Markel Olano Zorroaga egoitzan izan da: “Zorroaga egoitza arretaren eredu integrala dugu”
Markel Olano Zorroaga egoitzan izan da: “Zorroaga egoitza arretaren eredu integrala dugu”
302 plaza ditu adinekoentzako egoitzan; 50, eguneko zentroan; eta tutoretzapeko 17 apartamentu pertsona autonomoentzat
Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua Donostiako Zorroaga egoitzan izan dira gaur goizean; Aldundiarekin hitzartutako fundazio bat da, 302 plaza dituena: 235, adineko mendekoentzat, Aldundiarekin hitzartuak; eta 67, adineko pertsona autonomoentzat, Donostiako Udalarekin hitzartuak. Horrez gain, Zorroagan 50 plazako eguneko zentro bat dago, Aldundiarekin hitzartua, eta baita ere pertsona autonomoentzako tutoretzapeko 17 apartamentu ere, udalaren eskumenekoak. Guztira, 200 langile ditu Zorroagak. Gaurko bisita lurraldeko zenbait egoitzatara egiten ari direnetako bat da, beti ere honako helburuarekin: adineko jendea zaintzea, pertsonarengan oinarritutako arreta-ereduari jarraituz, eta azpimarra eginez eguneko zentroetan, profil berrietara egokitzeko gizartearen zahartzearen eraginez. “Eta Zorroaga egoitza arretaren eredu integrala dugu”, nabarmendu diputatu nagusiak. Bisitaldian ere lagun izan ditu Txaro Rodrigo, Gizarte Politikako Mendekotasun zuzendaria, eta Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi eta Zorroaga Fundazioko presidenteorde den Aitziber San Roman. “Ezinbestekoa da udalekin lankidetzan aritzea adinekoen arretarako behar diren baliabide guztiak garatzeko. Etxean behar bezala zaindu ezin ditugunean, gure etxearen ahalik eta antzekoena den ingurune batean bizi nahi dugu. Horregatik jauzi kualitatibo bat eman behar dugu, ospitale itxurako zentroetatik etxe itxurako beste batzuetara pasatuta”, gaineratu du Olanok, zeinak gimnasioa eta oroimena lantzeko gela ere ikusi dituen. Zorroagan bizi diren pertsona batzuekin hitz egiten aritu da. Horrez gain, lorategian ibili da, izan ere, kanpoan jarduerak egiteko oso leku aproposa baita.
Zorroaga Fundazioak bi eraikin ditu: Pagoeta eta Ernio, guztira 17.000 m² . Hala, Pagoeta eraikinean 235 mendeko pertsona bizi dira, eta zerbitzu sozio-sanitario osoak eskaintzen zaizkie. Plaza guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta daude. Batez besteko adina 86 urte da; emakumeena, 87 urte, eta gizonezkoena, 82. Bertan bizi direnen % 73 emakumeak dira, eta % 27 gizonezkoak. 2016ko bukaeran batez besteko egonaldia 4,7 urte zen. Errotazio indizea (bajak eta altak) % 25ekoa da. Okupazio maila % 100 da.
Halaber, Pagoeta eraikinean 50 plazako eguneko zentroa dago; hori ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta. Batez besteko adina 86 urte da; emakumeena, 87 urte, eta gizonezkoena, 84. Eguneko zentroa erabiltzen duten pertsonen % 65 emakumeak dira, eta % 35 gizonezkoak. Batez besteko egonaldiaren iraupena egoitzakoa baino txikiagoa da, 2,7 urtekoa, pertsona batzuk eguneko zentrotik egoitzara pasatzen direlako. (“hau da, sarritan etxearen eta egoitzaren arteko zubi bat da, baina mendekotasuna areagotzen denean ezin da bertan jarraitu”, azaldu du Zorroagako zuzendari Mikel Agirrezabalek). Errotazio indizea oso altua da, % 50ekoa. Azken 12 hilabeteetan okupazio maila baxuagoa izan da, baina hala ere %98,35ekoa da. Gaur egun, badirudi ez dagoela eskaerarik (2005etik 2015era bitartean %100ekoa izaten zen). “Beren etxeetan bizi diren pertsonak dira; guk jaso, eta 09:00etatik 18:30era bitartean gurekin egoten dira; gero etxera itzultzen dira eta han beren familiek zaintzen dituzte. Hori da, hain zuzen ere, nabarmendu beharrekoa eta sarritan behar bezala azpimarratzen ez dena: familiaren eta eguneko zentroaren arteko lankidetza hori, ezinbestekoa baita pertsona horiek zaintzeko, eta beren etxean, beren auzoan bizitzen jarraitu ahal izateko” azpimarratu du Agirrezabalek.
Beste alde batetik, Ernio eraikinean, 67 pertsona bizi dira, autonomoak zein mendetasun moderatua dutenak (I gradua). Eta eraikin berean Ganbara unitatea dago. Tutoretzapeko 17 apartamentu dira, udalaren eskumenekoak, eta 27 plaza dituzte.
Azkenik, Gipuzkoako gizartearen zahartzea dela eta, diputatu nagusiak adierazi duenez, "Gipuzkoan erronka horri estrategia integral batekin egin diogu aurre, eta besteak beste, 300 plaza gehiago sortuko ditugu legealdi bukaera arte, horrela egoitzetan plaza eskatu duten pertsonen itxaron zerrenda murriztuz joateko". Oraingoz, 141 plaza berri sortu dira, eta aurten, gutxienez, beste 68 sortuko dira. Halaber, Foru Aldundiak aurten ia 60 milioi euro gastatuko ditu mendekotasunerako prestazioetan (gaur egun 16.000 pertsonek jasotzen dute prestazio hori). Maite Peñak gogorarazi du Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, Foru Aldundia egoitza bat irekitzekoa dela Pasaian, “zahartzaroaren eta osasunaren arloan punta-puntakoa izango dena, eta laguntza zerbitzuak hobetzeko prozesu berriak aztertuko dituena”. "Aurki proiektu esperimental bat jarriko dugu abian etxeko laguntza zerbitzua indartzeko, inolako zalantzarik gabe, ikerketa eta berrikuntza teknologikoa ezinbestekoak baitira gizarte politiketan aurrera egiteko eta zahartzaroak dakarren erronkari arrakastaz erantzuteko”, adierazi du.
Ezinbestekoa da udalekin lankidetzan aritzea adinekoen arretarako behar diren baliabide guztiak garatzeko
2101