Breadcrumb

Asset Publisher

Back Koldo Izagirreren zinematografia lana eta Antxon Eceizaren biofilmografia aztergai ZINEren hirugarren alean

Koldo Izagirreren zinematografia lana eta Antxon Eceizaren biofilmografia aztergai ZINEren hirugarren alean

Euskal Herriko testuinguru politiko-kulturalean Trantsizioak eragindako desengainuaren kontzeptua aztertzen du argitalpenak, Izagirreren zinemaren eta garaiko beste literatura ekoizpen batzuen bidez.

2022/07/12
EQZE

ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak argitalpenak Eceizaren ibilbidea ere errepasatzen du, haren artxibo pertsonaleko zenbait material argitaragabetan oinarrituta; material horiek Euskadiko Filmategian daude 2021etik.

Desengainuaren kontzeptua behin eta berriz ageri da Espainiako kulturaren testuinguruan. Zinemaren esparruan, ideia hori zentzu existentzial hutsetik edo ikuspegi politikotik garatu da, eta hori da, hain zuzen ere, Trantsizio garaiko Espainiako ekoizpen nagusietako batzuen ezaugarria. Geurean, diskurtsoa eta prozesu politikoa desberdinak diren arren, euskal testuinguru kulturalera ere iritsi zen desilusio eta krisi ideologiko hori, eta, horren ondorioz, testuinguru propioa sortzeko gai izan ziren obrak sortu ziren, zenbait kasutan eztabaida gogorren erdian.

Koldo Izagirre garai gatazkatsu hori sinbolizatzen duten bi lanen atzean dago; alde batetik, Ke arteko egunak (Días de humo, 1989), Antxon Eceizak zuzendua Eceizaren eta Izagirreren gidoi batean oinarrituta; eta, bestetik, Off-eko maitasuna (Amor en off, 1992), Izagirrek berak zuzendua. Beñat Sarasola Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak bi lan horiek aztertu ditu ZINEren hirugarren aleko artikulu nagusian, “Desengainuaren bestelako gramatika: Koldo Izagirreren azken zinematografia lana (1989-1992)” izenekoan. Testuan, Koldo Izagirreren ez-animaziozko zinea aztertu du, eta garaiko beste literatur ekoizpen batzuekin alderatu, zenbait lotura estetiko eta politiko ezarriz.

Bestalde, Antxon Eceizaren bilakaera ideologiko eta zinematografiko konplexua berrikusten duen dossier bat dago ZINEren hirugarren alean, donostiar zinemagilearen artxibo pertsonaleko zenbait material argitaragabetan oinarritzen dena. Material horiek (gidoiak, argazkiak, eskutitzak, ohar blokak, audio zinta magnetikoak eta filmak, besteak beste) Euskadiko Filmategian daude 2021etik. Atalaren izenburua da “Ez al duzu ikusten? Zalantzaz betetako bidaia bat Antxon Eceizaren artxibo pertsonalean barrena” (“¿No ves o qué? Un viaje dudoso a través del archivo personal de Antxon Eceiza), eta Donostia Zinemaldiko zuzendariorde eta Antonio eta Antxon Eceizaren artean. Zinea eta politika (Entre Antonio y Antxon Eceiza. Cine y política) tesiaren egile den Maialen Belokik eta Zinemaldiko Z365eko Irati Crespok koordinatu dute; bi-biak atal horretako testuen arduradunak dira.

ZINEren hirugarren alearen jendaurreko aurkezpena urrian egingo da, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan; Beñat Sarasolak eta Maialen Belokik parte hartuko dute aurkezpen horretan, eta Ke arteko egunak proiektatuko da.

Call for papers

ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak ikertzaileen ekarpenei zabalik dagoen proiektua da. ZINErako proposamenen aurrehautaketa Batzorde Editorialak egiten du, eta kidekoen kanpo berrikuspena ere egin dakieke. Proposamenak helbide honetara helaraz daitezke: zine@zine-eskola.eus. Proposamen bakoitzean, 250-500 hitzeko laburpen bat eta egilearen CV osoa jarri behar dira. EQZEren webgunean daude egileentzako jarraibideak.

ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE), Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak online argitaratutako argitalpen akademikoa da. ZINEren helburua da ikerketa originalak argitaratzea, eta ikasketa zinematografikoen arloan espezializatutako ezagutzari ekarpena egitea, diziplinarteko ikuspegi batetik.

  

2352