Lan eta Enplegu Sailak eta Adinberrik loturak estutu dituzte 200 zaintzailek profesionaltasun ziurtagiria eskura dezaten
Lan eta Enplegu Sailak eta Adinberrik loturak estutu dituzte 200 zaintzailek profesionaltasun ziurtagiria eskura dezaten
Lan eta Enplegu Sailak eta Adinberrik loturak estutu dituzte 200 zaintzailek profesionaltasun ziurtagiria eskura dezaten
Urrats “erabakigarria” da zaintzak profesionalizatzeko, Aldundiak eta Adinberrik aktibatu duten eta aurten zainketen esparruko 2.500 profesionalengana iritsiko den formakuntza ibilbidearen esparruan.
Maite Peña Gizarte Politikako diputatua
Gaur goizean, Alfonso Gurpegui, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarteratzeko sailburuordea, eta Maite Peña, Gizarte Politiketako foru diputatu eta Adinberriko presidentea, prentsaurrekoan agertu dira, zaintzaile profesionalen prestakuntza sustatzeko bi aldeek sinatu duten akordioaren berri emateko. Prestakuntza ekintza honen xedea da zaintzaileek profesionaltasun ziurtagiria eskuratzea, Aldundiak mendekoei ematen dien Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren baitan. Jarduera hori 2023ko urtarrilean aktibatu zen, eta datorren urtean ere garatuko da lurraldeko hainbat eskualdetan.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailak emango duen 200.000 euroko dirulaguntzari esker, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberriren bitartez, datozen bi urteetan 200 profesionalengana iritsiko den prestakuntza ekintza aktibatu du. Saioak Donostialdea, Urola Kosta, Debagoiena, Debabarrena eta Tolosaldean egingo dira, 25 pertsonako zortzi taldetan. Ibilbidea Donostian hasi da, Grupo SSI kooperatibaren lankidetzarekin, talde hori ari baita prestakuntza saioak eta akonpainamendua ematen.
Prestakuntza horren helburua da etxeko zainketen eremuko langileek, LPPEren bidez kontratatutakoek eta autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemako zentroetako eta zerbitzuetako profesionalen behin-behineko gaikuntza dutenek, zaintzailearen, etxez etxeko laguntzailearen edo laguntzaile pertsonalaren lanbide kategorietan, mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa etxean emateko profesionaltasun ziurtagiria lortu ahal izatea.
“Zaintzaile profesionalei gaitasun teknikoak eman nahi dizkiegu, mendekotasuna duten pertsonek etxean jasotzen duten arreta hobetzen jarraitzeko; urrats erabakigarria da zaintza profesionalizatzeko”. Ildo horretan, Maite Peñak gaineratu du ekintza hori zaintzaren arloan lan egiten duten profesionalei zuzendutako prestakuntza estrategia baten barruan sartzen dela, eta estrategia horrek sei lan ildo dituela. “Helburua da eskariaren beharrei erantzutea, sektorearen profesionalizazioan aurrera egitea, zainketen sektoreari balioa ematea eta sektore horretan berrikuntza sustatzea”, azaldu du.
Estrategia horretan nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailarekin izandako lankidetza, Zainlab-en esparruko lan ildo batzuk finantzatu eta bultzatzen baititu. Bi erakundeen arteko lankidetzan bultzatutako beste ildo bat da gaikuntzarako eta laguntzarako jarduera berritzaile bat garatzen duena, silver economy delakoaren esparruan irtenbide berritzaileak garatzera bideratuta. Horretarako, aldez aurretik, enpresen hasierako diagnostikoa egingo da, eta Silver merkaturako trantsizio eredua definituko da. Ondoren, bizi-luzeraren ekonomiaren esparruan balio-proposamen bat garatzera bideratutako hainbat prestakuntza-modulu konbinatuko dira.
Prestakuntza estrategia horrekin, eta lan ildo guztien bitartez, aurreikusten da aurten 2.500 profesional ingurura iristea, “gure prestakuntza eskaintza egokituz antzemandako premietara, betiere modu malguan eta hazten jarraitzeko bokazioarekin, horrela zainketetan aurrera egiten jarrai dezagun, sektore sendo eta punta-puntakoa izanik”, diputatuak gaineratu duenez.
Bestalde, Enpleguko eta Gizarteratzeko sailburuordeak adierazi duenez, “zaintzen sektorea hazten ari da, eta datozen urteetan 40.000 lanpostu sortuko ditu. Hori dela eta, beharrezkotzat jo du estrategia bat abian jartzea, gure gizartearen eraldaketak dakartzan aukerak aprobetxatuko dituena, eta gaikuntzari eta trebetasunei buruzko prestakuntza modu berriak eskainiko dizkiona, bereziki zainketen sektore honetan”.
Ildo horretan, gogorarazi du Zainlab programaren ildoetako bat, bere sailak bultzatzen duena eta zainketen sektorea profesionalizatzeko hainbat jarduera eremu barne hartzen dituena, zeregin horietan jada lanean ari diren baina prestakuntza espezifikorik ez duten pertsonez arduratzen dela, eta helburu nagusia duela “zainketen arreta duintzea, lanbideari balioa ematea eta zeregin horietan aritzen direnak -gehienak emakumeak dira- modu egokian prestatzea”.
Lan eta Enplegu Saila Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan ari da silver economyko prestakuntza curriculuma diseinatzeko ere, Gurpeguik adierazi duenez. Ekintza “guztiz berritzailea da, diziplina profesional desberdinei espezializazioa ematea ahalbidetuko duena, enplegagarritasun handiagoa emateko eta, aldi berean, erronka horrekin lotuta enpresa aukerak sortzeko”. “Kontua da gaitasun berriak sartu behar direla zainketa zerbitzuak ematearekin zuzenean lotutako lanbide profiletan, edo pertsona eta haren premiak kontuan hartzen dituen zaintza-eredu bat zeharka laguntzen duten jardueren eta zerbitzuen lanbide profiletan”.
Mendekotasuna
Bere hitzaldian, diputatuak mendekotasunaren inguruko zifrak berrikusi ditu. Gipuzkoan, mendeko 21.192 pertsona daude 65 urte edo gehiagokoak. Horietatik, 4.550 bizi dira adineko pertsonentzako, desgaitasuna dutenentzako edo gaixotasun mentala dutenentzako egoitza zentroetan, eta 16.634 pertsona bizi dira beren etxeetan. Gaur egun, 4.538 zaintzaile daude mendeko pertsonak zaintzeko kontratatuta, Aldundiak ematen duen Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren esparruan, eta mendeko adinekoak zaintzeko estatu mailan ematen diren prestazio guztien % 90 dira.
Peñak gogorarazi du martxotik % 15era arteko igoerak aplikatzen ari direla LPPEaren zenbatekoetan, 9.000 mendekoren etxeetara iritsiko diren hainbat neurriren esparruan. Zaintzailea kontratatzeko hilean gastu handia egiten duten mendeko pertsonentzat osagarri ekonomiko bat ere sortuko da. Gainera, beste zerbitzu batzuk aldi berean erabiltzearen ondoriozko murrizketak ezabatu eta arinduko dira.
Azken hamarkadan, beren etxean bizi diren mendeko pertsonen kopurua esponentzialki hazten joan da, egoitza zentroetan bizi direnen aldean, “eta lanean jarraitzen dugu gero eta gehiago izan daitezen, gehienek hala nahi dutelako”. Horregatik, Maite Peñak nabarmendu duenez, “lankidetza eta koordinazio estua” dago lurraldeko erakunde eta entitateekin etxeko arretari dagokionez, eta azaldu du Etorkizuna Eraikizen eta Agenda Gipuzkoa 2020>2030 ekimenaren esparruan Aldundia etxeko zaintza estrategia bat garatzen ari dela, “etxean bertan jasotako laguntza holistiko, pertsonalizatu eta berritzaile batean oinarrituko da, eta prestakuntzak ere funtsezko eginkizuna betetzen du”.
2547