Breadcrumb

Asset Publisher

Back Maite Peñak Bruselako gizarte zerbitzuen sistema gertutik ezagutu du

Maite Peñak Bruselako gizarte zerbitzuen sistema gertutik ezagutu du

Brusela hiriko Gizarte Ekintzako Erakunde Publikoak gonbidatuta. Halaber, Alzheimerrean espezializatutako zentro baten inauguraziora joan da

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak Bruselako gizarte zerbitzuen sistema ezagutu du gaur, bertako Gizarte Ekintzako Erakunde Publikoak (CPAS) gonbidatuta. Erakunde honek bazterkeria edo bazterkeria arriskuan dauden 22.000 pertsonei laguntzen die Brusela eskualdean. Diputatuarekin batera izan dira Aitziber San Roman, Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako Zinegotzi Delegatua, eta Koldo Aulestia Afagiko (Gipuzkoako Alzheimerdunen eta bestelako dementziadunen senitartekoen eta lagunen elkarteko) presidentea.

Hala, goizean zehar Marolles auzo behartsua ezagutu dute (% 50eko langabezia; Bruselako eskualdean % 25ekoa den bitartean). Bertako gizarte antenara joan dira, alegia, gizarte zerbitzuen zentro bat, 800 pertsonei laguntzen diena -6.000 bizi dira auzoan-, bai etxebizitza bai lana bilatu dezaten. Era berean, Cité Hellemans delakoa ere ezagutu dute, hau da, XX. mendean eraikitako lehen etxebizitza sozialak langile klasearentzako, non 300 lagun bizi diren.

Arratsaldean, Maison Vésale goi mailako zentroaren inaugurazio jendetsuan izan dira, bertan zirelarik Bruselako alkate Yvan Mayeur, Rudi Vervoort, Brusela hiriko eskualdeko ministro-presidentea, eta Céline Frémault eta Pascal Smet, Brusela eskualdeko pertsonei laguntzeko ministroak. Maison Vésale delakoan Alzheimerrak jota dauden 128 pertsona egongo dira.

Joan den urrian, Belgikako ordezkaritza bat, Pascale Peraïta buru zelarik, Gipuzkoara joan zen Gipuzkoako eredua ezagutzera, bai Alzheimerdunen zaintzaren arloan, bai beste gaixotasun nahiz desgaitasunen arloetan. “Alde horretatik oso interesgarria iruditu zitzaien Afagik, Cita Alzheimerrek eta Gureak-ek egiten duten lana”, esan du Aitziber San Romanek.

Belgikako ordezkaritzak Gipuzkoara egindako bisitaldian zehar, CPASeko presidenteak Gipuzkoako ordezkaritza gonbitatu zuen Alzheimerren espezializatutako Maison Vésale delakoaren inauguraziora. Eta hala izan da orain. Koldo Aulestiak, bere aldetik, azpimarratu du bisita hau “oso interesgarria” izan dela, ez bakarrik Maison Vésale ezagutzeko aukera izan dugulako, baizik eta Belgikan Alzheimerreraren kontrako plan nazionala dutelako”. “Eta bisitaldi honek CPASekin lankidetza finkatzeko balioko digu”, gehitu du.

Maite Peñak nabarmendu duenez, Gipuzkoan “erronka handi bati heldu diogu”, hau da, zahartzearen arazo sistemikoari “aurre egitea”. Hori dela eta, esan du alde batetik goi mailako zentro hau gertutik ezagutzea “oso baliagarria” izan dela jakiteko Belgikan nola ari diren egiten bai Alzheimerrari buruzko ikerketa bai Alzheimerdunen pertsonen eta beraien zaintzaileen bizi kalitatea”. Bestetik, eta Aldundiaren helburua izanik Gipuzkoa “desberdintasun gutxien” duen lurraldea izatea, gaineratu du Brusela hiriko gizarte zerbitzuen sistema ezagutzea (173.000 biztanle hirian; Brusela eskualdean, aldiz, milioi bat pasatxo) “oso aberasgarria” izan dela. Horren harira, amaitu du esanez tankera honetako “benchmarking” ekimenak “oso erabilgarriak” direla “interesgarritzat jotzen duguna Gipuzkoako ereduan txertatzeko”.

 

Bruselako auzo behartsu bateko gizarte antena bat bisitatu dute, 800 pertsonei laguntzen diena, bai etxebizitza bai lana aurkitu dezaten

 

 

  

1624