzea, Tabakalera, Deskargako autobidea, Gobernantza Berriko estrategia eta balio demokratikoetan eta bizikidetzan sakontzeko estrategia–.

Diputatu Nagusiak nabarmendu du Gipuzkoako ekonomia ehuna lagundu eta ekonomiaren susperraldia finkatzeko egindako lana, gainontzeko erakunde eta lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoekin elkarlanean. Xehetu duenez, alor honetan abian jarritako lanak Ekonomia Suspertzeko Plana izan du oinarri, batetik, eta fiskalitate aurreratu bat eta lurraldeko azpiegituren modernizazioa, bestetik. Horren lekuko, Olanok gogoratu du dagoeneko 420 enpresa eta 1.800 lanposturen sorrera bultzatu dela egitasmo honen bitartez; zerga iruzurraren aurka aritzeko 45 kontratazio berri bultzatu direla eta Deskargako obrak martxan daudela dagoeneko, gisa horretan Gipuzkoako biribilgunea amaitzeko bidean jarriz.

“Aurrean dugun testuinguru ekonomiko berriak aukera ematen digu eta behartzen gaitu apustu berriak egitera. Eta hor anbizioz jokatuko dugu, gure ekonomia ehuna etorkizunera begira jarriz. Horregatik apustu sendoak egingo ditugu datozen hilabeteetan, lau eremu estrategikotan: fabrikazio aurreratua, biozientziak, energia eta mugikortasuna eta gastronomia”, aurreratu du.

“Lehiakortasuna eta elkartasuna dira gure gobernuaren kudeaketaren oinarri”, lehenetsi du diputatu nagusiak, zeinek gogorarazi dituen lan eremuan pertsonen parte-hartzea eta kontziliazioa bultzatzeko martxan jarritako ekimenak, eta Gizarte Politikara bideratutako 364 milioiko aurrekontua –foru aurrekontuaren erdia, hain justu–. “Gure politiken ardatz gisa pertsonen aldeko apustua indartu egingo dugu, Izan ere, lehiakortasunaren alorrean aurrera egiteaz gain, Europa mailan desberdintasun gutxien dituen lurraldeetako bat bilakatu nahi dugu Gipuzkoa”, berretsi du.

Etorkizunera begira, Gipuzkoan 80 urtetik gorako biztanleen konpurua egungo 49.000tik 56.000 igoko dela estimatzen da. Adin tarte horretan 7.000 lagun gehiago kokatuko dira, beraz. “Lehen mailako desafio baten aurrean gaude. Helburua da pertsona horiek guztiek arreta egokia jasotzea, emandako zerbitzuaren kalitatea bermatuz, eta horretarako politika integralak ditugu martxan. Bide horretan pauso bat aurrera emango dugu eta arreta eredu oraindik eta gizakoi eta pertsonalizatuagoak eskainiko ditugu”, jakinarazi du Olanok.

“Baina ez da soilik zer egin nahi dugun, hori bezain inportantea da nola egingo dugun”, gehitu du diputatu nagusiak. Horregatik, azaldu duenez, etorkizunera begirako politikak “etengabeko kontraste-lana eta experimentazioa” izango dute gizarte zibilarekin, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez, gisa horretan lurraldeko gobernantza eredu berrian sakonduz.

 

Aurrean dugun testuinguru ekonomiko berriak aukera ematen digu eta behartzen gaitu apustu berriak egitera. Eta hor anbizioz jokatuko dugu, gure ekonomia ehuna etorkizunera begira jarriz. Horregatik apustu sendoak egingo ditugu datozen hilabeteetan

Gipuzkoako lehen diputatu nagusiordeak, Denis Itxasok, adierazi du azken bi urtetan Foru Aldundia kudeatzen duen EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa “erritmo bizian” ari dela irtenbidea ematen “lurraldeak azken urteetan bizirik zituen arazoei, agenda politikoan egiteko zeudenak”. Adibide bezala jarri ditu Pasaialdeko biziberritzea edota Zubietako obren hasiera, non hondakinen kudeaketarako zentroa egitea aurreikusten den, aurreko gobernuak konpondu ezin izan zuen arazo larria.

Itxasok azaldu duenez, “kudeaketa erritmo honi esker Gipuzkoa betiko eztabaidetatik atera, martxan jarri eta arazo larrienei irtenbidea emateko erabakiak hartzen ari dira, urteetan akordio falta dela eta katramilatuta zeuden kontuei konponbidea emanez”. Itxasok gobernu koalizioa osatzen duen alderdi sozialistaren izenean hitz egin du, nabarmenduz zeharkako akordio honen bitartez, Gipuzkoa berritzen ari dela bere agenda politiko, kultural eta sozioekonomikoa, “orain arte ezinezkoa izan dena bizi izan dugun erakunde buxadura dela eta”. Atal honetan, azpimarratu ditu klima aldaketari aurre egiteko politika berriak, erakundeak lantzen ari diren hiriguneko burdinbide garraio eskema berria, talentua sustatzeko eta nazioartekotze ikuspegiarekin egindako politika kulturalak, Tabakalerako Elias Querejeta Zine Eskola, edota erronka demografikoari aurre egiteko jorratzen ari diren kontziliazio politika berriak.

Azkenik, Itxasok nabarmendu du foru Gobernuaren gertutasuna, bere ustetan Gipuzkoako edozein udalerritako zinegotziek bezala lan egiten baita. Benetako parte-hartze eta kontsultarako foroak eratuz, bultzatuz erakundearen web orrien modernizazioa herritarrak hobeto informatu eta euren kezkak bideratu ahal izateko, sustatuz gizartearekin lankidetzan oinarritutako gobernantza estiloa eta lan eginez tokiko erakundeekin elkarlanean.  Puntu honetan, nabarmendu ditu Gipuzkoako Turismo Mahaiaren eraketa, Arte eta Kulturaren Kontseiluarena eta Lurraldeko Hondartzen Mahaiarena. 

  

1989