Breadcrumb

Asset Publisher

Back Landa inguruneko lursailen digitalizazioa sustatuko du Aldundiak

Landa inguruneko lursailen digitalizazioa sustatuko du Aldundiak

GPS bidez, lursail bakoitza geo-erreferentziatzea ahalbidetuko duen urteroko dirulaguntza deialdia onartu du foru erakundeak, udalei zuzenduta.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak landa-lurzoruko lursailak mugatzeko laguntzen deialdi berri bat onartu du. Deialdia udalei zuzenduta dago, eta aurten 225.000 euro bideratuko dira horretara. Programa honen helburua da landa inguruneak lurraldean dituen ezaugarrien mugak hobeto definitzea eta eguneratzea, dauden mugak eta mugarriak behar bezala identifikatuz eta horien kartografia digitala eginez. Laguntza horiek urtero emango dira, eta Aldundiak hamarkada bateko epean lortu nahi du “Gipuzkoako landa-lur guztien kokalekuak GPS bidez geoerreferentziatuta egotea”, Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez. Foru arduraduna gaur goizean agertu da hedabideen aurrean, Kontseiluan hartutako erabakiak gizarteratzeko, eta bertan eman du honen berri.

Gipuzkoako lurren % 90 landa lurra da, eta historikoki lur horiek baserriari lotuta egon dira; hala ere, azken hamarkadetan, Gipuzkoako gizartea hiritarragoa bihurtu da, eta horrek finken eta horien mugarrien gaineko ezagutza galtzea ekarri du. Egoera horretaz jabetuta eta ondorengo belaunaldiei informazio osoa eta argia helarazteko asmoz, Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak ekimen hau abiarazi du Gipuzkoako landa-lurzoru osoko lursailen mugak digitalki jasotzeko. Hamar urterako aurreikusitako inbertsioa 3 milioi eurokoa da (300.000 euro urtean), udalerri bakoitzak gainerako % 50a jarri beharko du, eta proiektuak ez die kosturik eragingo lurren jabeei.

“Asmo handiko proiektua da, eta Aldundiak eraldaketa digitalaren alde egindako apustua landa-eremura ere zabaldu nahi dugu. Informazio baliotsua izatea ahalbidetuko digu, bai lurren jabe diren herritarrentzat, bai erakunde publiko guztientzat. Landa lurren digitalizazioarekin datu-base eguneratu bat izango dugu, Gipuzkoako landa ingurunearen kudeaketa erraztuko duena eta bultzada eta planifikazio politika eraginkorrak, errealitatera egokituak eta berritzaileak hartuko dituena", azpimarratu du Mendozak.

Deialdiari buruzko informazioa laster argitaratuko da GAOn, dagokion informazio, betekizun eta epe guztiekin, eta eskabideak Aldundiaren egoitza elektronikoan aurkeztu ahal izango dira: https://egoitza.gipuzkoa.eus. Laguntzak 14.000 euro eta 25.000 euro artekoak izango dira udal onuradun bakoitzeko. Foru Aldundiak urtero egingo du udalentzako diru-laguntzen deialdia, eta katastroko informazioa jasoko da, herri bakoitzeko lurren datuak eta propietateak identifikatzeko. Lanak egiteaz arduratzen den enpresak, udalak eta Aldundiak osatutako lantalde bat jarriko da martxan, baita jabeei arreta emateko bulego txiki bat ere Udalean.

Lursailen jabeek zehaztuko dituzte lursail mugakideekiko behin betiko mugak. Adostasunik ez badago, bitartekaritza bat egingo da, eta akordiorik lortzen ez bada, mugarri horiei buruzko informazioa eguneratu gabe geratuko da. Mendira joan eta kokapenen puntu zehatzak GPS bidez jasoko dira. Jasotze topografikoa zehaztasun dezimetrikoz egingo da, dauden mugarriak eta beste puntu interesgarri batzuk identifikatuz. Muga zeharkatuko da, eta posizio-puntuak hartuko dira mugaren lerroaren iskinetan. Akordio bidezko jasotze horrek gutxienez katastroko partzelen % 90 hartu beharko du. Ondoren, kokalekuak GIS (Geographical Information System) programara eramango dira.

“Digitalizazio prozesua konplexua izango da; izan ere, lursailak banan-banan bisitatuko dira, mugak ezarri, koordenatuak jaso eta mugarriak jarri ahal izateko; horregatik, udalen laguntza eskatu dugu, ekimena positiboki jaso baitute, eta jabeena ere eskatuko dugu", azaldu du Mendozak. Lanak amaitu ondoren, jabe bakoitzari liburuxka bat emango zaio, azaleztatuta, mugarri eta puntu garrantzitsu guztiak zenbakituta dituzten lursailen plano topografikoarekin, eta ortoargazki bat, bere propietateak nabarmenduta, paperean nahiz digitalean. Lurren behin betiko mugak formatu digitalean jasoko dira katastroan. Udalari udalerriari buruzko informazio osoa emango zaio, Katastroko poligonoetan sailkatuta, formatu digitalean eta ortoargazkian inprimatuta, 1/5000 eskalan.

 

Lehentasunezko jarduerak

Bestalde, bigarren gai bezala, Diputatuen Kontseiluak urtero onartu ohi duen lehentasunezko mezenasgo jarduerei buruzko dekretuari argi berdea eman dio. “Hau da, lurralde ikuspegitik, interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezkotzat jotzen diren mezenasgo jardueren zerrenda egiten dugu urtero. Lehentasunezko jarduera horiei egiten zaizkien ekarpenek, gero, zerga hobariak izaten dituzte. Kasu honetan, %30eko hobaria PFEZan, eta Sozietateen gaineko Zergaren kasuan ekarpena gastu bezala hartzen da eta %18ko hobaria ezartzen da”, azaldu du Mendozak.

Lehentasunezko jarduerak sei multzo handitan sailkatzen dira. Lehenengoan, gizarte politiken esparruko ekimenak jasotzen dira: desgaitasun edo bazterkeria arriskuan daudenen gizarteratzea; mendekotasun, desgaitasun edo bazterketa egoeran daudenei laguntza formula berriak; ikerkuntza eta berrikuntza… Bigarren multzoa kirolarena da, eta hemen eskola kiroleko jarduerak eta Gipuzkoako elkarte, selekzio eta kirolariek txapelketetan parte hartzea (izaera ez profesionala dutenak) bultzatu nahi da. Hirugarren arloan, kultura esparruan, nazioarteko kultur proiektuen prestaketa izendatu da lehentasun gisa. Atal honetan, kontutan hartu badagoela beste Foru Arau bat, espresuki kultur mezenasgoa arautzen duena. Laugarren multzoan, euskararenean, euskararen erabilera soziala sustatzeko programak, IKT erabili edukiak euskaraz hedatzeko proiektuak, tokiko hedabideak… jaso dira.

Bosgarren alorrean daude lehentasunezko jarduerak sustapen ekonomikoaren eta berrikuntzaren esparruan: ikerketa eta esperimentazio lana ahalbidetzen duten jarduerak (nanozientziak, nanoteknologiak, fabrikazio aurreratuko ikerketa jarduerak…) edo jarduera hauetakoren bat beren helbururen artean dituzten entitateak. Alor honetan, nobedade bezala bi kontu aipatu behar dira: alde batetik, Gipuzkoan terapia aurreratuak eta konputazio kuantikoa azkarrago ezartzea helburu duten jarduera lehentasunezkotzat jo direla; eta bestetik, lehentasunezkotzat joko direla baita ere zientzia munduaren ardura eremuetan emakumeen presentzia balorizatu eta bultzatzea helburu duten jarduerak. Azkenik, seigarren multzoa suteen aurkako esparrua da, eta hemen alor honetako lanaren arloan trebatzea eta prestatzea xede duten irabazi asmorik gabeko entitate pribatuek garatutako jarduerak eta programak.

 

Oiarbide diputatuari babesa

Bestalde, bozeramaileak Foru Gobernuaren "erabateko babesa" erakutsi dio Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuari, N-I errepideko ordainlekuaren inguruan jasotako salaketen aurrean. "Erabat arbuiatzen dugu salatzaileak bide penala aukeratu izana. Ez da onargarria pertsonen izena modu honetan zikintzea, horretarako akusazio bidegabeak, funtsik gabeak eta neurriz kanpokoak erabiliz ", azpimarratu du Mendozak.

Halaber, berretsi du epaiak ez duela Foru Aldundiak Gipuzkoako errepideetan bidesariak ezartzeko duen gaitasuna ez duela zalantzan jarri. "Beraz, ez dago zalantzarik Gipuzkoak Batzar Nagusien agindu demokratikoa betetzeko dugun eskubidearen inguruan, eta hori da, hain zuzen ere, Oiarbide diputatuak egin duena", defendatu du Mendozak. "Kritika eta desadostasuna zilegi dira, baina denak ez du balio", gaineratu du.

 

COVID-19ko partea

Azkenik, astero bezala, COVID-19k Aldundiaren gizarte politiketan duen eragina eguneratu du bozeramaileak. Adinekoen egoitzetatik hasita, erabiltzaileen artean ez dago kasu positiborik, eta langileen artean 8 pertsona daude diagnostiko positiboarekin 8 egoitzatan. Bestalde, azken astean ez da positibo berririk aurkitu ez desgaitasuna duten pertsonentzako arreta-zerbitzuetan, ez gizarte inklusioan, eta ez ere adingabeentzako baliabideetan. Aldiz, eguneko zentroetan kasu berri bat atzeman da.

  

3096