Breadcrumb

Asset Publisher

Back Pintxopote solidarioa, Greziako uharteetarako erreskate-ontzi bat erosteko

Pintxopote solidarioa, Greziako uharteetarako erreskate-ontzi bat erosteko

Kultura eta Lankidetza diputatu Denis Itxaso, Guille Viglione eta Iñigo Mijangosek ostegunean Groseko Katalunia plazan 20:00etatik aurrera egingo den pintxo solidarioa aurkeztu dute

2016/02/01
Denis Itxaso, Guille Viglione eta Iñigo Mijangose aurkezpenean

Kultura eta Lankidetza diputatu Denis Itxaso, Guille Viglione eta Iñigo Mijangosek ostegunean Groseko Katalunia plazan 20:00etatik aurrera egingo den pintxo solidarioa aurkeztu dute gaur goizean; ekitaldiaren helburua da dirua biltzea salbamenduko ontzi bat erosteko Greziako uharteetan kostaldetik kilometro gutxira ondoratzen diren itsasontzietan doazen errefuxiatuei laguntzen ari diren Gipuzkoako boluntarioentzat. Horrez gain, biltzen den diruarekin gauean ikusteko ekipamendua erosi nahi da, gauez iristen baitira errefuxiatu gehien, eta ikuspen baldintza txarrek asko zailtzen dituzte erreskate lanak.

Egin diren kalkuluen arabera, egunero 6.000 pertsona inguru iristen dira Greziako uharteetara, ontzi kaskarretan.

Denis Itxasok Europako erakundeen ekintzarik eza kritikatu du. “Hilabeteak igaro dira eta Europako erakundeek ez dute ezer egin. Negua iritsi da eta errefuxiatuen bizi baldintzak gero eta okerragoak dira. Gobernuz kanpoko erakundeen koordinatzaileak esan duen bezala, Europa, Europa humanitarioa eta askatasunak Mediterraneo itsasoan hondoratu dira”.

Errefuxiatuak hartzeko neurriak ezartzen diren bitartean, Foru Aldundiak erabaki du ekimen hau sustatzea Europara iritsi nahian dabiltzan pertsonak erreskatatzen Greziako kostaldean lanean ari diren boluntarioek erreskateko beste ontzi bat, eta gauez ikusteko bitartekoak izan ditzaten.  

“Egoera larri horren aurrean pertsona batzuk beren onena ematen ari dira. Grezian dauden boluntarioak egiten ari diren lana benetan txalogarria da eta espero dut osteguneko pintxo-poteak dirua biltzeko ez ezik sentsibilitateak suspertzeko ere balio izatea, nahiz eta Gipuzkoan nabarmena den kontzientziazio eta elkartasun maila oso altua dela, ikusi besterik ez dago zenbat jendek eskaini zuen beren etxea errefuxiatuak hartzeko”.

Plastikozko edalontzi zuriekin errefuxiatuen aurpegiak egiteko REZINK enpresak izandako ideia izan zen ekimenaren ernamuina. Guille Viglione enpresaren ordezkariak adierazi du material horiekin sortuko den panelak inpaktu bisual eta estetiko handia izango duela eta Europako itsasertzean gertatzen ari den giza drama honekiko jendea kontzientziako oihu bat izan nahi duela.

Begietatik sartuko zaigun aldarrikapen horretatik abiatuta pintxo-pote bat egin nahi da Grosen. PINTXOCCOP boluntarioen elkarteari esker gauzatu da ideia hori. Beraiek egin dituzte kudeaketa guztiak auzoko tabernetan. Horrez gain, babesle gisa bat egin dute ekimenarekin KELER enpresak, garagardoa hornituko duenak, eta Diz, Donibane, Portobello, La Plata, Mendi, Ipotx eta Serna tabernek.

Prentsaurrekoan Iñigo Mijangos Grezian dabiltzan itsas salbamenduko boluntarioen taldeko kidea ere izan da. Mijangosek Greziako kostaldean egunero bizi diren dramen berri eman du eta beren lana egiteko logistika eta baita lege aldetik ere topatzen dituzten oztopoak azaldu ditu. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie Gipuzkoarrei emandako laguntzagatik.

Diputatu nagusiordeak herritar guztiak animatu ditu osteguneko pintxo-potera joateko,  bildutako dirua gutxienez beharrik larrienak estaltzeko adinakoa izan dadin. Horrez gain, gogorarazi du Salvamento Marítimo boluntario elkarteak kontu bat duela Laboral Kutxan (IBAN ES92 3035 0235 22 2350038982), erreskateko ontzia erosteko eta gauez ikusteko tresneria erosteko ekarpenak egin daitezen

 

  

1465