Breadcrumb

Asset Publisher

Back Markel Olanok lehen sektorearen papera aldarrikatu du, “oreka berdean” oinarritutako etorkizuna eraikitzeko garaian

Markel Olanok lehen sektorearen papera aldarrikatu du, “oreka berdean” oinarritutako etorkizuna eraikitzeko garaian

500 pertsona baino gehiago bildu dira Gure Lurra Kongresuaren bosgarren edizioan; hizlarien artean izan dira Pepe Mújica, Mario Picazo eta Xevi Verdaguer, sektoreko hainbat eragilerekin batera.

Talde argazkia, irekieran.

500 lagun baino gehiago elkartu dira gaur ‘Gure Lurra – Sembrando Futuro’ Kongresuaren bosgarren edizioan. Foru Aldundiak bultzatutako ekimena dugu, lehen sektorearen errealitatea herritarrengana hurbiltzeko eta Gipuzkoaren ongizaterako duen beharraz kontzientziatzeko. Baserritarrek, adituek, sektoreko eragileek, erakundeetako ordezkariek, ospe handiko adituek eta herritarrek baserritarren lanari eta etorkizun jasangarriago bat bilatzeko duten garrantziari buruzko gogoetak eta esperientziak partekatu dituzte. ‘Baserria, gure orekaren giltzarria’ izenburupean, Kongresuak lehen sektorearen eta elikadura sistemaren papera jorratu du, tokiko esparrutik klima aldaketa bezalako erronka globalari erantzuteko.

Irekiera ekitaldian, Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu du “Gipuzkoako paisaia baserritarrek mendeetan zehar egindako zaintzaren eta lanaren emaitza dela. Gaur egun, ingurumenarekiko kezkak eta klima-aldaketaren erronkak are gehiago behartzen gaituzte oreka bilatzera. Oreka horrek mendiaren eta naturaren gozamena bermatuko du, baina baita etorkizuneko belaunaldientzako kontserbazioa ere. Tokiko produktuak, kalitatezkoak eta osasungarriak kontsumitzearen eta produktu horien ekoizpen-ereduaren arteko oreka. Oreka horrek lagunduko digu klimaren inpaktuak murrizten eta gure nortasuna, garena, mantentzen eta babesten. Eta landa-eremuen eta hiriguneen artean ongizate eta bizi-kalitate maila bera sustatzen jarraitzera eraman behar gaitu, baita ere”.

Diputatu nagusiaren arabera, “lehen sektorea historikoki gure landa-ekonomiaren zutabe izan da, eta orain aldarrikatzen dugun oreka berde horren funtsezko zutabe bihurtu behar da momento honetan. Baserriaren goraldia praktika eta laborantza propioen eta inportatuen emaitza izan zen bezala, gaur egungo egoeran funtsezkoa da jarduera hau berrasmatzea eta jarraipena bermatzea. Talentua, prestakuntza eta ideia berriak dituzten pertsonak erakarri behar ditugu, sektorearen errealitate berrira egokituko direnak, etorkizuneko baserria betidanik ezagutu dugunaren oso bestelakoa izango baita”.

Ildo horretan, Olanok berretsi egin du Aldundiak esparru hori bultzatzeko politikekin duen “konpromisoari” eutsiko diola; izan ere, landa-garapenera eta natura-ingurunearen kudeaketa eta zaintzara bideratutako partidak 42 milioi inguru dira, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailaren aurrekontuaren “ia herena”. “Konpromiso hori epe laburrean gauzatzen da, krisiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko laguntzetan, hala nola esnetarako eta haragitarako behien azpisektoreari, aurten 2 milioi baino gehiago baitira. Baina baita etorkizunari begira sektorearen oinarri berritzaileak ezarri nahi dituzten proiektuak lantzen ari gara aldi berean”. Besteak beste, Gaztenek Berri programa aipatu du, 306 gazteri enpresa-proiektuak abian jartzeko aukera eman diena; Basotik Fundazioa, basoen kudeaketan “mugarria” ezarriko duena; eta baita, Etorkizuna Eraikizen esparruan, elikadura jasangarriaren edo baserriko jardueraren dibertsifikazio profesionalaren esparruan eragin nahi duten ekimenak ere.

Hiru ardatz nagusi

Lehenengo blokean Pepe Mújica Uruguaiko presidente ohia izan da protagonista, eta Xabier Euzkitze kazetariak elkarrizketa egin dio. Mujikak bere iritzia eman du gizarte-intereseko gaiei buruz, hala nola kontsumo arduratsuari buruz edo klima-aldaketaren aurkako borrokaren garrantziari buruz, bai eta lehen sektorearekin duen lotura bereziari buruz ere; izan ere, bere garaian Nekazaritza ministro izateaz gain, landa-eremuan bizitzen eta lurra lantzen jarraitzen du goizero, 87 urterekin.

“Ez daukagu Lurrarik, Lurrak gu gaitu. Azkar urbanizatzen ari den mundu honetan, hirian eta landa-ingurunean gertatzen denaren arteko distantzia intelektuala murriztu behar dugu; izan ere, nekazaririk edo itsasoko langilerik ez badago, ez dago jatekorik, eta oraingoz ez da horren ordezkorik asmatu”, adierazi du Mújicak, eta klima-aldaketa ere izan du hizpide. “Zientziak aspaldi ohartarazi zuen horretaz, baina goi mailako politikak huts egin zuen, ez zen kemenik izan mundu mailan beharrezko erabakiak hartzeko. Gizateria planetaren oreketan eragiten duen fenomeno bihurtu da, eta hori berrikuntza historikoa da. Zentzugabea da hori ukatzea”.

Uruguaiko presidente izandakoak ohartarazi duenez, “norabide hori zuzentzeko gai ez bagara, naturak kostu mingotsa kobratuko digu. Bizitzaren orekak oso konplexuak dira, eta horiei eragiteak sekulako efektu katea sor dezake, hala nola hondamendiak edo eskasia. Oreka horiek errespetatuz bizitzen ikasi behar dugu, eta horrek xahutzearen eta desberdintasunaren kultura aldatzea dakar, ez baita jasangarria. Aurrean dugun erronkaren mailan egon behar dugu”. Ondoren, Basa-Lore Txakolindegiko Nerea Lazkanok baserrien egiturari eta egiten duten lanaren dibertsifikazioari buruz hitz egin du, eta Gaztenek programaren onuradun diren gazte ekintzaileek baserrian duten esperientzia eta egunerokoa azaldu dute.

Bigarren blokeak ‘Ingurune jasangarri baten bila’ izenburua du, eta Mario Picazo meteorologoak parte hartu du, 15 urtez Telecinco albistegietako meteorologia buru eta klima aldaketari buruzko hiru libururen egilea. “Iraunkortasunarekin gero eta konpromiso handiagoa duen gizartea, batez ere elikadurarekin lotutako baliabideen ustiapenaren sektoreari dagokionez. Horrek konfiantza ematen dit”, esan du Picazok. Basotik, Gipuzkoako basoak modu jasangarrian kudeatzeko Aldundiak sortutako fundazioa, izan da blokearen bigarren zatiaren ardatza. Jon Ander Ostolaza fundazioko zuzendaria eta Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaria elkarrizketatu dituzte, eta mahai-inguru batean parte hartu dute Ane Amondarain (basoen jabea), Gorka Altuna (HAZI), Jalel Labidi (UPV/EHU) eta Ibon Anterorekin batera (Mondragon Korporazioa). Hainbat ikuspegitatik aztertu dituzte Basotik-ek ekarriko dituen onurak: basoen zatiketari eta abandonuari aurre egitea, klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzea eta sektorea indartzea, besteak beste.

Hirugarren eta azken blokea elikadura jasangarriari buruzkoa izan da, eta Xevi Verdaguer psikoneuroinmunologoak, dibulgatzaile zientifikoak, nutrizionistak eta fisioterapeutak parte hartu du. Elikaduraren bidez bizitza osasungarria izateko hainbat gako eman ditu, hartzen dugunaren eta osasun osoan duen eraginaren arteko harremana modu enpiriko eta sakonean ezagutaraziz. Hesteetako osasuna eta mikrobioa hobetzeko jarraibideak eman ditu. Haren esanetan, alor hori zaintzeak “ez du inolako dietarik, ahaleginik edo sakrifiziorik eskatzen pertsonarentzat, baizik eta kontzientzia hartzea eta bizi-ohiturak hobetzea. Ildo horretan, hurbiltasuneko eta 0 kilometroko produktuen kontsumoa ezaugarri duen elikadura ezinbesteko aliatua da”.

Kongresuaren amaieran, ‘Elikadura Jasangarria’ misioari buruzko atal bat egin da. Proiektu hori Etorkizuna Eraikizen esparruan garatu da, eta Gipuzkoa arlo horren abangoardian jartzea du helburu, ekoizpen, eraldaketa eta banaketa modu eraginkorragoak bultzatuz eta kontsumo arduratsuagoa sustatuz, ingurumen, ekonomia eta gizarte mailan eragin positiboa sortuz. Aldundiko, Neikerreko, Elikerreko eta Aztiko arduradunek ekimenaren nondik norakoak azaldu dituzte. Itxiera instituzionala Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak egin du.

Kongresuaren bosgarren edizioa da, eta, aurreko legealdian abian jarri zenetik, Rigoberta Menchú, Toni Nadal, Odile Rodríguez de la Fuente, Jesús Calleja, Nel Cañedo, Alberto Iñurrategi eta Aitor Sánchezen mailako hizlariek parte hartu dute.

  

4763