Breadcrumb

Asset Publisher

Back Lau gipuzkoarretatik hiruk natura zaintzeko kezka dute

Lau gipuzkoarretatik hiruk natura zaintzeko kezka dute

Ingurumen Departamentuak lehen aldiz aztertu du Gipuzkoako 16 urtetik gorako herritarrek zer-nolako lotura duten naturarekin.

2021/03/04

GNAT Ibilaldiak taldeak proposatutako ibilbideen katalogoan oinarritutako erronkak eta jolasak dituen APP interaktibo bat abiarazi da, familiak proposatutako ibilbideak egitera animatzeko eta haientzako sari txikiak izango dituzten proposamen batzuen bitartez elkarri eragitera bultzatzeko.

Jose Ignacio Asensio: «Ez dugu ahaztu behar gure izaerak eta gure biodibertsitateak zeresan handia dutela klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta, horregatik, klima-aldaketaren aurkako politika guztien lehentasunetako bat izan behar du hura zaintzea, kontserbatzea eta haren balioa Gipuzkoako herritar guztiei hurbiltzea».

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok, Ingurumeneko zuzendari Mónica Pedreirak eta Ingurumeneko teknikari Beatriz Marticorenak Gipuzkoako herritarrei egindako lehen naturbarometroaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean, naturarekiko lotura-maila eta naturaren kontserbazioaren eta dibulgazioaren aurreko jarrera ezagutzeko. Azterketa 16 urtetik gorako 600 pertsonako lagin batean egin da, hainbat irizpide soziodemografiko kontuan hartuta, hala nola adin taldeak, sexua edo biztanleria-guneen tamaina desberdinetako kide izatea.

Lehenik eta behin, oro har balioa ematen zaio naturari; izan ere, Gipuzkoako biztanleriaren ia % 68k dio natura asko estimatzen duela. 31-50 urte arteko adin tartea da estimu indize onenak dituen targeta, eta 65 urtetik gorakoena, aldiz, indize baxuenak dituena. Naturaren estimu mailarekiko alde nagusia udalerriaren tamaina da: 10.00 biztanletik beherako udalerrietan, % 74 dira natura asko estimatzen duten pertsonak, eta 25.000 pertsonatik gorako udalerrietan, aldiz, indize hori % 61era jaisten da.  Generoari dagokionez, emakumeek naturarekiko estimu indize handiagoa dute gizonek baino (emakumeen % 69,6k dio asko estimatzen duela natura; gizonen artean, berriz, % 66k dio hori).

Hala eta guztiz ere, nabarmendu behar da gizonak direla naturarekin harremanetan jartzeko maiztasun handiena dutenak (gizonen % 89,7k dio naturarekin harremanetan egoten dela maiz edo nahiko maiz; emakumeen artean, aldiz, % 85ek).   Naturarekiko maiztasunari dagokionez ere, 10.000 biztanletik beherako udalerriek indize handiagoak dituzte udalerri handietan baino (udalerri txikietan bizi direnen % 54,6k dio naturarekin oso harreman ohikoa duela, eta 25.000 biztanletik gorako udalerrietan, berriz, % 33,9k).

Egindako inkestek erakutsi dute, bestalde, biztanleek pertzepzio maila handia dutela naturarekiko harreman pertsonalak norberaren osasunean dituen onurei buruz. Hiru gipuzkoarretatik bik uste dute naturarekin duten harremanak oso eragin positiboa duela beren osasunean. Pertzepzio hori handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino, eta bereziki, adin talde gazteenetan. Herritarren arabera, hauek dira naturan egotearen onura emozional nagusiak: gogo aldartea hobetzea, baikortasuna, antsietatea murriztea eta gorputzaren eta gogamenaren arteko lotura hobetzea. Naturaguneetan gaudenean egiten diren jarduerei dagokienez, hauek dira aipagarrienak: oinez ibiltzea, natura behatzea eta familiarekin eta lagunekin bertan egotea.

Bestalde, naturaren kontserbazioarekiko kezkari dagokionez, ondorioztatu da Gipuzkoan lau lagunetik hiru oso kezkatuta daudela naturaren kontserbazioarekin. Kasu horretan, pertsona zaharrenek (65 urtetik gorakoen taldea) adierazten dituzte kezka-indize handienak (naturaren kontserbazioak asko kezkatzen ditu herritarren %77 baino gehiago). Natura babesteak duen garrantzia argudiatzeko erabiltzen diren arrazoi nagusien artean, honako hauek daude: pertsonen bizi kalitateari egiten dion ekarpena eta bizirik irauteko beharrezko ondasuna delako ustea. Ildo horretan, nabarmendu behar da, gipuzkoarren % 41en ustez, azken urteotan hobetu egin dela naturaren kontserbazioaren egoera beren ingurune hurbilean, eta biztanleriaren % 63ren ustez, ingurune hurbilaren kontserbazio egoera oso ona da. Nabarmendu behar da datu horiek zertxobait murrizten direla biztanleriak Gipuzkoa osoko naturaren kontserbazio egoera baloratzen duenean.

Naturaren dibulgazioari dagokionez, inkesta egin zaien ia pertsona guztiek uste dute naturaren dibulgazioa oso edo nahiko beharrezkoa dela, eta egiaztatu da, oro har, Gipuzkoako biztanleak nahiko irekiak direla naturari buruzko dibulgazio jarduerei dagokionez, nola izaera pasiboagoa dutenez –hala nola dokumentalak, zinema edo natura-programak ikustea–, hala naturarekin zuzeneko harremana eskaintzen dutenez.

Beraz, azterlanak egiaztatu du beharrezkoa dela Gipuzkoako biztanleek naturarekin harreman zuzena eta pertsonala izan dezaten sustatzea eta naturaren inguruko jarduerak, kontserbazioa eta zabalkundea sustatzea. Horri dagokionez, Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok honako hau gogorarazi du: «Abiapuntu gisa, maitatzen duguna eta ezagutzen duguna babesten dugu. Horregatik, Gipuzkoako Naturaldia programa honetan truke batean lan egiten dugu, zentzu bikoitzean. Alde batetik, hurbilen ditugun natura-balioak zabaltzen saiatzen gara, gure ingurukoenak: hain zuzen, balio horiei eutsi ahal izateko. Bestetik, hala egiten dugu, gaur aurkezten ditugun azterlanek egiaztatzen dutelako naturak onura zuzena dakarkiela pertsonei».

 Gnat Konekta Gipuzkoa Naturaldia programaren parte da. Gipuzkoarrei zuzendutako programa bat da, naturarekin konektatzea helburu duena, aukerak erakusten dituen eta profil desberdinei zuzendutako jarduerak proposatzen dituen webgune baten bidez. Katalogo birtual horrek haur eta helduentzako zenbait ideia proposatzen ditu, hainbat lekutan naturarekin konektatzeko proposamenak bilduz. Laburbilduz, Gnat Konekta zerbitzuaren helburua da berriz ere naturarekin bat egin nahi duen Gipuzkoako edozein herritarrek eskura dituen baliabide guztien ikuspegi orokorra izatea, webgune espezifiko eta eguneratu bat izatea, eskura dituen aukeren aberastasunera bideratuko –-eta konektatuko– duena, eta profil desberdinei zuzendutako jarduerak proposatuko dizkiona.

Aurten, lehendik zeuden 10 ibilbideei beste 6 ibilbide berri gehitu zaizkie, eta, beraz, guztira 16 ibilaldi dauzkagu Gipuzkoako eskualde guztietan, naturaz gozatzeko hainbat ohar eta motibaziorekin. Asensio foru diputatuak azpimarratu duenez, «88 kilometro dira jada, gure herri eta hirietatik gertu, natura askotariko, funtzional eta interesgarri batez gozatzeko aukera ematen digutenak, herritarrak espazio horiek bizitzera bultzatuz». Hau ere gaineratu du: «Ez dugu ahaztu behar gure naturak eta biodibertsitateak zeresan handia dutela klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta, horregatik, hura zaintzeak, kontserbatzeak eta haren balioa Gipuzkoako herritar guztiei hurbiltzeak lehentasuna izan behar du klima-aldaketaren aurkako politika guztietan».

Gnat Konekta APPa: naturan zehar ibilbideak egitera bultzatzen duen APP interaktibo eta gamifikatua

Gainera, aurten, Gnat Ibilbideetan oinarritutako APP interaktibo bat abiaraziko da, familiak proposatutako ibilbideak egitera animatzeko, eta haientzako sari txikiak izango dituzten proposamen batzuen bitartez elkarri eragitera bultzatzeko.

Erronka txikietan oinarritutako gamifikazio estrategia horren helburua da txikienen motibazioa handitzea eta familiek naturarekiko duten lotura-maila handitzeko baliabideak eskaintzen saiatzea.

Erronkak GNAT ibilbideetan oinarrituko dira, eta LUR enpresak dinamizatuko ditu. Erronkak ibilbideak egin bitartean gainditu beharko dira, eta askotarikoak izango dira, hala nola inskripzio posibleei buruzko galdera zehatzei erantzutea, argazki jakin bat egiteko eskatzea edo jardueraren bat egitea, esaterako, zuhaitz bat besarkatzea. Aplikazioa deskargatzeko eta harekin jolasteko, erregistratu egin beharko da, eta erregistratutako pertsona batek gamifikazioak ezarritako Gnat Ibilbideen gutxieneko kopuru bat behar bezala egin duenean, familiarekin asteburu bat parke natural batean pasatzeko zozketan sartuko da.

  

1522