Lezoko eraso matxista gaitzesteko adierazpena
Lezoko eraso matxista gaitzesteko adierazpena
Joan den astelehenean, hilak 25, emakume batek Lezon jasandako erasoa dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak bortizkeria matxista kasu hori irmoki salatu eta arbuiatu nahi du, erakunde adierazpen honen bitartez.
Egun horretan bertan gizon bat atxilotu eta epailearen aurrera eraman du Ertzaintzak, erasoaren erantzule gisa. Foru erakundeak elkartasun osoa eta babesa eskaini dizkio biolentzia kasu hau pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du Oarsoaldeako udalek erasoa gaitzesteko argitaratu duten adierazpenarekin eta ohartarazi nahi du halako gertaeren oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun falta dagoela, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera matxistak. Gizon eta emakumeen berdintasuna, pertsonen duintasuna, askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira, eta eskubide horien aurka egiten duten jarrerak erabat gaitzesgarriak, bidegabeak eta onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean.
Egungo pandemia eta deseskalatze egoeran, foru erakundeak herritarrei dei egin die bortizkeria matxistaren aurkako konpromisoari eusteko, inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten. Erakunde eta herritar oro gertu gaude edozein unetan haiek laguntzeko. Hori guztia dela eta, Miren Elgarresta Berdintasuneko foru zuzendariak Lezoko Gurutze Santua plazan bihar 18:30ean egingo den elkarretaratzean parte hartuko du. Segurtasuneko distantziak eta neurriak mantenduz egingo da kontzentrazio hori.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gogorarazten du biolentzia matxistaren biktimentzako zerbitzu eta egoitza guztiak indarrean daudela eta, halako kasuen aurrean, balizko biktimak zein herritar oro herriko zerbitzu sozialekin harremanetan jarri daitekeela edo 900 840 111 telefonora deitu dezaketela. Baita ere, SOS Deiak zerbitzuaren 112 aplikazioak telefono deirik egin gabe edozein emakumeri laguntza eskaini diezaioke. Hitz egiteko arazoak zein entzumen arazoak dituzten pertsonentzat egokitua dago eta eskaera egiten duen emakumea GPS bidez lokalizatzeko aukera eskaintzen die segurtasun indarrei.
1642