Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak gipuzkoarrak gonbidatu ditu «FutureNi.eus»-en parte hartzera, elkarrizketa bat beren etorkizuneko niarekin

Aldundiak gipuzkoarrak gonbidatu ditu «FutureNi.eus»-en parte hartzera, elkarrizketa bat beren etorkizuneko niarekin

AdinBerri estrategiaren sozializazioaren barruan, zahartzaroari begira herritarrek dituzten desioak, galderak edo kezkak jakiteko

Markel Olano diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak «FutureNi.eus» aurkeztu dute gaur goizean. Foru Aldundiak bultzatzen duen AdinBerri estrategiaren sozializazioa da «FutureNi.eus» eta, beraren bitartez, herritarrak beren etorkizuneko niarekin elkarrizketatzera gonbidatu nahi ditu Aldundiak, zahartzaroari begira herritarrek dituzten desioak, galderak edo kezkak jakiteko. «Sozializazio honen bitartez balioan jarri nahi dugu gutariko bakoitzaren etorkizuneko nia, etorkizunean izan nahiko genukeena eta AdinBerrik sustatu nahi duen nia. Hain zuzen ere, biztanleriaren zahartzeari erantzun positiboa eman nahi diogu eta zahartzaro osasungarri bat sustatu nahi dugu, gipuzkoarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko», azpimarratu du Olanok. Esan du ekimen honek baduela beste helburu bat ere: «gaur egunean oraina bizi duten eta etorkizuna kontzeptualizatzen ez duten guztiek ere etorkizuna kode positiboan ikusi ahal izatea. Gehiago biziko garenez, bizi gaitezen hobeto».

AdinBerriren sozializazioa urrian zabalduko da, hainbat udalerritan herritarren partaidetza aktiboa bultzatuko du eta amaitu, azaroaren 22an eta 23an amaituko da, «I. Adinberri Nazioarteko Biltzarra, zahartzerako estrategia» ospatuz. Sozializaio horren barruan egingo den ekintza baten bitartez, Gipuzkoako hainbat udalerritan herritarrei “aukera emango zaie adineko pertsonen tokian jartzeko eta, horrela, estrategia horri buruzko informazioa eskuratzeko”, aurreratu du Maite Peñak.

Aurkezpena Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean egin da. Diputatu nagusiak adierazi du nahi izan dutela egun hau baliatu azpimarratzeko adinekoek gizarteari egiten dioten «ekarpena» eta herritarrak jabearazteko gizartearen zahartzeak «arazo eta erronka» bereziak jartzen dizkigula aurrez aurre. Izan ere, datu hauek gogorarazi ditu: «gaur egun 80 urtetik gorako pertsonak Gipuzkoan 50.000tik gora dira, 2000. urtean zirenak halako bi, eta adituek iragartzen dute 2031rako 68.000 izango direla,  hau da, % 36 gehiago. Gainera, horietatik 25.800 mendekotasuna dutenak izango dira, gaur dutenak halako bi ia. Estimazioek diotenez, halaber, 2031 horretarako, 55 urtetik gorakoak gipuzkoarren ia erdiak izango dira».

Erronkaren tamaina kontuan hartuta, Olanok aditzera eman du Etorkizuna Eraikiz ekimena baliatuz -zeinak helburua duen gizartearekin elkarlanean gaurtik hasita biharko Gipuzkoa eraikitzea-, Aldundia lanean eta ikertzen ari dela «gaurko nahiz geroko adineko pertsonen zahartzaro osasungarria bermatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko».

 

Berrikuntzarako ahalmena areagotzea

Maite Peña foru diputatuak, berriz, azpimarratu AdinBerriren bitartez lanabes bat eratu nahi dela zahartze prozesuak ikuspegi ekonomikotik eman lezakeen «aukera» aprobetxatzeko. Hala, AdinBerriren bitartez, Foru Aldundiak Gipuzkoaren «berrikuntzarako ahalmena» maximizatu nahi du eta zahartzaro osasungarriaren alde, sistema sozio-sanitario «jasangarri» eta bikain baten alde eta arlo horretako industriaren «lehiakortasunaren» alde jarri.

AdinBerrik bihotza Pasaian izango du, Hospitalilloko kaiaren ondoan dagoen 4.747 metro karratuko solairu batean. Hango eraikin multzoan zahartzearen eta mendekotasunaren arretarako erreferentziazko zentroa kokatuko da eta bertan izango dira arreta zentroa eta berrikuntza unitatea ere.  Azpiegitura horrek 120 plaza, 25 etxebizitza tutelatu eta eguneko zentroa izango ditu eta zerbitzu berritzaileak eta punta-puntakoak eskainiko ditu, bai ikuspegi arkitektonikotik bai arretaren ikuspegitik. Zentroak pertsona hartuko du ardatz, erabiltzailea «etxean bezala sentitu dadin», adierazi du foru diputatuak. Eta erantsi du berrikuntza unitateak 500 metro karratuko espazioa hartuko duela, eta “ikerkuntza eta testak” egiteko gunea izango dela. “Gainera, multzoak plaza zabal bat ere edukiko du, parke ireki batekin, Pasaiaren hiri ingurunean txertatuta”.

Peñak azaldu duenez, proiektuak pertsona izango du ardatz eta sei elementu nagusi baliatuko ditu: «aipatutako arreta zentroa eta berrikuntza unitatea, berrikuntzarako agenda estrategiko bat, fundazio bat -dagoeneko eratua-, eta aldizkako laguntza deialdi bat; laguntza deialdiak aurten milioi bat euroko zuzkidura izango du eta I+G+B (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza) jarduerak lehenetsiko ditu bi arlo tematiko hauetan:  Bizitza luzerako etxea, eta zainketak eta arreta» Peñak adierazi duenez, aurtengo deialdira «54 proiektu aurkeztu dira, 66 entitateri dagozkienak. Eta laster emango dugu proiektu onartuen berri».

Orobat, diputatuak nabarmendu du azken ardatza «eragileen ekosistema bat» izango dela, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren filosofiari helduz, alegia, elkarlaneko gobernantzaren ildoa jorratuta, eta ezaugarri nagusi «elkarlana» izango duena. Horregatik, AdinBerrik lankide estuak izango ditu beste administrazio publiko batzuetan, unibertsitate eta enpresetan, hirugarren sektorean, eragile berritzaileetan eta sektore biosanitarioan, honako hauek besteak beste: Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzungo udalak, Matia fundazioa, Zorroaga, Kabia, Gureak, Aptes (Gizarte Tenologia Sustatzeko Elkartea), SIIS, Biodonostia, Tecnalia, unibertsitateak…

 

AdinBerriko zuzendari berria

Bestalde, Olanok jakinarazi du AdinBerriko zuzendari berria Raquel San Sebastian izango dela, hautaketa prozesu bat egin eta gero. Gaineratu du Raquel San Sebastianek «esperientzia zabala» duela egoitzetako kudeaketan, eta baita desgaitasun arloan ere. «Besteak beste, Errenteriako Gerontologikoko zuzendaria izandakoa da, edo Gureak Zerbitzuak-eko merkatal zuzendaria eta erakunde arduraduna. Era berean,  Raquel San Sebastianek esperientzia du berrikuntza proiektuetan. Beraz, bere gaitasun eta eskarmentuagatik uste dugu oso pertsona egokia dela AdinBerri zentroko zuzendaria izateko».

Amaitzeko, diputatu nagusiak azpimarratu du AdinBerrik ikuspegi bikoitzez jokatzen duela hasieratik bertatik, alderdi soziala eta ekonomikoa bateratuz. Nola? Arreta soziosanitarioan eta sektore biosanitarioan berrikuntza sustatuz, gure adinekoen bizi kalitatea hobetzearren». Alde horretatik, esan du orain abian jartzen den sozializazioa «zeharo bat» datorrela helburu horrekin, zeren pertsona gazteak ere «partaide» egiten ditu, etorkizuna «kode positiboan» kontzeptualizatu dezaten. Horregatik, gipuzkoarrei dei egin die «parte har dezaten eta gutun bat idatzi dezaten, etorkizunari begira lituzketen desioak, galderak edo kezkak partekatzeko», FutureNi.eus web orriaren bitartez. Hauxe esanez amaitu du: «Irudika ezazue zuen burua hemendik 20 edo 30 urtera. Eta irudikatu aukera duzuela zuen etorkizuneko niarekin hitz egiteko. Nolakoa izatea nahiko zenukete? Zer esango zeniokete zuen buruari? «Zer egoera izatea espero zenukete?»

  

1921