Breadcrumb

Asset Publisher

Back 30.000 euroko laguntza Libanon errefuxiaturik dauden haurren hezkuntzarako

30.000 euroko laguntza Libanon errefuxiaturik dauden haurren hezkuntzarako

Itxaso arreta jartzea eskatu du errefuxiatuen hezkuntza gabeziaren etorkizuneko ondorioetan

                                                       

Kultura eta Kooperazio Departamentuak 30.000 euroko premiazko laguntza bat onartu du Libano hegoaldeko haur errefuxiatuei hezkuntza laguntza eta laguntza psikosoziala emateko.  Proiektua Solidaridad Internacional GKEk burutuko du. Prentsaurrekoan Denis Itxaso Kultura diputatuak, Fernando San Martin Kooperazioko zuzendariak eta Ana Arriola Solidaridad Internacional-eko zuzendariak hartu dute parte.

Siriak bost urte gerran pasatu ondoren, giza hondamendia izugarria da jada: ia milio erdi hildako eta bost milioi pertsona inguruetako herrietan babesleku bila. Horietatik, milioi batetik gora Libanora iritsi dira. Horrela, herrialde horrek biztanleko desplazatu kopururik handiena du. Jendea baldintza tamalgarrietan bizi denez, lehentasuna zerbitzuak eta oinarrizko zerbitzuak bilatzea da, alde batera utzita adingabeen hezkuntza beharrak.

"Errefuxiatuen arazoak dimentsio dramatiko bat du jada, adar askokoa gainera. Gehiago edo gutxiago, badugu Europara iristen saiatzen ari direnen egoeraren berri, zeinak ateak itxita baitituzte Europako erakundeen sentsibilitatetarik eta gaitasunik ezaren ondorioz. Baina, gainera, milaka pertsona daude Libanon errefuxiatuta. Eta bereziki kezkatzen gaituzte umeek, horiek baitute egoerarik hauskorrena. Besteak beste, hezkuntza urteak galtzen ari dira, eta, ezer egin ezean, hori tragedia handi bat izango da epe luzera, bai pertsonentzat, bai herrialde horientzat", esan du Itxasok.

Egoera horri erantzuteko, Libanoko Hezkuntza Ministerioak, Nazio Batuekin batera, 2013an "Eskolara itzultzen" programa abiarazi zuen, Siriako ikasleak Libanoko eskola publikoetan sartzeko. Alabaina, benetan, herrialde horretako hezkuntza sistema ez dago prestatuta Siriatik iritsi diren 400.000 adigabe hartzeko; gainera, curriculumari dagokionez bi herrialde horien arteko aldea hesi gaindiezin bat da. Izan ere, Siriako ikasle gehienek ez dute lortzen Libanoko hezkuntza sistemarako sarrera azterketa gainditzea. Kalkulatzen da % 10ek bakarrik lortu duela Libanoko hezkuntza publikoan sartzea.

Itxasok azaldu du Aldundiak sustatzen dituen kooperazio politikek giza eskubideen eta kulturaren eta hezkuntzaren defentsa sustatzen dutela, elkarbizitzarako lanabes diren aldetik eta balioen kultura garatzeko: berdintasuna eta desberdinarekiko errespetua, adibidez. "Eta proiektu honek hori guztia sustatzen du", ziurtatu du.

Proiektu honek arazoari jarduera hauen bidez egin nahi dio aurre:

  • Hamar emakume errefuxiatu kontratatu, Sirian ere maistra zirenak.
  • Emakume horiek “Strategies for Trauma Awareness and Resliencie” ikastaroaren bidez gaitu. Ikastaro hori diseinatuta dago egoera traumatikoan dauden irakasleak prestatzeko.
  • 50 neska eta 50 mutil hautatu, 4-6 urtekoak, Beirut hegoaldeko auzoetan errefuxiaturik bizi direnak, eta eskola materiala eman: motxila bat, blokak, arkatzak, liburuak...
  • Ikastetxe bat alokatu, bi gelarekin 4 urte azpikoentzat, bi gelarekin 5 urtekoentzat eta gela batekin 6 urtekoentzat.
  • Zortzi hilabeteko ikastaro bat hasi, Libanoko hezkuntza curriculumean oinarritua.

Jarduera horiek Libanoko Hezkuntza Ministeriorekin batera burutuko dira.

Solidaridad Internacional erakundea GKE bat da, 25 urtetik gora daramana lanean demokrazia nazioartean, Giza Eskubideen errespetua, garapen humano eta iraunkorra eta berdintasun eta gizarte justiziaren balioak sustatzen.  Bulegoak ditu Amerika Latinoko, Ekialde Hurbileko eta Afrikako 20 herrialde baino gehiagotan.

Proiektuaren lankide izango den tokiko erakundea The Popular Aid for Relief & Development (PARD) izango da, irabazi asmorik gabeko erakunde bat, 1990ean sortu zena eta egoitza Beiruten duena. Bertan, 36 lagunek lan egiten dute. Helburu du genero parekotasuna sustatzea eta baztertuen eskubideak defendatzea, batez ere palestinarrenak.

PARD larrialdi egoerei erantzuteko kluster batean dago. Bertan, lidergoa UNICEFek dauka, eta orobat parte hartzen dute ACNURek, UNRWAk eta Libanoko Hezkuntza Ministerioak.

  

1575