Breadcrumb

Asset Publisher

Back Lehen fruituak ematen hasi da 2deo laborategia

Lehen fruituak ematen hasi da 2deo laborategia

JarriOn eta Go!azen Transmedia proiektu pilotuen ondorio “positiboak” plazaratu ditu Aldundiak

Lehen fruituak ematen hasi da 2deo laborategia

“Ikus-entzunezkoak dira gaur egungo gazteek gehien kontsumitzen dituzten produktuak eta, euskarak bere etorkizuna bermatzeko, tokia egin behar du esparru horretan”. Honela azaldu du gaur Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok 2deo euskarazko ikus-entzunezko edukien laborategiaren abiapuntua. Abenduan aurkeztu zen proiektua, Etorkizuna Eraikiz foru programaren testuinguruan, eta aurki jarriko da martxan azpiegitura. Gaur gaurkoz baditu ordea hainbat egitasmo martxan, tartean JarriON aplikazioa eta Go!azen Transmedia proiektua, 2deo ekimenaren “lehen fruituetako” bi. “Eraginez, eta elkarlanean, ziur nago euskarak ikus-entzunezko produktu berrien munduan duen tokia hobetzea lortuko dugula”, esan du Olanok.

            Diputatu nagusiak gaur goizean Donostian egin den prentsa agerraldian hartu du parte, eta berekin izan dira Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia eta Luistxo Fernandez, CodeSyntax enpresakoa eta JarriON aplikazioaren garatzailea. Foru arduradunak gogoratu duenez, 2deoren ibilbide guztia ikus-entzunezkoen sektoreko eragileen eskutik egin da, eta gaurko agerraldia ere horren isla izan da. “Garrantzia handia du gauzak nola egiten diren eta, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren kasuan, elkarlaneko gobernantza da bere ezaugarri nagusia. Enpresa, elkarte, eragile, herritar… guztien inplikazioa beharrezkoa da etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko, eta filosofia berdina darabil 2deo proiektuak”, azpimarratu du.

            Olano pozik agertu da JarriON eta Go!azen Transmedia egitasmoek lortutakoarekin. “Euskara eremu berrietara eramaten du batek, eta gazteek euskara kontsumitzen dutela erakutsi digu besteak, betiere eduki interesgarri eta erakargarriak ematen badizkiegu”, esan du. UPV/EHUk Aldundiarentzat eginiko ikerketa baten arabera, gaztelania da nagusia Gipuzkoako gazteek kontsumitzen dituzten euskarazko ikus-entzunezko edukietan, batik bat, egun dagoen aukera faltagatik da. Euskarazko edukien gabezia bizi dutelako, alegia. Hala ere, ikerketa honen arabera, euskarazko Ikus-entzunezko edukiak kontsumitzearen aldeko jarrera irmoa erakusten dute lurraldeko eskualde gehienetan.

Diputatu nagusiaren ustetan, beharrezkoa da gazteek duten hutsune hori betetzeko ahalegina. “Ikus-entzunezko produktuen kontsumoa gero eta handiagoa da eta testuinguru horretan euskararen presentzia handitzea ezinbestekoa bilakatzen da, hizkuntzaren erabilera areagotzeko. Era berean, euskal kultura eta identitatearen transmisioa gelditu edo geldiagotzeko arriskua dago”, ohartarazi du Olanok, 2deo proiektuaren beharra aldarrikatuz beste behin. Aurreratu duenez, datozen hilabeteetan jarriko da martxan laborategia, Donostiako Tabakaleran kultura zentroan kokatua egongo dena.

 

JarriON

JarriON proiektuari dagokionean, mugikorraren bitartez telebista kontrolatzen duen softwarea garatu da, Chromecast izeneko gailuaz baliatuz. Aplikazioa jada eskuragarri dago Android mugikorrentzako edota www.jarrion.eus webgunean. Euskarazko ikus-entzunezko eduki ezberdinak biltzen ditu, bai hedabide zein eragile eta norbanako ezberdinenak. Eduki hauek, esan bezala, gero telebistan proiektatzen dira. “Azkar hedatzen ari den teknologia da Chromecastarena eta, hori horrela, ziur nago JarriON ekimenak lortu duela eremu honetan euskarari ikusgarritasun gehiago ematea”, adierazi du diputatu nagusiak.

            Luistxo Fernandezek azaldu duenez, telebistaren kontzeptua aldatzen ari da gaur egun: “Ikusteko ohituretan, gero eta gehiago saioak nahieran, nahi dugun unean, nahi ditugu". Testuinguru honetan, “JarriON euskarazko edukiak eskura ditugun bi pantaila inportanteenetan ikusteko tresna da, hainbat eduki nahieran mugikorrean eta telebistan ikusteko”. Bi euskarri hauen arteko zubi praktikoena, gaur egunean, Chromecast teknologia da, eta hain zuzen ere JarriON euskarazko lehen aplikazioa da teknologia horretara egokitua.

           

Go!azen Transmedia

Go!azen Transmedia ekimenaren helburua, bere aldetik, Go!azen ETBko telesail arrakastatsua transmedia produktu bilakatzea da. Hau da, istorioa euskarri desberdinen bidez elikatu eta euskarri bakoitzean garatzen diren pasarteak osagarri bihurtzea. Horretarako, Go!azen telesailaren aurtengo denboraldian sare sozialak erabili eta mugikorrerako aplikazio bat plazaratu da, arrakasta handia izan duena. Zehazki, App-k 25.000 erabiltzaile aktibo izatea lortu du. Olanoren arabera, zenbakiek argi uzten dute gazteen aldetik badagoela euskarazko produktuekiko interesa. “Kalitatezko edukiak lortzen baditugu, gazteek erantzuten dute”, azaldu du.

            “‘Go!azen Transmedia proiektuarekin aurrera pausu bat eman nahi izan dugu, bi helburu  nagusirekin:  bateko, euskararen presentzia sarean eta gaztetxoen artean igotzea, euren espazioetara hurbilduz eta euren hizkuntza erabiliz, eta, besteko, Go!azen eta bere unibertsoa zabaldu eta indartu”, azaldu du Maite Iturbek. Sare sozialetan eta aplikazioaren bitartez egin den lanaren bitartez, helburua izan da “Go!azen komunitatea sortu, interaktibitatea eragin eta eduki esklusiboak eta erakargarriagoak eskaintzea”. “Funts hauekin guztiekin, gure asmoa telesailaren hurrengo denboraldiari begira da aplikazioa hobetu, funtzionalitate berriak sartu eta bisualagoa eta dinamikoagoa egitea”, adierazi du EITBko arduradunak.

  

2117