META kanpainan parte hartzen duen ekimen batek jasan dituen eraso homofoboen gaitzespena
META kanpainan parte hartzen duen ekimen batek jasan dituen eraso homofoboen gaitzespena
Agerian da lanean jarraitu behar dela gizarte bidezkoago eta berdinzaleagoa lortzeko.
Eraso horiek agerian uzten dute lanean jarraitu behar dela gizarte bidezkoago eta berdinzaleagoa lortzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak deitoratu eta gaitzetsi egin ditu L.S.B, Ana ¡El lesbicómic! ekimenak sare sozialetan jasan dituen eraso homofoboak. Ekimen horrek META kanpainan parte hartzen du, mikromezenasgoaren bidez bildutako diruaz emakume lesbiana bat protagonista duen komiki bat argitaratu ahal izateko.
“Gezurra dirudi gaur egun, oraindik ere, horrelako portaerak egotea: intolerante eta errespetugabeak, desberdintasuna eta dibertsitatea onartu ezin dituztenak. Autorearen profil pertsonalean jasotako mezuek erakusten dute asko falta dela oraindik sexu eta genero aniztasuna normalizatzeko, eta gizarte bidezkoagoa lortzeko, non pertsona guztiak berdinak izango baitira, alde batera utzita bakoitzaren sexu orientazioa, erlijioa edo jatorria”, azpimarratu du Kulturako zuzendari Maria Jose Telleriak.
Erasoak eraso, ekimen honek 6.927 euro bildu ditu jada, eta hasiera batean behar zuen gutxieneko aurrekontua (5.100 €) gainditu du; beraz, aurrera egingo du, eta aurrekontu hoberena (9.500 €) lortzeko lanean jarraituko du.
Eguneroko egoerei umore onez aurre egiten dien emakume lesbiana pertsonai nagusia den komikien bilduma elebidunaren (euskara/gaztelania) argitalpenean datza proiektua. Komikietan LGTBI kolektiboarentzat garrantzitsuak diren gaiei heltzen zaie, hala nola armairutik ateratzearen prozesua, sexuaren bidez transmititzen diren infekzioak, transexualitatea, bisexualitatea, GIBaren kontrako babesa, gizartearen gaitzespena, egiazko maitasunaren bilaketa, eta abar. Komikia, beraz, emakume lesbianek emakume izateagatik ez ezik lesbiana ere izateagatik pairatzen duten ikusezintasun bikoitza nabarmentzeko tresna bilakatzen da.
Irakurtzeko erraza den formatu hau erabiliz, emakume lesbianen errealitatea helaraziko zaio gizarte osoari, eta gazteei bereziki; gainera, bide batez, neska lesbiana nerabeei pertsona bezala garatu ahal izateko gertuko erreferente baikorrak eskainiko dizkie, gehienetan zineman eta literaturan pertsonaia lesbianekin lotuak ageri diren traumetatik urrun.
Doan banatuko den argitalpen hau tresna lagungarria izango da genero eta sexu aniztasunaren inguruan Gehituk Euskal Herriko eskoletan eta kirol edo aisialdi taldeetan burutzen dituen tailerretan. Halaber, Latinoamerikan LGTBI arloan lan egiten duten elkarteen eskura jarriko dugu formatu digitalean eta, formatu eskuragarri eta eroso batean ohikoa ez den edukiari ahal den eta hedapen zabalena lortzeko asmoz, beste hizkuntza batzuetara itzultzen saiatuko gara: ingelesa, frantsesa, katalana, galiziera, eta abar.
1749