Breadcrumb

Asset Publisher

Back Maria Luisa Arriolak jasoko du Gipuzkoako Urrezko Domina, “ekintzaileei laguntzeko egindako ibilbidea” aitortzeko

Maria Luisa Arriolak jasoko du Gipuzkoako Urrezko Domina, “ekintzaileei laguntzeko egindako ibilbidea” aitortzeko

Aldundiak lurraldearen bereizgarririk handiena emango dio BIC Gipuzkoako zuzendari gerenteari, “enpresa-proiektuak sortu, hedatu eta finkatzeko funtsezko figura” dela iritzita.

2024/10/29
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio Maria Luisa Arriolari (Castro Urdiales, 1961), 1998az geroztik BIC Gipuzkoa Berrilaneko zuzendari gerentea denari. “Gipuzkoan pertsona ekintzaileak babesten, enpresa-proiektu berritzaileak garatzen laguntzen, eta ekonomiaren eta zuzendaritzaren arloetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzen egin duen ibilbide eredugarria” aitortu nahi da horrela. Lurralde historikoaren bereizgarri gorena emanez, Arriolak “lehiakortasuna eta kultura ekintzailea indartzeko, eta Gipuzkoan aukera berriak sortzeko” egindako ekarpena nabarmentzen foru erakundeak, “berrikuntza, lankidetza, etorkizuneko ikuspegia eta konpromiso soziala bezalako balioetatik abiatuta”.

Irune Berasaluze foru bozeramaileak gaur iragarri du Urrezko Domina berria, Diputatuen Kontseiluaren ostean egindako agerraldian. Bertan, izendapena izapidetzeko espedienteari hasiera ematea onartu da. Berasaluzek azpimarratu du “Arriolaren lana, BIC Gipuzkoako talde osoarekin batera, funtsezkoa” izan dela “500 enpresa baino gehiago sortu, hedatu eta sendotzeko, osagai teknologiko handiko eta balio erantsi handiko proiektuak, aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzen dutenak, eta etorkizuneko sektoreetan ondo kokatutako ekonomia aurreratua izaten lagundu dutenak. Lehen eskutik lan egin du Gipuzkoarako proiektu estrategikoak bultzatzen, hala nola mugikortasun jasangarria, teknologia kuantikoak edo biozientziak. Azken esparru horretan berebiziko garrantzia izan du Biozientziak Fundazioaren bidez edo GANTT terapia aurreratuak indartzeko ekimenaren bidez”.

Bozeramaileak gaineratu duenez, “ekintzaileei laguntzeko ekosistemaren funtsezko figura izan da eta da Arriola, laguntza eta aholkularitza eskainiz etengabe beren ideia definitzeko, enpresa sortu eta bizkortzeko eta merkatuan sendotzeko. Ezagutza emanez, finantzaketa eta I+G ekosistema haien eskura jarriz, sareak sortuz eta, azken batean, enpresa bat eraikitzeko eta finkatzeko prozesu konplexu eta luzean bideratzaile handia izanik. Gertutasunetik, zintzotasunetik, enpatiatik, eta sekulako konpromiso maila erakutsiaz”. Ildo beretik, adierazi du Gipuzkoako “funtsezko bi elementu” islatzen dituela, “hala nola dinamismo ekintzailea eta konpromiso solidarioa, legegintzaldiko Ekin, Zaindu, Bizi lelo horretan laburbilduta daudenak. Konpromiso horren adibide dugu Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartean duen parte-hartzea, gaixotasun hori duten pertsonen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzeko, ikerketa eta sentsibilizazioa bultzatuz. Dela ekintzailetzaren dela boluntariotzaren bidez, atzean gizarte hobea egiteko bokazioa dago beti ere”.

Era berean, Berasaluzek nabarmendu du Arriolak “erraztu” egin duela “emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako bidea ekonomia- eta enpresa-munduan, non oraindik ere badugun gainditu gabeko arrakala bat, ekintzailetzaren balioak landuz berdintasunezko ikuspegi batekin”. “Balio horiek – gaineratu du – ezin hobeto islatzen adierazten dute Gipuzkoak ongizate integralaren alde egiten duen apustua, etorkizuna eta aukerak eskainiko dituen lurralde bat izateko borondatea, pertsona guztiek bizi-proiektu eta proiektu profesional osoak eta zentzuz beterikoak garatu ahal ditzaten”.

Ekintzaileen lanaren aitortzan eta kultura ekintzailearen hedapenean “anbizioz” egin du lan, hainbat sariren bidez, hala nola Entreprenari, Manuel Laborde sariak, etab. Arlo horretan egin duen ahaleginak ere jaso du aitortzarik, “2021eko Gipuzkoako zuzendaririk onena” izendatu baitzuen Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkarteak (ASPEGI). Urrezko Dominaren banaketa abenduaren 12an egingo da Foru Jauregian, Gipuzkoako ehun ekonomiko eta asoziatiboko ordezkari ugari bilduko dituen ekitaldian.

Marisa Arriola Nieto Geografian eta Historian lizentziatua da, Erdi Aroko Historian espezializatua, Salamancako Unibertsitatean, Pertsonen Zuzendaritzako Masterra EHUn, eta Zuzendaritza Nagusiko Programa (PDG) IESE Business Schoolen. Bere ibilbide profesionalean zehar oso esparru ezberdinetan lan egin zuen, hala nola industria sektoreko prozesuen aholkularitzan, 1998an BIC Gipuzkoa Berrilanen agintea hartu aurretik, gaur egun bertan garatzen baitu bere jarduera. Gainera, hainbat unibertsitatetako irakasle da: Ekintzailetza eta Barne-ekintzailetza Bilboko Deustuko Unibertsitateko MBA-EMBAn, irakasle gonbidatua UPV-EHUko Psikologia eta Esku-hartze Psikosozialeko Masterrean, eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako ekintzailetza-katedrako kidea da, eta arlo horretako estrategiari buruzko hainbat ponentziatan parte hartzen du, bai estatuan, bai nazioartean. 2022tik Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteko presidentea ere bada.

Urrezko Domina Foru Aldundiak eskaintzen duen aitortza gorena da eta 1982an eman zen lehen aldiz. Hauek dira orain arte saritutako pertsonak eta kolektiboak: Jose Miguel Barandiaran (1982), Manuel Lekuona (1983), Donostiako Orfeoia (1985), Eibarko Armeria Eskola (1987), Carlos Santamaria (1991), Euskaltzaindia (1994), Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Juan Mari Arzak (1998), Iñaki Gabilondo, Juan Celaya eta Jose Maria Setien (2003), Menchu Gal, Xabier Arzalluz eta Arrasateko kooperatiba-mugimendua (2005), Pedro Luis Uriarte, Carlos Garaikoetxea eta Jaime Garcia Añoveros (2005), Pedro Miguel Etxenike, Itziar Astiazaran eta Andoni Egaña (2006), Mikel Laboa (2008), lehen ikastoletako andereñoak (2009), Angel Olaran (2010), Nestor Basterretxea, Egunkaria eta Egin (2013), Benito Lertxundi (2014), Gipuzkoako harrera-familiak eta Ordena Publikoko Auzitegiak kondenatutako emakume gipuzkoarrak (2014), XX. mendeko 40, 50 eta 60ko hamarkadetan Espainiako Estatutik Gipuzkoara etorritako pertsonak (2015), Juan Antonio Urbeltz (2015), Ramon Saizarbitoria (2016), frankismoaren biktimak (2017), Jakin taldea (2018), Aspegi (2019), Donostiako Matia kaleko Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioa (2021), Elkar Taldea eta Andres Arizkorreta (2023).

Aurrekontu proposamena

Era berean, bozeramaileak iragarri du etzi, osteguna, ezohiko Diputatuen Kontseilua egingo dela 2025erako Gipuzkoako Aurrekontu Orokorren proposamena jasotzen duen Foru Arauaren proiektuari argi berdea emateko. Eider Mendoza diputatu nagusiak, Jose Ignacio Asensio lehen diputatu nagusiordeak eta Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako diputatuak agerraldia egingo dute aurrekontu proiektuaren ildo nagusien berri emateko, eta, ondoren, Mendozak proposamena helaraziko dio Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidenteari. “Etenik gabe ari gara lanean Gipuzkoarako ahalik eta aurrekonturik onenak ehuntzeko, betiere pertsona guztien ongizate integrala ardatz hartuta. Hiru zutabe ditugu: jarduera ekonomikoa bultzatzea, arreta soziala eta sortzen ari diren premia berriei erantzutea, maila guztietako elkarlanean oinarrituta, hori baita guztiontzako etorkizun hobea eraikitzeko bidea”.

Dirulaguntza UEUri

Bestalde, Berasaluzek jakinarazi du Foru Aldundiak 100.000 euroko dirulaguntza emango diola Udako Euskal Unibertsitateari, unibertsitate mailan urruneko euskarazko online irakaskuntza eskaintza sendotzeko. Eusko Jaurlaritzak datozen hamar urteetan euskara indarberritu eta euskaldunak ahalduntzea helburu duen ‘Aroa’ marko estrategiko berriari jarraiki, Aldundiak eta UEUk azken urteotako lankidetza esparrua finkatu eta garatu nahi dute, hain zuzen ere unibertsitateak bere eskaintza zabaldu, hedatu eta hobeki finkatzeko urruneko online euskarazko irakaskuntza gara dezan.

“Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen erabilera soziala sustatzeko duen politikaren barnean, Udako Euskal Unibertsitatearen unibertsitate mailako esparruetan euskarazko irakaskuntza baliabideak, bereziki online formatuetan, sortzea oso garrantzizkoa da, esparru horretan euskararen erabilerak dituen gabeziei aurre egiteko tresna egokiak izan daitezkeen heinean. Langintza esparru horretan, eta bizi dugun eraldaketa digitalaren testuinguruan, UEUk nahitaezkoa du bere eskaintza akademikoa informazioaren eta jakintzaren teknologietara egokitzea, urruneko online baliabideak eskainiz bere ikasleei, egitura eta teknologia eraginkor baten bitartez”, azaldu du bozeramaileak.

  

5205