Breadcrumb

Asset Publisher

Back Markel Olanok bere atsekabea adierazi du Bidasoan hildako pertsona migratzailearen heriotza dela eta

Markel Olanok bere atsekabea adierazi du Bidasoan hildako pertsona migratzailearen heriotza dela eta

“Gertakari dramatiko hau bidegabekeria egoera baten ondorio zuzena da, eta ezin gara besoak gurutzatuta egon”, adierazi du diputatu nagusiak

2021/08/08

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak "atsekaberik handiena" agertu du Bidasoako uretan Frantziara iritsi nahian zebilela itota hil den pertsona migratzailearen heriotzaren aurrean. "Hilabete gutxiren buruan" egoera berean hildako bigarren pertsona dela gogorarazi du Olanok. "Hain dramatikoa den gertaera hau injustizia egoera baten ondorio zuzena da, eta ezin gara besoak gurutzatuta egon horren aurrean. Gipuzkoa beti izan da lurralde solidarioa, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen aurrean sentikorra, eta heriotza honek tristura eta sumindura handiak eragiten dizkigu".

Foru Aldundiko arduradun nagusiak nabarmendu duenez, "beharrezkoa da konpromiso partekatu bat, hain gertakari gogor eta mingarriak ez errepikatzeko, ez Euskadin, ez Estatuan, ezta Europa osoan ere. Migratzaileen errealitateari giza eskubideen, elkartasunaren eta giza duintasunaren errespetu zorrotzenetik heldu behar zaio. Eta horrek borondate politiko irmoa eskatzen du, maila instituzional guztietan, bidean diren pertsonek bizi duten egoerari erantzuteko, baina baita egiturazko neurriak hartzeko ere, pertsona horiek etorkizun baten bila beren bizitza arriskuan jarri behar ez izateko".

Aldundiak lanean jarraitzen du gainerako erakundeekin, ezbeharraren nondik norakoak argitzeko. Olanok eskertu egin du zendutako pertsonaren erreskatean parte hartu duten Gipuzkoako suhiltzaileen eta beste larrialdi zerbitzu guztien lana, eta "hurbiltasuna eta elkartasuna" adierazi dizkie haren senitartekoei eta "berarekin zegoen pertsonari". Azkenik, Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin, udalekin eta gizarte eragileekin elkarlanean jarraituko duela ziurtatu du, "migratzaileen errealitateari ahalik eta erantzun onena eta gizatiarrena emateko".

 

Donostian, 2021eko abuztuaren 8an

  

1473