itxaso Alardean, berdintasuna eta elkarbizitza babeste aldera
itxaso Alardean, berdintasuna eta elkarbizitza babeste aldera
Itxasok Irungo herritarrak animatzen ditu denon artean onartutako bidetik jarraitzeko, errespetuaren ikuspegitik aurrera egiteko.
Denis Itxaso lehen diputatu nagusiordea Irunera joan da gaur, goiz-goizetik alardea ikustera. Itxasok, 2015eko foru hauteskundeen kanpainan, alarde tradizionalera nahiz alarde publiko eta mistora joateko konpromisoa hartu zuen; beraz, bi desfileak ikusiz gozatu du, eta berriro esan du ezerk ez inork ez duela Irunen bizi den jai-giroa nahasi behar eta, beraz, ezinbestekoa dela bateragarri egitea berdintasuna eta jaietako elkarbizitza, behar-beharrezko balioak direlako, eta, halaber, hau azpimarratu du: “garrantzi handia dute tolerantzia eta elkarbizitza hobea lortu ahal izateko azken urteetan egin diren urratsak”.
"Berdintasuna oinarrizko balioa da –esan du-, pertsona guztiek eskubide berdinak dituztela aitortzea oinarrizko irizpidea da pertsonaren duintasuna bermatzeko, eta errespetua justiziari lotutako oinarrizko printzipioa da. Gizonak eta emakumeak berdinak dira eskubideei dagokienez, eta aukera berak izan behar dituzte eskubide horiek erabiltzeko. Ildo horretan, azpimarratu behar da tentsioa eta konfrontazioa nabarmen gutxiko direla Irungo Alardean eta, zorionez, elkarbizitza eta jai giroa direla nagusi”.
Izan ere, Alardea sentimendu sakona da Irungo herritarrentzat, beraien nortasunaren zati bat, eta, normala denez, gizonezkoek eta emakumezkoek, denek, parte hartu nahi dute. Eskubide hori eztabaidan eta zalantzan jarri da eta jartzen da gaur egun ere. Zorionez, gainditu dira iraganeko elkarbizitza arazoak eta festak modu baketsuan jarraitzen du aurrera, baina, hala ere, berdintasunaren eta integrazioaren bidean aurrera egiteko urrats gehiago egin behar dira".
Itxasoren iritziz, “Alardea ondo ezagutu eta asko maitatzen dutenen eskutik etorriko da konponbidea, hau da, Irungo herritarren eskutik. Bakarrik propiotzat hartzen den bideak gainditu ditzake gaur egun dauden gabeziak eta babestu dezake denona den sentimendu bat, berdintasuna eta nortasuna bateragarri egiteko tresna gisa erabilita”.
Azkenik, Foru Gobernuko bigarrenak esan duenez “Irun eta bere festa maitatzen dutenek ireki behar dute elkarrizketarako bidea, eta adostutako edozein konponbidek egungo egoera hobetu behar du, elkarbizitza eta berdintasuna bultzatzeko, eta festa eta hiria kanpoaldera proiektatzeko. Elkarri entzuteko eta elkarrizketa bultzatzeko espazioak ireki behar dira, ezinbestekoak baitira aurrera egin ahal izateko eta esparru berri bat ezartzeko; izan ere, gizarteak eta erakundeek ahaleginak egin behar dituzte jai eder hori, Alardea, herritar guztien balioak eta sentimenduak ospatzeko ekitaldi bat izan dadin.
1909