Breadcrumb

Asset Publisher

Back Elorrion Bilbora joateko autopista hartzen duten gipuzkoarrek deskontua izango dute

Elorrion Bilbora joateko autopista hartzen duten gipuzkoarrek deskontua izango dute

2023tik aurrera Abadiñoko AP-8ko lotuneak (Gerediaga) gaur egun Ermuakoak daukan trataera berdina izango du eta, ondorioz, elgetarrentzat ala Kanpazarretik ibiltzen direnentzat abantaila suposatuko du.

2022/06/17
Aintzane Oiarbide foru diputatua

Abiatu gailua duten erabiltzaileek Abadiñoko lotunean AP-8a hartu eta ondoren Bizkaian egindako tarteak gastu limiterako konputatuko du 2023tik aurrera. Horrela iragarri du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak gaur Elgetan eman duen prentsaurrekoan.

          “Gaur egun Abiatu daukaten ibilgailu arinek, Bizkaiko AP-8a eta Arabako AP-1a erabiltzeagatik hileko 50,93 euroko gastu limite bat daukate, lurralde arteko gastu limitea. Gastu limite hori  Bizkaian edo Araban egiten diren tarteei aplikatzen zaie, beti ere jatorri edo helmuga bat Gipuzkoan dagoenean eta bestea Bizkaia edo Araban kokatzen denean”, azaldu du Oiarbide diputatuak. “Egun, AP-8an salbuespen bat daukagu indarrean: Ermua eta Bizkaiko AP-8ko beste edozein lotuneren arteko ibilbidea ere gastu limite honetan sartzen da, nahiz eta ibilbidearen 2 muturrak Bizkaian kokatu.  

Izan ere, ez dira gutxi Eibarreko gidariak Ermuako lotunea erabiltzen dutenak Bizkaiarako joan etorrietan. Erabiltzaile hauek, salbuespen hau ezean, Azitaingo lotunera jo beharko lukete beraien ibilbidea gastu limitean konputatu ahal izateko, Eibar guztia gurutzatuz eta trafiko eragozpenak sortuz.

          Datorren urtetik aurrera, Abadiñoko (Gerediagako) AP-8ko lotuneak ere Ermuakoaren trataera berdina izango du. Elgetaren kasuan batez ere, eta Debagoieneko zenbait herriren kasuan, lurralde arteko gastu limiteaz baliatu nahi izateak, ibilbide luzeagoak egitera behartzen ditu gaur egun,  lehenengoek Karabietatik Eibarrera jaitsi eta ondoren AP-8 a hartuz eta bigarrenek AP-1 etik Maltzagaraino joanez.

          Horiek horrela, 2023tik aurrera, Abadiñoko AP-8ko lotuneak, gaur egun Ermuakoak daukan trataera berdina izango du. Beraz, elgetar bat Bilbora joateko, Elorriotik joan daiteke, han autopista hartu eta Bilborainoko bidea deskontu barruan sartuko da. Berdin, Kanpazarretik Bilbora joaten dena ere, Elorrion autopista hartu eta Bilboraino deskontua izango du.

          2015ean indarrean sartu zenetik, Abiatu da AP-8 eta AP-1 autobideen erabiltzaile gipuzkoarrei indarrean dauden deskontuak eta hileko gastu-mugak (34,47 € Gipuzkoan eta 50,93 € Bizkaia eta Araban egindako tarteengatik) eskuratzeko aukera ematen dien gailu bakarra.

          Beherapen progresiboak lehenengo sei bidaien ondoren hasten dira, eta % 25etik -lehen zortzi bidaietan- % 75era doaz -21. bidaiatik aurrera-. "Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako deskontu politika horren ondorioz, erabiltzaileek 25 milioi euro baino gehiago aurreztu dituzte 2021ean egindako joan-etorrietan", adierazi du Oiarbide diputatuak.

          Bide Azpiegituretako diputatuak Abiatu 2.0 gailuak gipuzkoar guztiei eskaintzen dizkien abantailak azpimarratu ditu, bai Gipuzkoako autobideetan, bai estatukoetan, Frantzian eta Portugalen: autobideak eta aparkalekuak Abiaturekin ordaindu ahal izango dira, aparteko kargurik gabe.

  

3071