Breadcrumb

Asset Publisher

Back Lagun liburu dendaren lagunek haren sortzaileak omendu dituzte

Lagun liburu dendaren lagunek haren sortzaileak omendu dituzte

«Lagunen erosi nuen liburu hura»

2018/03/22

Lagun liburu dendaren lagunek haren sortzaileak omendu dituzte kulturarekiko, pentsamendu kritikoarekiko eta askatasunarekiko izan duten konpromisoagatik

«Lagunen erosi nuen liburu hura» izeneko ekitaldia egin da Victoria Eugenian; Fernando Bernuesek zuzendu du, eta Ramon Saizarbitoria eta Juan Pablo Fusi izan dira partaide, beste askorekin batera.

Ekitaldiaren amaieran, Itxasok makila bat eman die, kulturarekiko, pentsamendu askearekiko eta askatasunarekiko leialtasun erostezinagatik autoritate moral eta etikoa aitortzeko

Kulturaren eta pentsamendu askatasunaren erreferente izan den Lagun liburu denda 1968an ireki zutenetik berrogeita hamar urte igaro diren honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egin nahi izan die dendaren sortzaile eta liburu saltzaile Ignacio Latierrori eta eta joan zen irailean zendu zen Maria Teresa Castellsi, haien historia gogoratzeko, eta haien ibilbidea eta kulturari eta pentsamenduari egin dioten ekarpen esanguratsua aitortzeko. Omenaldiaren ekitaldi nagusia Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin da, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean eta talde artistiko honen lankidetzarekin: Ruth Perez de Anucita (gidoia),  Ikerne Gimenez (eszenografia), Iñaki Salvador (musika), Xabier Lozano (argiztapena), Mikel Fernandez Krutzaga (soinua) eta Nagore Plazaola (ekoizpena). 

Omenaldian izan dira, besteak beste, Markel Olano diputatu nagusia, Denis Itxaso Kultura diputatua, Iñigo Mendez de Vigo Kultura ministroa, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Eneko Goia Donostiako alkatea, Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea.

Taula gainean, espazio eszeniko iradokitzaile batek 50 pertsona hartu ditu: lagunak, bezeroak, ohiko irakurleak... Horiek guztiek, labur-labur, minutu batez bakoitzak, «Lagunen erosi nuen liburu hura» ekarri dute gogora, kontaketa anizkun baten bidez, memoria pertsonala nahiz kolektiboa eginez. Berrogeita hamar lekukotasun, urte bakoitzeko bat. Parte-hartzaile bakoitzak berarentzat esanahi berezia duen liburu bat eta liburu hori hautatu izana inguratu zuten egoera pertsonal, historiko eta sozialak gogoratu ditu. Horrela, guztion artean, Lagunen istorio irekia osatu dugu; istorio zibil, bitalista, bukatugabe eta plurala.

Parte-hartzaileak banan-banan atera dira agertokira beren bizipenak gogora ekartzera, eta taula gainean geratu dira berrogeita hamar urteak osatu arte. Antonio Muñoz Molinak testu bat bidali du, eta Iñaki Salvadorrek irakurri du haren ordez. Une horretan, Ignacio Latierrok «liburu dendako pertsana itxi du», ohiko lanegun baten amaiera sinbolikoa adierazteko. Ondoren, Latierrok ere bere oroitzapenak ekarri ditu, eta, jarraian, Teresa Castellsen alaba Elena Recalde igo da agertokira. Denis Itxasko Kultura diputatuak makila bat eman die haiei eta bizitzaren eta kulturaren abentura horretan alboan izan zituztenei, Gipuzkoak «kulturarekiko, pentsamendu askearekiko eta askatasunarekiko leialtasun erostezinagatik aitortzen dien autoritate moral eta etikoaren erakusgarri».

Itxasok adierazi duenez, «Lagunek 50 urtez eutsi dio gizarte ireki eta demokratiko bat, Francoren eta ETAren diktadurari aurre egiteko moduko gizatasunezko gizarte bat lortzeko konpromiso humanistari», eta zorionak eman dizkio «50 urteko lanagatik, konpromisoagatik, erresistentziagatik, gizalegezko kemenagatik, pasio demokratikoagatik, eta, hitzaren zentzurik zabal eta sakonenean, ausardiagatik; baita zuen hitzaren eta kontzientziaren indarragatik, eta mundua mugitzen duten ideien indarragatik ere. Horiek guztiak harrotasunez eta esker onez aitortzen dizkizuegu gaur».  Iluntasunaren, intolerantziaren eta fanatismoaren aurrean, Itxasok arrazoiaren, arte adierazpideen eta kulturaren argia defendatu du.

Kultura diputatuak, bestalde, Maria Teresa eta haren senar, bidelagun eta Lagunen funtsezko zati izan zen Jose Ramon Recalde oroitu ditu.

Omenaldia baino lehen, Kultura Ministerioak Alfontso X.a Jakitunaren Ordenaren ohorezko plaka, ministerioaren sari gorena, eman dio Lagun liburu dendari. 

 

 

 

  

1755