Breadcrumb

Asset Publisher

Back 282 milioi euro itzuli ditu Ogasunak 2021eko Errenta kanpainan, eta 286 jaso

282 milioi euro itzuli ditu Ogasunak 2021eko Errenta kanpainan, eta 286 jaso

Jokin Perona diputatuak ekimenaren balorazio positiboa egin du, eta kanpainan lanean ibili den 200 pertsonako lan taldea zoriondu.

2022/07/13
Irune Yarza, Jokin Perona foru diputatua eta Yolanda Dominguez.

Gipuzkoako foru Ogasunak 282,2 milioi euro itzuli dizkie zergadunei, eta 286,3 milioi euro jaso ditu, duela bi aste amaitu zen 2021ko Errenta kanpainan. Emaitza, beraz, 4,1 milioi euro positiboa da foru erakundearentzat, pasa den urteko emaitza baino 1,2 milioi okerragoa. Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak kanpainaren balorazioa ona egin du. Azaldu duenez, 2021 urtea positiboa izan zen arlo ekonomikoan, lan merkatuaren bilakaeran edota salmenten hazkundean islatu dena, eta hortik kanpaina honetako emaitza. “Badakigu testuinguru ekonomikoa asko aldatu dela azken hilabeteetan. Ziurgabetasun asko daude agertokian, baina konfiantza osoa dugu gure herritarrengan eta gure enpresetan. Aldundia, eta Ogasuna, administrazio publiko bezala, laguntzeko egongo da, datorrena datorrela, orain arte bezala”, esan du.

          Perona hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendaria eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera, ekainaren 30ean amaitu zen kanpainaren emaitzen berri emateko. Bertan, foru arduradunak eskerrak eman dizkie kanpaina honetan lanean ibili diren Ogasuneko 200 langileei, “ekimenaren arrakasta profesional hauen lanaren ondorio baita”. “Pandemia urteen ostean normalitatea berreskuratu izanaren meritua gure langileena da, eta zorionak eman nahi dizkiet egin duten lanagatik. Gure ikuspegia beti izan da teknologia berrien alde egitearena, baina arrakala digitala zabaldu gabe, arreta presentzialari behar duen garrantzia emanez”, adierazi du.

          Zenbakiei erreparatuta, 282,2 milioi euro itzuli ditu Ogasunak, pasa den urtean baino 14,2 gehiago; eta 286,3 milioi jaso ditu, pasa den urtean egin zen kanpainan baino 13 milioi gehiago. Saldoa 4,1 milioi euro positiboa da: 2020ko Errentan baino 1,2 milioi gutxiago dira baina, hala ere, inoizko hirugarren emaitzarik onena da, duela bi urteko kanpaina eta pasa den urtekoaren atzetik. “Hirugarren urtez jarraian, kanpainaren saldoa positiboa da Ogasunarentzat. Tendentzia bat dagoela ikusten ari gara, positiboa dena dudarik gabe, eta hau albiste positiboa da Gipuzkoa osoarentzat”, adierazi du.

Errentako zifrak

Aitorpen kopuruari erreparatuta, zergadunek 389.569 aitorpen aurkeztu dituzte kanpaina honetan, pasa den urtean baino 6.000 gehiago eta, Ogasuneko arduradunek nabarmendu dutenez, azken hamarkadako zifrarik altuena. “Modalitateei erreparatuta, ikusten dena da autolikidazio proposamenak zertxobait behera egiten dutela, eta aldiz arreta presentziala eta Errenta telematikoa hazi egiten direla”, azaldu du Peronak. Foru arduradunak azaldu duenez, pandemiaren ostean, herritarrek Ogasunak ematen duen kalitatezko aurrez aurreko arreta zerbitzua gero eta gehiago baloratzen dute.

Horrela, Internet bidez 103.557 aitorpen aurkeztu dira: 2019ko kanpainan baino 3.500 gehiago, pandemia betean egin zen 2019ko kanpainan egin zen errekorretik 2.500 aitorpenetara. Proposamenetan jaitsiera txiki bat dago, bide honetatik 216.979 aitorpen aurkeztu baitira, aurreko urtean baino ia 6.000 aitorpen gutxiago. Azkenik, Errenta mekanizatua edo presentzialaren kasuan, 69.033 aitorpen aurkeztu dira bide honetatik, aurreko kanpainan baino 8.200 aitorpen gehiago. Hala ere, aurrez aurreko arreta oraindik ere pandemia aurrekoa baino baxuagoa da kopuruz, 2018ko kanpainan baino ia 6.000 aitorpen gutxiago aurkeztu baitira bide honetatik.

Emaitzaren arabera, 258.148 aitorpen itzultzera izan dira (guztien %66,3), eta, aipatu bezala, 282,2 milioi euro itzuli ditu Ogasunak. Batez beste, 1.093 euro itzuli dizkio zergadun bakoitzari. Gainerako 131.421 aitorpenak Ogasunari ordaintzera izan dira, 286,3 milioi guztira. Aitorpen guztien %33,7 izan dira eta batez beste, 2.179 ordaindu dizkiete zergadun hauek lurraldeko zerga administrazioari. “Aurreko urtean egin genuen kanpainarekin alderatuta, itzultzerako aitorpenak zein ordaintzerakoak igo dira, bai kopuruetan zein bataz beste ordaindu edo jaso dutenari erreparatuta”, azaldu dute Ogasuneko arduradunek.

Ondarearen gaineko Zerga

Bestalde, Ondarearen gaineko Zergaren kanpainari dagokionean, aurreko urteko emaitza hobetu du Ogasunak, inoizko bigarren kanpainarik onena itxiz. Guztira, 68,6 milioi euro jaso dira, aurreko urteko kanpainan baino 2,7 milioi euro gehiago. Aitorpen kopuruak igo dira, eta baita bataz beste ordaindu dutena ere. “Hemen ere, Errentan bezala, 2021 urteak arlo ekonomikoan izan zuen sendotasuna islatu da”, azaldu du Peronak.

Zerbitzu karta

Azkenik, langileek eskaini duten zerbitzuari erreparatuta, foru arduradunek adierazi dute Errentako lan taldeak “txalotzeko lana” egin duela beste behin ere. Datuek hala adierazten dute: 66.445 telefono dei jaso dira kanpainan, inoizko zifrarik altuena, eta hauetatik 190 bakarrik galdu dira, hau da, dei guztien (%0,28). Bidali ziren 256.446 autolikidazio proposamenetatik, %84,6 onartu dira. Eta, azkenik, itzulketak egiterako garaian, Ogasunak nabarmendu du “bizkor” ibili direla: mekanizatuan batez beste 1,25 egunetan egin dira itzulketak, 1,68 egunetan proposamenetan eta azkenik, modalitate telematikoan, aitorpenen %99,4 10 egunen azpitik itzuli dira.

“Errenta eta Ondarearen kanpainak emaitza oso onarekin itxi ditugu, bai jaso eta itzuli ditugun baliabideen ikuspegitik, zein kanpaina beraren funtzionamenduaren ikuspegitik. Emaitzen aldetik, 2021 urtea positiboa izan zen arlo ekonomikoan, Gipuzkoan ikusi da esaterako lan merkatuan edo enpresen salmentetan, eta horri esker lortu dira gaur hemen aurkeztu dizkizuegun emaitzak”, azaldu du Peronak. “Aurrera begira, teknologian sakontzen jarraituko dugu, arreta pertsonala alboratu gabe. Helburua, bide batetik edo bestetik, herritarrei orain arte eman izan diogun kalitatezko zerbitzua ematen jarraitzea da, hori da gure konpromisoa”, berretsi du.

  

2697