Lurraldebusek errekorrak apurtu ditu 24 milioi bidaiarirekin 2016an, iaz baino milioi bat gehiago
Lurraldebusek errekorrak apurtu ditu 24 milioi bidaiarirekin 2016an, iaz baino milioi bat gehiago
San Sebastian jaiari begira, zerbitzu bereziak izango dira Donostialdean eta Urola Erdian.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua den Marisol Garmendia sozialistak gaur goizean aurkeztu ditu, Iñaki Prego Mugikortasuneko zuzendariarekin batera, konpainiaren bidaiari kopuruen eboluzio datuak 2016an. Bertan, Lurraldebuseko erabiltzaile errekorra apurtu da, 24 milioi bidaiari izan baitira Gipuzkoa osoan, 2015ean baino milioi bat gehiago eta 1,7 milioi gehiago 2014an baino. Igoera hori nabarmena izan da bidaia luzeetan eta hiri barruko lineetan. Orobat, erabiltzaile kopuruak oso nabarmenki egin du gora asteburu eta jai egunetan: % 8.
Lurradebusek egin duen apustuak, zerbitzuak eskualde bakoitzeko erabiltzaileen beharretara eta urtaroetara eraginkorki egokitzeko, emaitza onak eman ditu. Urtean zehar ordutegiak, maiztasunak eta abar zabaldu ditu, hartara bidaiarien joan-etorriak sustatzeko eta aukera eroso eta eraginkorra eskaintzeko ibilgailu pribatuari.
Marisol Garmendia diputatuak esan duenez, "bidaiari igoera oso nabarmena da, eta Lurraldebuseko zerbitzuan sartzen ari garen hobekuntzen ondorio dira. Pixkanaka-pixkanaka, helbururik onenetara iristen ari gara herritarren behar berrietara egokitutako zerbitzuak emateko eta ordu puntetan zerbitzuak indartzeko, hartara langile eta ikasleei arreta emateko. Gipuzkoako garraio publikoaren eskaintzak balio behar du lanpostuetara joateko, ikastetxe eta unibertsitateetara, eta, aldi berean, herriaren aisialdiari erantzun behar dio, jai eta kultura ekitaldietara joateko, asko baitira Gipuzkoa osoan".
Hala ere, Garmendia jakitun da "oraindik gauza asko hobetu behar direla", baina azpimarratzen du "Lurraldebus egiten ari den ahalegina, hartara garraio publikoa indartzeko, festa eta kultura ekitaldietan". Zentzu horretan, gogorarazi duenez, "lehen aldiz neurriak jarri ziren, Urte Zaharreko zerbitzuak kasu, arrakasta handia izan dutenak. Orobat zerbitzu berdina jarri da abian Donostian eta Azpeitian urtarrilaren 19an eta 20an".
Urte Zaharreko Lurraldebus zerbitzuak
Joan den Urte Zaharrean, eta lehen aldiz, Lurraldebusek zerbitzuak jarri zituen Donostialdean eta Bidasoa behean: Astigarragan, Hernanin, Pasaian, Errenterian, Oiartzunen, Irunen eta Hondarribian, larunbat gauetan izaten den antzeko zerbitzuekin.
Zerbitzu horren eskaeraren seinale argigarri bat da Arreta Zerbitzuak jasotako dei kopurua da. Izan ere, edozein egunekiko hirukoiztu egin zen dei kopurua abenduaren 31n bertan. Aste horretan, 120 dei izan ziren egunean; 31n, berriz, 405.
Zerbitzuaren ikuspuntutik, nahiz eta larunbat arrunt batean baino zerbitzu gutxiago izan, bidaiari kopurua % 25 handiagoa izan zen, 3.000 bidaiari gauean zehar. Horrek ere erakusten du zerbitzu hori eskaini egin behar zela.
Zentzu horretan, Garmendia diputatuak gogorarazi duenez, "zerbitzua indartzeko apustu bat egin genuen, lehen aldiz Urte Zahar gauean, eta herritarrek oso ongi hartu dute. Pozik gaude emaitzarekin, eta ildo horretan jarraituko dugu, garbi geratzen ari baita ezen, zenbat ez garraio publiko gehiago eskaini, orduan eta gehiago erabiltzen dutela herritarrek. Horregatik berdina egingo dugu San Sebastian bezperan".
Lurraldebus zerbitzuak urtarrilaren 19an eta 20an
Gipuzkoako tokiko festetan zerbitzu bereziak eskaini izan diren bezala, urtarrilaren 19ko eta 20ko gauetan, San Sebastianeko festa dela eta, zerbitzu bereziak eskainiko dira Donostialdean eta Azpeitian eta Urola Erdiko eskualdean. Horrela, urtarrilaren 19ko gau osoan zehar zerbitzuak izango dira, eta orobat izango dira zerbitzuak urtarrilaren 20ko gauean 2:30etik 3:30era.
Ordutegi berrien edo Lurraldebusi lotutako beste edozein gairen inguruko kontsultarik izanez gero, 900 300 340 zenbakira edo www.lurraldebus.eus; web orrira jo dezakete herritarrek.
Zerbitzuen hobekuntzak
Lurraldebusek zerbitzuak eta ordutegiak zabaldu ditu eta lineak handitu ditu 2016an Hobekuntzarik nabarmenetako bat izan da martxoaren 1ean Hernani eta Donostiako linea indartu izana, Astigarraga Ibaetarekin lotzen duen lineako baliabide ordura arte gutxi erabiliak erabiliz. Horrek bidaiari kopurua % 10,5 handitzea eragin du 10 hilabetean.
Era berean, Lurraldebus udako beharretara egokitu da. Donostia eta Bilbako aireportu arteko lineak % 10,6 bidaiari gehiago izan ditu urtean zehar, estreinakoz aurten zerbitzuak handitu egin baitira uztailean –autobus bat ordu erdian behin–. Izan ere, udan linea erabili duten bidaiari kopurua handitu egin da, turismoa ere handitzearekin batera.
Orobat, udako egonaldiak errazteko, Donostiarako eta kostarako linea guztiak trinkotu dira abuztu osoko gauetan, lehen aldiz hau ere, "gauero larunbata balitz bezala kasik".
Lurraldebus garraio publikoa sustatu du kultura ekimenetara joateko ere. Hamabostaldian, adibidez, eta Oñatiko Udalarekin batera, zerbitzu bereziak jarri dira Donostiatik, Zarautzetik, Urola Kostatik, Urola Garaitik, Debabarrenetik eta Debagoienetik Arantzazura, Ara Malikian armeniar biolin-jotzaile ospetsuaren kontzertura joateko abuztuaren 25ean Arantzazuko Santutegian.
Bezeroaren arreta zerbitzu pertsonalizatua
2016an Lurraldebusek izan duen beste oinarrizko hobekuntza bat Lurraldebusen bezeroaren arreta zerbitzu pertsonalizatu bat ezartzea izan da 900 300 340 telefonoan.
Informazio integraleko zerbitzu hau iaz ezarri zen lehen aldiz, eta Lurraldebusek duen informazio guztiari erantzuten dio. Konpainiak bezeroaren arreta zerbitzu bat eskaintzen die bidaiari guztiei 8:00etik 20:00etara, hartara herritarren mugikortasun beharrei hobeto erantzuteko, baliabideak bikainduz eta ebazpen iraunkorrak garatuz. Zerbitzuak arrakasta handia izan du, egunero 150 dei izan baititu batez beste.
1651